Ukrainako auzian «eroskeria» egotzi diote demokratek Trumpi

AEBen Ukrainako enbaxadorearen arabera, Donald Trumpek mehatxu egin zuen laguntza militarra izoztuko zuela baldin eta ikerketa bat hasten ez bazuten Joe Bidenen familiari buruz

Arantxa Elizegi Egilegor - Paulo Ostolaza
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bada hilabete AEBetan Donald Trump presidentearen aurkako impeachment-a edo auzibidea hasi zutela. Baina, orain arte, lekuko guztiek ateak itxita deklaratu dute, eta errepublikanoek lortu dute auzia lehen lerrotik urruntzea. Herenegun, ordea, jendaurrean ez ezik, komunikabideen bitartez ere kasu egin ahal izan zioten auziari estatubatuarrek.

Horietan oinarrituta, Ordezkarien Ganberako presidenteak, Nancy Pelosik frogatutzat jo du Trumpek «eroskeria delitua» egin zuela, Ukrainari laguntza militarra emateko baldintza gisa Joe Bidenen inguruko ikerketa zabaltzea jarri zuenean. «Lekukotzek argi utzi dute presidentea bere botereaz baliatu zela eta mehatxu egin zuela laguntza militarra etetearekin».

Bik deklaratu dute dira jendaurreko lehen saioan. Zer esan gehien, baina, AEBek Ukrainan zuten bitarteko enbaxadoreak eragin du, Bill Taylorrek. Hark, besteak beste, uztailaren 26an Kieveko jatetxe batean izandako telefono dei batez jardun zuen. Azaldu duenez, Trump eta Gordon Sondland Europako Batasuneko AEBen enbaxadorearen arteko dei batean, Trumpek «ikerketengatik» galdetu ziola entzun zuen Taylorren taldeko kide batek —David Holmesek—. Deia amaitzean, presidenteak Ukrainari buruz zuen iritziaz galdetu zion Holmesek Sondlandi, eta enbaxadoreak argi erantzun zion: Trumpi gehien axola zitzaiona Bideni buruzko ikerketa zen. Trumpen abokatu pertsonal Rudy Giuliani presio egiten ari zela ere aitortu zion.

Ez da lehen aldia Taylorrek hori bera aitortzen duena, baina bai herritarrek haren lekukotza zuzenean entzuteko aukera dutena. Izan ere, AEBetako presidentetzarako hauteskundeetarako urtebete falta delarik, demokraten arma nagusia da auzibidea.

Demokraten estrategia

Errusiak 2016ko bozetan ustez izandako esku hartzea frogatzeko helburuz abiatutako galdeketaren kasuan ez bezala, oraingoan lekukoek argi hitz egin dute. Ordu hartan ez bezala, gainera, auzia ohiko lehia politikotik at kokatzea lortu du demokraten lekukoak. Izan ere, Taylorren esanetan, Trumpen administrazioak laguntza «bahitua» zuen bitartean, ukrainarrak hiltzen zituzten Errusiaren babespeko indarrek. «Ez gara soilik Ukrainaren segurtasunaz ari, Estatu Batuenaz ere ari gara».

Hautesleak erakartzea ez ezik, errepublikanoen artean arrakala zabaltzea ere bada demokraten helburua, haien babesa beharko dutelako auzia Senaturaino heltzen bada. Hori, ordea, ez dute lortu oraindik. Errepublikanoek garrantzia kendu diote Taylorren deklarazioari, eta gogorarazi dute demokraten lekuko izarrak ez duela inoiz izan harremanik Trumpekin. Errusiaren esku hartzearekin gertatu bezala, oraingoan ere demokratek huts egin dutela uste dute presidentearen gertukoek.

Deklarazioak ez dira amaitu, hala ere, eta herenegun bertan Ordezkarien Ganberako Informazio Batzordeak beste lekuko baten izena iragarri zuen, David Holmesena, zeinak gaur hitz egingo baitu ateak itxita.

Holmes berak entzun zuen, Taylorren arabera, Sondlanden eta Trumpen arteko telefono elkarrizketa. Horrez gain,Sondland berak ere deklaratu beharko du datorren astean ateak zabalik egingo duten hurrengo saioan.

Bi lekuko horiek Taylorrek esandakoak berresten badituzte, kolpe gogorra izan daiteke errepublikanoentzat, zeintzuek orain arte defendatu duten Trumpek ez duela inoiz zuzenean esku hartu Ukrainari buruzko «politika ez-ofizialetan». Aldiz, buruzagi errepublikanoa kargugabetzetik gertuago leudeke demokratak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.