Gau gogoangarri baten bila

Egun handietako giroa izango da gaur San Mamesen, Bartzelona estutu nahian, Athletic Kopako finalerdietarako sailkatzeko. Garitanok zalantza du zelai erdiko ezker hegalean

Athleticeko jokalariak ligako lehen jardunaldian, Adurizek Bartzelonari atzerako artaziz sartutako gola zaleekin ospatzen. JAVIER ZORRILA / EFE.
haritz gallastegi
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Kopa ulertzea ezinezkoa da Athleticen eta Bartzelonaren ekarpenik gabe. Bi taldeen artean 54 irabazi dituzte, eta guztira 78 final jokatu dituzte. Azken urteotan ere sarri neurtu dituzte indarrak. Horietatik hirutan finalean lehiatu ziren, eta hiruretan Bartzelona nagusitu zen. Inoizko Bartzelonarik indartsuena, hain zuzen ere. Izan ere, Lionel Messiren aroa hasi zenetik txapelketak bata bestearen atzetik pilatu ditu. Gaur ere kate motzean lotu beharko dute argentinarra Athleticeko atzelariek, finalerdietarako sailkatzeko. Hala uste du Xabi Eskurza jokalari ohiak. «Onena da, alde handiarekin, gainera. Messi geldiarazteko dena alde izan beharko du Athleticek: jokalariak bere egunik onena ez izatea, Athletic perfekziotik gertu egotea, eta zorte apur bat jokaldi batzuetan».

Lezaman hazitako eskuin hegaleko erdilari fina izan zen Eskurza. Athleticen nabarmendu zen, eta, ondoren, Johan Cruyffek bere proiektuan parte hartzeko egin zion eskaintza onartu zuen. Beraz, Trapagako (Bizkaia) jokalari ohiak ondo baino hobeto ezagutzen ditu bai Athletic, bai Bartzelona. Ez talde bat ez bestea ez daude sasoiko garairik gozoenean. Bartzelona partidak aurrera ateratzen ari da, baina zailtasun handiekin. Oraindik ez du barneratu Quique Setienek eskatutakoa. Aurreko sasoietan baino talde hauskorragoa dela dirudi. Athletic, berriz, ondo lehiatu da, baina garaipenak lortu ezinik ari da aspaldian. Zazpi norgehiagoka daramatza erreskadan ligan irabazi barik, eta Kopako azken bi kanporaketak penaltietan irabazi ditu.

Bada, Eskurzak ez dio aparteko garrantzirik eman taldeek orain arte egin dutenari. Ez du uste samurragoa izango denik egungo Bartzelona mendean hartzea. «Errazagoa? Futbola barrutik bizi izan dugunok argi daukagu alderatzeak egiteak ez duela ezertarako balio. Taldeen dinamikek ez dute ezertarako balio. Badirudi bi taldeak ez dabiltzala fin, baina emaitzek erakusten duten baino hobeto ari direla uste dut». Hori gutxi ez, eta neurketa bizia eta erakargarria aurreikusten du. «Bartzelonak dohain handiak ditu. Arrisku handiko aurkaria da. Baina Athleticek bere jokoa egiteko aukera izango du. Neurketa irekia izango da. Ikusgarria. Futbola gustuko duenarentzat lehia polita izango da».

Talde zuri-gorriaren jarraitzaileei ez die axola Bartzelonan gertatzen denak. Haien buruko min bakarra Athletic da. Azken emaitza txarrek egonezina eragin dute. Europako trena aldentzen ari da, eta jakinekoa da gaitza izango dela Kopan aurrera egitea. Bada, Eskurzak bolada txar hori baliatu du teknikariak egiten ari diren lan bikaina nabarmentzeko. «Athletic egiten ari dena ez da nahikoa baloratzen. Taldearen inguruan ezkortasun handiegia dagoela uste dut. Gaizka Garitanori eta bere lantaldeari oroitarri bat egin beharko genieke, taldearen ardura hartu zutenetik egin duten guztiarengatik. Athleticek gauzak argi ditu. Intentsitate handiarekin zelairatzen da. Azkena, Getaferen aurkakako norgehiagoka, orban txiki bat baino ez da. Gainerako neurketetan oso ondo lehiatu da».

Bide batez, futbolean amaigabea dirudien eztabaidaren gainean jarri zuen azpimarra. Athletic zer den eta egungo futbolean lehiakor izateko bidea zein izan behar den gogoratzea komeni dela uste du Eskurzak, eta ahoan bilorik gabe mintzatu da. «Athleticek ez duela ezertara jokatzen? Baina, zer da futbolean ondo jokatzea? Guk ez dugu inoiz Bartzelonak edo Manchester Cityk egiten duten jokoa egin. Uste hori gelditu egin behar da. Taldearentzat kaltegarria da. Athleticen zutabe nagusiak borroka eta lehiakortasuna dira. Hori aintzat hartzen ez badugu, arazoak izango ditugu».

San Mamesen, giro bikaina

Bartzelonaren bisitak ikusmin handia sortu du zale zuri-gorrien artean. Sarrera arruntak berehala saldu ziren. Garestienak baino ez dira geratzen eskuragarri. Ondorioz, bazkideek erantzunez gero, inoizko itxurarik onena izango duSan Mamesek. Taldeari bultza egiteko garaia da. «Horrelako egunetan, Athletic osatzen duten alde guztiek bat egiten dute, sinesteko irabaztea ez dela ezinezkoa».

Athleticen jarraitzaileak baikorrak dira. Beti izan dute izaera hori. Jokalariek ez dituzte gauzak horren argi ikusten, ordea. Normala da: berdegunean sufritzen da gehien. Baina gaur jokalari guztiak egongo dira hasierako hamaikakoan zelairatzeko irrikaz. Athleticen atean Unai Simon egongo da; Herrerin zigortuta dago. Defentsan, Capa eta Yuri kili-kolo dabiltza, baina jokatu egingo dute. Eta, zelai erditik aurrera, ezker hegala da Garitanoren kezka nagusia. Dituen aukeretatik bat ere ez da haren gustukoa.

ATHLETIC-BARTZELONA

Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo, Yuri;Dani Garcia, Unai Lopez;Williams, Muniain, Lekue, eta Raul Garcia.

Bartzelona. Ter Stegen; Semedo, Pique, Lenglet, Alba; Busquets, Rakitic, De Jong; Messi, Griezmann, eta Ansu Fati.

Epailea. Martinez Munuera.

Lekua. San Mames (53.289 ikusle).

Ordua. 21:00 (Cuatro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.