Saudi Arabiako printzearen iritziz, Khaxoggirena krimen «ankerra» da

Europako Batasunak «erantzun komuna» emango du, ikerketaren «xehetasunak» jakin ostean. Espainia eta Frantzia daude Riadi arma gehien saltzen dieten estatuen artean

Ander Perez Zala -

2018ko urriak 25
Egunotan Saudi Arabian egiten ari diren FII Etorkizuneko Inbertsio Ekimenak zeresan handiagoa eman du hilabete hasieratik, Saudi Arabiako printze eta erregegai Mohammed bin Salmanek aukera izango baitzuen lehenengoz mintzatzeko Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarraren hilketaz. Hasiera ekitaldian, herenegun, Bin Salmanek ez zuen hitza hartu, baina lehen lerroan eseri zen, eta, ekitaldiak aurrera egin ahala, 43.878 milioi euroren akordioak eta proiektuak adostu zituen inbertsiogileekin. Arrastorik ez, ordea, kazetariaren hilketaz; bai, aldiz, atzo, Saudi Arabiako printzeak hitza hartu zuenean. Deseroso ageri zen: adierazi zuen Khaxoggirena krimen «ankerra» izan zela, haren herrialdearentzat «mingarria», eta zin egin zuen justizia «beteko» dela. Urduri, deseroso egon arren, ez zuen presiopean zegoen sentsaziorik transmititu; izan ere, Ekialde Hurbila «munduko lider» bilakatzeko asmoa duela adieraztean, txalo zaparrada jaso zuen, eta FII espero bezala iragan zen.

Saudi Arabiak joan den ostiralean onartu zuen Khaxoggi Istanbulgo kontsuletxean hil zela, xehetasun gehiago eman gabe; fiskaltzaren oharraren arabera, «eraikinean zeuden pertsona batzuekin borrokatu ostean» hil zen. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, aldiz, beste bertsio baten berri eman zuen atzo: kazetaria «modu basatian» hil zuten, eta haren heriotza «aldez aurretik planifikatu» zuten; planifikazio lanetan parte hartua izango zen, beraz, Saudi Arabiako printzea. Akusazio horiek egin arren, Bin Salmanek adierazi zuen ez dituela Turkiarekin dituen harremanak etengo.

Estatu kideak

EB Europako Batasuneko 28 estatu kideek, bien bitartean, «erantzun komuna» emango dute Khaxoggiren hilketaren kasuan. Oraingoz, ordea, ikerketaren «garapenaren eta xehetasunen» zain daude, eta horren araberako erreakzioa izango dute talde komunitarioko agintariek, Europako Batzordearen Atzerri gaietarako eledun Maja Kocijancicek atzo baieztatu zuenez. «EBren erreakzioa agintari saudiarabiarrek emango dituzten hurrengo pausoen araberakoa izango da», adierazi zuen Kocijancicek.

Besteak beste, hartu-eman horien artean dago armen salmenta. Gaiaz EBn eginiko azken txostenaren arabera —2016ko datuei buruzkoa—, hamabost herrialdek saldu zizkioten armak Riadi: Alemaniak, Austriak, Belgikak, Bulgariak, Txekiak, Danimarkak, Erresuma Batuak, Espainiak, Finlandiak, Frantziak, Herbehereek, Italiak, Poloniak eta Suediak.

Oraingoz, herrialde gutxi batzuek eman dute salmenta horiek eteteko pausoa, edo, gutxienez, aukera mahai gainean jartzeko asmoa azaldu. Alemania da estatu kide horietako bat; akordioak sinatuta daude, baina armak oraindik bidali ez dituztenez, gobernua ez da ziur horiekin zer egin. Badirudi, oraingoz bada ere, ikerketa amaitu arte eten egingo dituztela arma salmentak.

Erabaki hori ez, baina Erresuma Batuak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek atzo jakinarazi zuten bisak kendu dizkietela ustez Khaxoggiren hilketan parte hartu zuten saudiarabiarrei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna