Bigarren kanpalekuaren bila

Espainiako Kopako final-zortzirenetako joanekoa jokatuko du gaur Realak, Betisen zelaian. Imanolek esan du «lehiatzera» irtengo direla, zein txapelketa den kontuan hartu gabe

Mikel Oiartzabal eta Marc Bartra, lehian, Realak eta Betisek ligan Sevillan jokatutako partidan. RAUL CARO CADENAS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Zortzimilako mendi baten gisakoa da Espainiako Kopa Realarentzat. Ilusio handiz ekin dio azken urteetan, lorpen handi bat lortzeko peskizan, baina tontorrera iritsi gabe amaitu behar izan du 1987tik egindako saiakera bakoitza. Urte hartan txapeldun izan zen, eta bandera txuri-urdina jarri zuen txapelketaren gailurrean. Hurrengo urtean ere lortu zuen ia, finalera iritsita, baina taldearen ikurra gorenean jarri gabe etxeratu ziren donostiarrak.

Ordutik, hutsal aritu dira donostiarrak aldi gehienetan. 2013-2014ko sasoia da salbuespena; finalerdietara iritsi ziren orduan. Alabaina, gehienetan beheko kanpalekuan geratu dira, aurrera egin ezinik. Aurreko sasoian ere antzekoa gertatu zitzaien, Bigarren B Mailako Lleidak kaleratu baitzituen, Anoetan irabazita.

Sasoi honetan jada atzean utzi du lehendabiziko kanpaleku madarikatua, Celta kanporatuta, eta bigarren kanpalekura heltzeko espedizioari ekingo dio gaur. Betisen aurkako kanporaketa gainditu beharko du horretarako. Espainiarrek ere xede bera dute, eta bakarrarentzat dago lekua. Ondoen moldatzen denarentzat izango da.

Realak etxetik kanpora ekingo dio erronkari. Hasteko, eguraldia lagun dute; abendu hondarreko ekaitza igaro da, eta Santiago Bernabeuko garaipenak eguzkia ekarri die donostiarrei. Haren berotasuna baliatu nahi dute Betis kanporatzeko. Ez da erraza izango; aurkari indartsua da, eta Realak adinako gosea du txapelketan aurrera egiteko. Ondo daki hori Imanol Alguacilek: «Betisek ez du aldatuko jokatzeko era, atzetik aterako dute baloia. Gure aukerak hautatu beharko ditugu, geure proposamenarekin asmatu, eta haien gabeziak baliatu, badituzte eta», esan zuen atzo.

Sangalli deialdian dago

Madrilen aurkako garaipenaren eguteran daude txuri-urdinak, baina horrek eraginik ez izatea nahi du Imanolek: «Partida bat irabazi dugu, eta Bernabeun izan da, baina asko geratzen da». Alde horretatik, esan zuen partida guztiak direla garrantzitsuak, baita gaurkoa ere: «Ez Kopa delako eta urteak daramatzagulako ezer egin gabe, ikur bat defendatzen dugulako baizik. Lehiatzera irtengo gara, zein txapelketa den kontuan hartu gabe». Hala, jokatzeko prest dauden jokalari guztiak sartu ditu deialdian, baita Luca Sangalli ere. Jada osatu da, urriaren 31n iktus bat izan ostean.

Hala egingo du aurkariak ere. Lehen kanporaketa aise gainditu zuen Betisek. Racing izan zuen aurkari, eta bi taldeen arteko aldea nabaritu egin zen: 5-0 nagusitu zen. Alabaina, ligako azken jardunaldiko porrotak hautsak harrotu ditu. Espainiarrek galdu egin zuten Huesca azken sailkatuaren aurka (2-1), eta horrek kritika sorta ekarri dio Setienek prestatutako taldeari. Aurkariak duen giro apur bat nahasia aprobetxatu nahi du Realak bere tontorrerako bidean jarraitzeko.

BETIS-REALA

Betis. Joel; Barragan, Bartra, Feddal, Mandi, Tello; Javi Garcia, Guardado, Lo Celso; Joaquin eta Loren.

Reala. Rulli; Zaldua, Diego Llorente, Le Normand, Theo; Zubeldia, Illarramendi, Zurutuza; Oiartzabal, Januzaj eta Juanmi.

Epailea. Jaime Latre.

Lekua. Benito Villamarin (60.721 ikusle).

Ordua. 20:30 (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.