Arrauna. Kontxako Bandera

Eguzkia ezkutatu baino lehen

Arraun Lagunak taldeak denboraldiko azken astea du hau, eta BERRIA haiekin egon da Kontxan aritu osteko lehen lan saioan, itsaso zakarrean egindako lanari jarraitzen.

Arraun Lagunak-eko trainerua, herenegun, Kontxako Badian egindako entrenamendu saioan. AITOR MANTEROLA.
Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Astelehena beti astelehen, baita arraunlarientzat ere, nahiz eta Kontxako Banderaren astean egon. Iluntzea badator, eta ez da ordutegi kontua soilik: udak azkena du laster, eta eguzkia poparean bezala doa ezkutatzera, bizi asko. Biribilak ez du ertzik eta muturrik, baina, eduki balu bezala, eguzkiaren aurrealdea Donostiako Ondarretako etxeen atzean ezkutatzear da, popa altxatuta duen bitartean.

Arraun Lagunak izena estropadetako arropetan dotore jarrita dutela azaldu dira kaiko gainaldean talde horretako arraunlariak. 18:30ak jo berriak dira, eta asteko lehen entrenamendua egiteko zain daude. Ez da edozein astelehen, denak antzekoak badira ere. Bezperan, arraunlari horiek bigarren egin zuten Kontxako Banderaren lehen jardunaldian, eta Orio sei segundora baino ez daukate. Hala ere, hiriko eta arraun munduko estropadarik preziatuena irabazteko aukerak dituzten arren, aurpegietan ez zaie antzematen gertu ikusten dutenik datorren igandea. Bezperako neke, tentsio eta urduritasunen zama handia da oraindik, eta arraunlariek badakite astelehenarekin osatuko dutela astea: errekuperazio lana daukate zain.

Lugañene trainerua bizkarrean hartu eta arrapala ezagunerainoko tartean dauden metroak egin aurretik, egoitza txikiaren goialdera igo dira arraunlariak. «Igandeko sei segundoko aldeari segundo bat kentzen gaurtik hasi behar dugu», esan du Imanol Garcia prestatzaile fisikoak. Solasaldi psikologikoak luze samar jo du, eta halako batean jaitsi dira arraunlariak. Trainerua bizkarrean hartu, eta badoaz arrapalara.

Bitartean, Ekain Iriarte entrenatzaileetako bat motordun ontziarekin azaldu da egoitzaren azpira, Itziar Eguren presidentea eta Luis Fernandez klubeko laguntzaile fina ontzikide dituela. BERRIAri lekua egin, eta itsasoratzear gaudela, albiste iluna arrapalatik: trainerua sorbalda gainera erori eta min hartu du Aida Carro arraunlari galiziarrak. «Begiratu zer duen, eta osatu trainerua. Bagoaz», agindu du Iriartek. Bagoaz trainerua eta motordun ontzia hantxe bertan dagoen itsasorantz: «Zakarra eta zikina dago gaur». Ados dira denak. Iriartek arraunlariek zer lan egin behar duten azaldu du: «Errekuperazio lana izango da, lan teknikoa, fisikoa baino gehiago. Azken batean, arlo horretako lan guztiak aspaldi daude eginak, eta orain helburua da txisparekin iristea igandera».

Iriarteren nahia ere bada «bizkarreko eta gerrietako minetatik daudenei atseden ematea». Hala egiten ari dira, baina Lugañene-ko arraunlariek arrisku handia dute minberatuta bukatzeko. «Nazkagarri dago itsasoa», esan du entrenatzaileak. Hala ere, lana osatu behar dute, eta badoa trainerua olatuen kontra, brankaz, hasi bai baina azkarregi amaitzen diren olatu petralekin talka eginez. «Andrea! [Astudillo, patroia], eraman trainerua hirugarren kalera», agindu dio Iriartek.

Kolpea kolpeari lotuz, traineruaren azpialdea handiak hartzen ari da itsaso haserretuaren aurka, eta jakina, baita arraunlarien gerriak eta bizkarrak ere. «Ez da oso atsegina izan gaurkoa», onartuko du lanak amaitu ondoren, lehorrean, Amaia Sexmilo arraunlariak. 22 pala kolpera doaz, gutxi minutu batean joak izateko, baina ez da egunik egokiena bizi joateko. «Orekatu trainerua, kalka istriborrekoek», ari da oihukatzen Iriarte, itsasoak ontzia balantza betean jartzen baitu. Iritsi dira nesken estropadako ziabogetara, han baitaude oraindik, banderarik gabe, baina hantxe. Atzera begiratu eta oso urruti ikusten da Kontxako hondartza. Ziabogan ontzia biratu, eta popareko lanari ekin diote patroiak eta arraunlariek. Gustagarriago behar du izan, baina narrasa dago itsasoa, baliatu ezin diren olatu aldrebesekin.

«Iganderako ilusioarekin»

Lan saioak jarraitu egin du, eta tartean motordun ontzia kai barrura ere sartu da. Iriarteren lekua Patxi Olabek bete du, beste entrenatzaileak. Ontziaren albora gerturatu, eta agindua eman dio Astudillori, ez irteteko asko kanpora. Badia barruan bukatu dute saioa, «iganderako ilusioarekin, sustoa emateko prest Oriori», Sexmilok dioenez.

Eguzkia ia erabat ezkutatu da Ondarretako etxeen atzean, baina bizirik duen zatitxoak badu indarrik oraindik. Arraun Lagunak-ekoek ere badute indarrik Orio gainditzeko eta haien hirian aurrenak izateko, eguzkia ezkutatu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.