Zaila izango da zuloa betetzea

Martin Odegaard Real Madrilera itzuliko da, Realean urtebetez utzita aritu ondoren. Haren ordezko baten bila dabil kluba, baina kostako zaio, zulo handia utziko baitu.

Martin Odegaard, agur esaten, azken denboraldian jokatutako partida batean. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Reala hasia da lanean, eta jokalari nabarmen bat falta zaio Imanol Alguacil entrenatzaileari: Martin Odegaardena. Jokalari norvegiarra ez da talde txuri-urdinean ariko. Izatez, Real Madrileko jokalaria da, eta, hasieran bi klubek bi sasoirako uztea hizartu bazuten ere, Espainiako taldeak deitu du, eta Zinedine Zidaneren esanetara jokatuko du 2020-2021ko sasoian.

Odegaard gabe geratzea kolpea izan da Realarentzat. Jokatzeko moduan izan denetan ez du hutsik egin, eta, oro har, bikain aritu da donostiarren elastikoa soinean zuela. Orain, hura nork ordeztu erabaki beharko dute klubean, eta lan zaila da hori.

Tupustean jasotako albisteak eragindako ezustekoa gaindituta, Odegaarden lekua betetzeko lanean ari da Reala. Zenbait aukera dituzte mahai gainean: taldean dutena zukutzea, merkatura jotzea edo Zubietan arakatzea. Heltzear den sasoian bost txapelketa jokatuko dituzte txuri-urdinek, eta, horietan guztietan lehiakor izateko, beharrezkoa izango da Odegaarden ordezko bat topatzea. Ez da lan erraza izango, norvegiarra erabakigarria izan baita taldearen jardunean.

TALDEAN
Toki ugaritan joka dezaketen jokalariak ditu


Odegaard funtsezko jokalaria izan zen joan zen sasoiaren zatirik handienean, baina min hartuta igaro zituen zenbait jardunaldi. Taldeak egoera horretan ere jakin zuen ondo jokatzen, puntuak pilatzen, eta zenbait jokalarik erakutsi zuten postu batean baino gehiagotan aritu daitezkeela. Hargatik, Realeko kirol zuzendaritzak mahai gainean duen aukeretako bat da taldean dituzten jokalariak baliatzea Odegaard ordezkatzeko. Piezak mugitze horrek bestelako mugimenduak ekar litzake.

Mikel Oiartzabal da Odegaarden lekua bete dezakeenbat, nahiz eta sistema haren ezaugarrietara moldatu beharko litzatekeen, ez baitira jokalari berdinak. Ezta Adnan Januzaj edota Martin Merquelanz ere; bi horiek badute antzekotasunik norvegiarrarekin, eta Imanolek proba egin dezake haiekin.

MERKATUAN
Aukera on baten bila


Ohiko aukera izan ohi da futbolean: jokalari baten galera duen taldeak haren ezaugarri antzekoak dituen futbolari bat lortzera jotzen du. Aukera hori ere ez da baztergarria Realaren kasuan; noski, Odegaarden kasua berezia izan da, ez jokalariaren gaitasun handiarengatik soilik, baita utzita aritu delako ere.

Izan ere, Odegaardek bazuen izen bat Realera iritsi aurretik, eta halako jokalariak ez daude sobera merkatuan. Ordaindu behar izateak, apustu zehatz bat egin beharrak arrisku gehiago izan ohi du utzitako baten kasuarekin alderatuta, inbertsiotik hasita. Dena den, Realak bost txapelketa jokatuko ditu sasoi honetan, eta bistakoa da norvegiarraren hutsunea ez ordezteak taldearen ahalmena murriztu egingo duela. Ez jokalariarengatik beragatik soilik; taldeak lehiaketei aurre egiteko jokalari bat, baliabide bat gutxiago izango duelako baizik.

Kontuak horrela, merkatuari erreparatzean, oso soslai zehatzeko jokalariek bereganatuko dute Realaren arreta; punta-erdi lanak egiten dituenarena. Bi eratako futbolariak daude hor; futbolaren munduan bidea urratzen ari diren gazteak, edo jada ibilbide bat egina dutenak. Bere garaian Natxo Monreal fitxatu zutenean bezalaxe.

HARROBIAN
Harribitxien faktoria


Realak, bestela ezin zuen eran, ez du Zubieta arakatu gabe utziko. Lehen ere harribitxi on askoak eman ditu txuri-urdinen faktoriak, eta taldearen atea jotzear direnen artean badaude Odegaarden postuan aritu daitezkeen jokalariak. Roberto Lopezen eta Robert Morenoren kasua da; biek izan dute harremana lehenbiziko taldearekin —Lopezek debutatu ere egin du—, eta aukerak izan daitezke. Kasu horietan, Imanolen iritziak esangura handia izango du, Reala B-ko entrenatzaile izan zenez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.