Urriza da gainditu beharrekoa

Larunbatean hasiko da erremonteko buruz buruko finalerdietako ligaxka. Egungo txapelduna da faborito. Endika eta Ezkurra II.a ariko dira azken txartelaren bila, bihar

Ezkerretik eskuinera, Xabier Azpiroz, Javier Urriza eta Endika Barrenetxea, txapelketaren aurkezpen ekitaldian. J. U. / FOKU.
Hernani
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Erremontean txapel preziaturik bada, hori buruz burukoa da. Hori dela eta, erremontistentzat eta erremontezaleentzat, hilabete garrantzitsuak dira abuztua eta iraila. Banakako txapelketa azken fasera iritsi da, eta Galarreta pilotalekua prest dago goi mailako partidak hartzeko. 54 metro luzeko kantxan, aurrez aurre izango dira punta-puntako zenbait pilotari. Endika Barrenetxeak, Javier Urrizak eta Xanti Utergak ziurtatua dute lekua finalerdietako ligaxkan. Laugarrena, aldiz, erabakitzeko dago oraindik: bihar osatuko da laukotea, eta Endika Urrutia eta Josetxo Ezkurra izango dira sailkatzeko borrokan.

Txapelketa faserik ikusgarrienera heldu da orain, baina lehia uztailaren 14an hasi zen. Hemezortzi lagun aritu dira finalerako gelditzen den txartel bakarraren bila. Lehen eta bigarren fasean, agur esan behar izan zioten txapelketari, besteak beste, Aldabek, Garcesek, Juaneneak eta Segurolak. Azpiroz ere txapelketaren bigarren fasean sartu zen lehiara. Aurrena Juanenea kanporatu zuen; jarraian, Anso II.a. Atzo, ordea, Endikak zazpuztu zuen Azpirozentzat «amets bat» zena: 30 eta 25 nagusitu zitzaion Endika. Azken ligaxkan sartzea bihar egongo da jokoan, Endikaren eta Ezkurra II.aren artean. Iaz, Ezkurrak kanporatu zuen Endika. Partida Galarretan izango da, arratsaldeko lauretan.

Azken ligaxka larunbatean hasiko da, eta denek denen aurka jokatu beharko dute, itzuli bakarrean. Partidak larunbatetan eta astearteetan izango dira. Puntuazio sistema honek erabakiko du sailkapena: partida irabazten duenak lau puntu lortuko ditu; 27 eta 29 tanto artean egiten dituenak, bi puntu; 24 eta 26 artean egiten dituenak, bat; eta 24 tanto baino gutxiago egiten dituenak ez du punturik jasoko. Puntu gehien lortzen duena zuzenean sailkatuko da finalerako. Bigarren eta hirugarren sailkatuek irailaren 1ean jokatuko dute finalaurrekoa. Finala, berriz, irailaren 8an izango da, larunbatarekin.

Urriza, seigarrenaren bila

2018ko buruz buruko txapela irabazteko faborito nagusia Urriza da. Iruindarrak bost txapel ditu, azken laurak erreskadan irabazita, gainera. Sei finaletan izan da, eta bakarra galdu du. Lehian daudenen artean, txapel gehien duen erremontista da. Buruz buruko txapel kopuruan, Koteto Ezkurra soilik du aurretik, 11 txapelekin. Urrizaren ustez, buruz burukoa da «fisikoki eta psikologikoki» txapelketarik «gogorrena». Adinean aurrera badoa ere —37 urte ditu—, «ilusioz» ekingo dio aurtengo erronkari. Faborito etiketa gainean darama; Urrizak, baina, «indartsu» ikusten ditu gazteak.

Barrenetxea IV.ak ahalegina egingo du 2016ko finalean lortu ez zuena lortzeko. Txapeldunorde izan zen, Urrizaren aurka 30 eta 21 galduta. Hernaniarrak orain ikusten dizkio Urrizari hasieran antzeman ezin izan zizkion «zulo batzuk». Haiek aprobetxatzen ahaleginduko da buruz buruko txapela aurreneko aldiz janzteko. Horrez gain, ligaxkan partida denak irabazteak duen garrantzia ere azpimarratu zuen. Harentzat, finalera zuzenean sartzea «opari» bat litzateke, «freskoago» iristeko aukera ematen baitu. Utergak ere bere lehen txapela lortzeko aukera du. 2015. eta 2017. urteetan hurbil bezain urrun izan zuen txapela: bietan, Urrizak menderatu zuen finalean. Lehenengoan, 30-20, eta iazkoan, 30-19.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.