Ludde Hakanson. Bilbo Basketeko jokalaria

«Udan pauso asko eman ditugu; hasteko prest gaude»

Bilbo Basketek bihar ekingo dio ACB ligari, Joventuten kantxan. Ludde Hakanson itxaropentsu dago sasoi berriari begira. Denboraldiaurreko lan ona dute helduleku.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Iñaki Fernandez Guridi.
Leioa
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ludde Hakanson (Stockholm, 1996) gertu dago Bilbo Basketekin bigarren denboraldia hasteko. «Oso gustura» dago taldean eta hirian. «Ahalik eta ondoena» jokatzea du helburua.

Denboraldia hasiko duzue bihar. Gogotsu zaude?

Oso motibatuta nago. Uda ona izan da guretzat, baina garrantzitsuena orain hasten dena da.

Hiru partida irabazi eta bi galdu dituzue. Gustura amaitu al duzue?

Udako garrantzitsuena pixkanaka hobetzen joatea da. Astero pausoak eman ditugu, eta hasteko prest gaudela uste dut. Lan ona egin dugu. Lesio batzuk izan genituen, baina denok jokatu dugunean ondo aritu gara. Sasoi onean gaude.

Euskal Kopa irabazi berri duzue Baskoniaren aurka.

Beti da ona irabaztea; ikusten duzu egiten ari zaren lana egokia dela. Baskoniari irabaztea beti da garrantzitsua, bai guretzat, baita zaleentzat ere. Asko gustatzen zaie euren taldeak Baskoniari irabaztea.

Joventut izango duzue aurkari lehen partidan. Nolako taldea da?

Denboraldi bikainak egiten ari da, eta oso partida zaila izango da. Ez dira egongo Ante Tomic eta Ferran Bassas, eta ziurrenik ezta Simon Birgander ere. Baina oso talde ona da oraindik ere. Jokalari asko gazteak dira, eta talentu handia dute.

Non egongo da irabazteko gakoa?

Beraiek eroso egon ez daitezen saiatu behar gara. Talde guztien aurka jokatzeko gakoa da, baina batez ere talentu handiko taldeen aurka; Joventuten aurka, esaterako.

Maiatz amaieran hartu zenituzten oporrak. Lortu al duzu deskonektatzea?

Stockholmen izan naiz. Asko jokatu dut golfean, hemen oso gutxi jokatzen baitut. Denbora librea horretarako aprobetxatzen dut, baina hainbeste entrenamendurekin atseden hartzea beharrezkoa da.

Zazpigarren urtea duzu ACB ligan. Gustura al zabiltza?

Asko gustatzen zait ACB liga. Beste liga batzuetan ere izan naiz, baina ACB liga da gehien gustatzen zaidana. Bertan jokatzen jarraitu nahi dut.

Bartzelona, Sevilla, Madril eta, orain, Bilbo. Non bizi izan zara erosoen?

Bartzelonako etapa berezia da: gazte iritsi nintzen eta oso ondo tratatu ninduten; 15 urterekin irten nintzen Suediatik. Bilbo asko gustatzen zait hiri gisa, eta jendea oso atsegina da. Klub oso umila da, eta oso ondo tratatzen naute. Hala ere, gainerako hiriak ere oso ondo daude bizitzeko. Denetan zoriontsua izan naiz.

Poloniako ligan ere izan zinen; hain zuzen, Stelmet Zielona Gora taldean. Zer-nolatan aldatu zenuen taldea?

Poloniakoa denboraldi oso garrantzitsua izan zen niretzat. Aldaketa baten beharra nuen, eta horregatik erabaki nuen Estudiantesetik irtetea.

Sevillan lortu zenituen estatistikarik onenak, eta aurreko urtean asko hobetu zenituen. Zeintzuk dira arrazoiak?

Poloniatik Bilbora konfiantza gehiagorekin iritsi nintzen, eta joan den sasoian nabaritu zen. Gehiago hobetzea espero dut.

Ze ekarpen egin dizu Alex Mumbruk?

Taktikoki asko irakatsi digu. Eta jokalari ohia izanik, asko laguntzen du taldea kudeatzen. Oso gustura nago harekin.

Azken partidan lortu zenuten maila mantentzea. Espero al zenuten hain berandu izatea?

Oso denboraldi gogorra izan zen guretzat. Nahiko zaila ikusten genuen salbazioa, ezinezkoa, baina hobetu egin genuen, eta mantentzea lortu genuen. Aldagelan goian ospatzen dugu, zerbait irabazi izan bagenu bezala. Zerbait irabazi genuela zirudien, baina gure helburu nagusia zen. Oso pozik amaitu genuen.

Eta sasoi honetan zein helburu daukazue?

Oraindik ez dugu askorik hitz egin. Mumbruk egunero esaten digu hobetzen joan behar dugula, eta talde guztien aurka lehiatzen saiatu behar dugula. Ea noraino iristeko gai garen. Espero dut azken partidara arte ez itxarotea mailari eusteko.

Zazpi jokalari fitxatu ditu klubak, eta nabarmenena Andrew Goudelockena izan da. Nolakoa da halako izar batekin jokatzea?

Oso ona da. Uda honetan eskolta gisa jokatzen ari naiz,eta hura defendatzea egokitu zait. Harengandik gauza asko ikasteko aukera izango dut; oso profesionala da, eta oso pertsona ona. Asko emango digu.

Zer helburu jarri dizkiozu zeure buruari?

Aurreko sasoian baino hobeto jokatu nahi dut. ACB ligan nagoenetik entrenatzaile berarekin bi denboraldi jarraian jokatzen dudan lehen aldia da. Bi urtez egon nintzen Estudiantesen, baina lehen urtearen ondoren entrenatzailea aldatu zuten, eta, beraz, baita gure jokatzeko modua ere. Mumbruren aginduetara entrenatzen jarraitzeak esan nahi du lehen egunetik ezagutzen dudala bere jokatzeko modua, eta horrek asko errazten du lana.

Denboraldi amaieran amaituko zaizu kontratua. Ba al daukazu luzatzeko asmorik?

Egia esan, oraindik ez dut horretan pentsatu. Oso gustura nago hemen; ahalik eta ondoena jokatu nahi dut.

COVID-19a pasatu zenuen azaroan. Utzi al dizu arrastorik?

Lehen egunetan oso gaizki pasatu nuen, eta ondorengo lehen entrenamenduak oso gogorrak izan ziren; bazirudien urtebete neramala jokatu gabe. Baina banakako plan batekin pixkanaka hobetu nuen. Ondo nago orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.