Salbuespen egoera, betikotzear

AKP Justizia eta Garapenaren Alderdia gehiengo kolpez ari da finkatzen Turkiari buruz daukan ikuspegi itxia. Herritarren Segurtasun Legea da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren ikur berria.
Recep Tayyip Erdogan, Turkiako presidentea, Segurtasunerako Batzorde Nazionaleko buru.
Recep Tayyip Erdogan, Turkiako presidentea, Segurtasunerako Batzorde Nazionaleko buru. KAYHAN OZER / EFE

Jose Migel Arrugaeta Orsola Casagrande -

2015eko martxoak 26
Turkiako Gobernua parlamentuko gehiengo osoa baliatzen ari da herrialdeari buruz daukan ikuspegia inposatzeko. Horren erakusgarri da Herritarren Segurtasunerako Lege proiektua. Arauak botere ia mugagabea eman nahi die poliziei: Poliziak ia edozein atxilotu ahal izango du kalean, istiluak sor ditzakeela uste badu edo herritarren segurtasunarentzat edo jabetza pribatuarentzat arriskutsua dela uste badu; Poliziak «susmagarriak» 48 orduan atxilotuta eduki ahal izango ditu, epailearen agindurik gabe eta epaileari atxiloketaren berri eman gabe; ibilgailuak eta pertsonak miatu ahal izango ditu, nahieran, epailearen baimenik gabe eta lekukorik gabe; eta armak erabili ahal izango ditu ustez lehergaiak, gai sukoiak edota antzekoak eramateagatik.

Ez hori bakarrik. «Prebentzio neurrien» izenean, poliziek eta segurtasun indarrek jendearen telefono eta komunikazio entzuketak egin ahal izango dituzte, eta jendea zelatatu eta jarraitu ahal izango dute, epailearen agindurik gabe, 48 orduz.

Adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna ere mugatuko ditu. Poliziak baimendutako manifestazioak legez kanpoko izendatu ahalko ditu kalean bertan. Manifestazioa bertan behera ez uztea delitua izango da, eta poliziek manifestariak atxilotu egingo dituzte.

Lege proiektuak, gainera, bi errepresio neurri berritzaile ditu: babesteko atxiloketa eta barne deportazioa. Babesteko atxiloketan poliziek pertsona bat nahi adina denbora eduki ahal izango dute zaintzapean, hura «babesteko»; barne deportazioan, berriz, herritarrak beren herritik edo hiritik bidali ahal izango dituzte eta leku jakin batean bizitzera derrigortu, mugarik gabeko epean.

Gobernadoreek, halaber, botere gehiago izango dute, eta Poliziari akusazio gisa jardutea baimendu ahalko diote, fiskaltzaren lana ordezkatuz.

Egitasmo berri horrek legearen babesa emango dio Turkiako Poliziaren inpunitateari. Legearen babes hori gabe ere, poliziek 183 pertsona hil dituzte azken zortzi urteetan.

Turkiako Parlamentuko oposizioak ezer gutxi egin dezake. Ez dauka indarrik Herritarren Segurtasunerako lege proiektua atzera botatzeko edo moldatzeko. Gobernuaren alderdiak, AKP Justizia eta Garapenak, gehiengo osoaren alperra baliatu ohi du herritarren eskubideak mugatzeko. Parlamentuko giroa asko gaiztotu da eta diputatuek behin baino gehiagotan eman dizkiote ukabilkadak elkarri.

Hala ere, AKPrentzat gehiengo hori ez da nahikoa. Turkiako presidente eta AKPko buruak, Recep Tayyip Erdoganek, ekainaren 7ko hauteskundeetan 400 diputatu emateko eskatu die herritarrei, «erreformak amaitzeko». Izan ere, Erdoganek konstituzio berria idatzi nahi du, sistema presidentzialista bat ezartzeko eta bere buruari erabateko boterea emateko. Egun, 312 ordezkari ditu AKPk 550 eserlekuko ganberan.

Testuinguru horretan, Kurdistango gatazkak zailtasunak ditu behin betiko bake akordioa lortu ahal izateko gutxienekoak hitzartzeko. HDP Bakea eta Demokrazia Kurdistango burujabetzaren aldeko ezkerreko koalizioak eta legez kanporatutako PKK Kurdistango Langileen Alderdiak beti esan izan dute Turkiak demokratizatu egin behar duela Kurdistango gatazka konpontzeko. Baina ezkerreko zenbait ordezkarik «oportunista» izatea leporatu diote HDPri, Kurdistango gatazka konpondu nahi duelako, Turkiaren eta gizartearen demokratizazioa ezinbesteko baldintza gisa jarri gabe.

Duela bi aste HDPk eta gobernuak adierazpen bateratu bat kaleratu zuten, esanez Turkia «erabaki historikoak hartzeko prozesu baten atarian» dagoela. Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoak —bizi osorako zigorrarekin preso— PKK-ko gerrillari «armak uzteko» eskatu ziola ere baieztatu zuen, udaberrian egin beharreko kongresuan. «Urrats historiko» horrekin batera, gobernuak borondatea izango luke ustez elkarrekin hitzartutako hamar puntuko agenda bat negoziatzeko.

Ocalanek hamar puntuko proposamen bat egin die PKKri eta gobernuari. Horiei buruzko akordio bat lortuz gero, gerrillak borroka armatua utziko luke. Hamar puntuetan, ez da kasualitatea, demokrazia hitza da errepikatuena, herrialdearen demokratizazioa planteatzen baitu funtsean: «politika demokratikoa», «irtenbide demokratikoa», «berme demokratikoak», «tresna demokratikoak», «Estatu demokratikoa», «bide demokratikoa», «sistema demokratikoa» eta «aldaketa demokratikoak».

Hamargarren puntuan Ocalanek Konstituzio berri bat eskatzen du, aurreko puntuetako akordio eta aldaketa guztiak barne hartzeko, herritarren eskubide eta askatasunen aldekoak gehienak. Ocalanek, besteak beste, «nortasuna» aitortzeko eta «Estatu demokratiko», «lur komun» eta «nazio» kontzeptuak definitzeko eskatzen du, bide demokratikoak jarraituz. Ez definitzea bakarrik. Baita horiek ezartzea ere, berme legalak eta konstituzionalak izan ditzaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna