Sinesteko motiboekin

Zeanuriko Joko Alaik eta Ultzamako Buruzgainek egin dute aurrera Berria Txapelketan, eta Hernani eta Tolosa izango dituzte aurkari

Urigoitia Joko Alaiko gazte mailako aurrelaria, eskuinez pilota astintzen, Zeanuriko pilotalekuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon eskudero
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Broma gutxirekin ekin diete XV. Berria Txapelketari Zeanuriko Joko Alai eta Ultzamako Buruzgain pilota elkarteek. Biak ala biak hirutik hiru partidak irabazita sailkatu dira final-zortzirenetarako, eta erakutsi dute badituztela motiboak urrun irits daitezkeela sinesteko. Joko Alaik Hernani izango du aurkari hurrengo fasean, eta Buruzgainek, Tolosa.

ZEANURIN

Joko Alai 3 - Aloña Mendi 0

Lehen parte hartzea du Berria Txapelketan Joko Alai Zeanuriko taldeak, eta ezin hobeto abiatu zuen ibilbidea ostiral iluntzez, etxean. Lehen partidatik hasita, daukan talde indartsuaren berri eman zuen. Besteak beste, Euskal Herriko txapeldunordeak kantxaratu zituen kadete mailan, eta Erkiaga II.ak eta Olivaresek ez zuten hutsik egin. Oso erraz, 22-2 menderatu zituzten Azkarate eta Loiti oñatiarrak. Erkiaga II.a aurrelaria izan zen ona, era guztietako tantoak egin baitzituen. Etorkizun oparoa du.

Gazte mailako partidak ere bide beretik jo zuen. Hasiera nahiko gogorra izan zen, Oñatiko Perez eta Perezek sendotasun handia azaldu zuten arte. 5-8 egon zen partida, baina, handik aurrera, etxekoak gehiago izan ziren. Erkiaga I.a bere onera etorri zen bezala tantoak etxekoen alde joan ziren, eta azkenerako 22-8 amaitu zen lehia. Urigoitia Zeanuriko aurrelariak distiratsu jokatu zuen partidaren bigarren zatian.

Bada, dena erabakita zegoela kantxaratu ziren nagusien mailan Biain eta Eskalero gipuzkoarrak eta Mendia eta Beobide bizkaitarrak, eta jaialdiko partidarik onena jokatu zuten. Esperientzia lagun, Beobide nagusi izan zen atzeko koadroetan, baina Eskalerok txukun eutsi zion, eta aukera zuen bakoitzean tantoak bikain amaitu zituen Biainek. Zukua atera zuen ahal zuen tokitik, eta hari esker egon zen orekatua partida erdira arte. Handik aurrera, Beobidek are nagusitasun handiagoa erakutsi zuen, bistan geratu zen zergatik aritu zen Asegarcen urte batzuez, eta oñatiarrek amore eman behar izan zuten (22-15).

HERNANIN

Buruzgain 3 - EPLE 0

Igande goizez, nagusitasun berarekin irabazi zuen Ultzamako Burzugainek Errenteriako EPLE-ren aurka. Kasu honetan, gipuzkoarrek ere lehen parte hartzea zuten txapelketan, baina ez zuten ezusterik eman. Kadeteetan, gogor abiatu zen partida, eta erdira arte zaila izan zen igartzen nork irabaziko zuen. Gerendiain eta Elizondo nafarrek joa erakutsi zuten, baina defentsan sendo aritu ziren Migeltorena eta Camara errenteriarrak (8-7). Nekeagatik edo, bukaeran behera egin zuen Camarak, eta garaipen erosoa lortu zuten ultzamarrek (22-11).

Emaitza bera izan zen gazteen arteko partidan, baina errazago irabazi zuten nafarrek, ez baitzuten hainbeste lan egin behar izan. Arce atzelaria oso nagusi izan zen piloteoan, eta Lopez de Zubiriak ere ondo amaitu zituen tantoak. Erostarbe eta Aranburuk zuten guztia eman zuten kantxan, eta lanari esker 11 tanto egin zituzten. Halere, dezenteko aldea nabaritu zen bi bikoteen artean.

Hala, dena erabakita zegoen nagusien dema hasterako. Espero izatekoa zen jaialdiko neurketarik orekatuena haiek jokatuko zutela. Otxandorena eta Sarasa nafarrak hobeto hasi ziren, 8-1 aurreratuta. Ez zuten etsi Jauregi eta Aranburu gipuzkoarrek, eta, defentsa bikainari esker, hamahiruna jarri zuten lehia. Ordurako, latz gogortua zegoen partida. Bigarren zatian, Sarasak gogotik astindu zuen pilota, baina Otxandorenak opari gehiegi egin zituen aurrean, eta hori baliatu zuten Jauregik eta Aranburuk bukaerara bizirik ailegatzeko. Azken txanpan, gehiago izan ziren Buruzgaingoak, eta 22-19 irabazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.