Frantziako Tourra

Gaviria da zaindu beharrekoa

Esprinter kolonbiarrak, bere taldearen lana biribildu, eta bigarren etapa garaipena lortu du. Ihes egindakoak azken kilometroan ehizatu dituzte, 164 kilometroko lanaren ondoren

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 11
Fernando Gaviriarena (Quick Step) da Frantziako Tourreko esprintetan jarraitu beharreko gurpila. 22 urteko kolonbiarrak hiru esprint nahikoak izan ditu tropeleko txirrindularirik bizkorrena dela erakusteko. Misila-rena da arrasto ona, aurkariek badakite, eta atzo Gaviriak eta Quick Step taldeak faborito izatearen zama eta ajeak nabaritu zituzten. Eta, hala ere, nagusitasunez irabazi zuen azken zuzengunean Peter Sagan (Bora) eta Andre Greipelekin (Lotto) izandako buruz buruko lehian.

«Beste taldeek ez dute kolpe zorririk jo ihes egindakoak harrapatzeko; bakar-bakarrik aritu gara lanean», salatu zuen, amorruz, Gaviriak Sarzhavko (Bretainia) etapa irabazi berritan. Hori da esprinterrik onena izatearen prezioa. Gaur egun, dena neurtzen da txirrindularitzan, eta Quick Stepek tropelak iheslarien ehizan eginiko denboraren erdia igaro zuen tiraka. Gaviriaren kexa ez zen susmo hutsa. Azken zuzengunean ere jasan zuen kolonbiarrak zama hori, Sagan atzeko gurpilera itsatsi baitzitzaion. Hark atzoko bazekien zein zen zaldi ona, eta, hala ere, ezin izan zion aurrea hartu. Nabarmentzekoa, era berean, Max Richezek (Quick Step) Gaviriaren esprinta bideratuz eginiko lan ona, eta Mark Cavendish (Dimension Data) 21. izan zela etapan. Haren hankek urrun dituzte garairik onenak.

Esprinta polita izan zen, baina etapa, aspergarria. Greg van Avermaet (BMC) da oraindik ere lider, eta Ilnur Zakarinek (Katuxa) 59 segundo galdu zituen helmugatik bost kilometrora egondako eroriko baten erruz. Mikel Landak (Movistar) ere izan zuen sustoa, baina ez zen erori azkenean. Gorka Izagirre (Bahrain), aldiz, bai, eta 3.22 galdu zuen. Esprintera arte, eguneko iheslariak izan ziren etapako protagonistak, eta euren ibilbideko egunik handiena bizitzeko zorian egon ziren, baina tropelaren kalkulagailuak ez zuen huts egin.

Guillaume Van Keirsbulck (Wanty), Jerome Cousin (Direct Energie), Dimitri Claeys eta Anthony Perez (Cofidis) izan ziren txirrindularitzaren logikari desafio egiten saiatu zirenak. Laurak kontinental mailako taldeetako kideak, loriaren jornaleroak, eta babesleentzako telebista minutuen bila egin zuten ihes. Helmugarako 165 kilometro falta zirela hasi zuten misio suizida, eta, ziur asko, eurek uste zuten baino urrunago iritsi ziren.

Zazpi minuturen aldea ere lortu zuten; lan handia egin zuten, baina tropelaren utzikeriak hauspotu zuen haien esperantza. Quick Step bakarrik jardun zen lanean, eta helmugatik 20 kilometrora 2.07ren aldea zuten; hamabost kilometrora, 1.39rena; hamarrera, 1.08rena; zazpira, 55 segundorena; eta laura, 34rena. Azkenean, baina, Dimension Data, Bora eta Lotto lanean jarri ziren, eta azken kilometroan sartu berritan zapuztu zuten egunkariko argazki handian agertzeko ametsa.

Gaur, goraka esprintean

Gaurko etapak udaberriko klasikoaren itxura izango du. 204 kilometroko ibilbide gorabeheratsua du, An Oriant eta Kemper artean (Bretainia). Azken 100 kilometroak oso makurrak dira, muino motz eta tente asko baitaude. Azken igoera puntuagarria helmugatik 23 kilometrora dago: 2.2 kilometro eta %5.9ko pendiza. Ailegaeratik hamabi kilometrora esprint berezia dago, gainsariekin. Pankarta %9ko batez besteko malda duen 700 metro luzeko gaintxo batean dago. Azken kilometroa ere gorantz da (%4,8ko malda), eta gainsariak daude.

Igoeratxoek asko zailduko dute kontrol lana; beraz, klasikozale eta ehiztariek aukera ona dute gaur; tartean, Van Avermaet liderra eta Sagan. Quick-Step taldeko txirrindulariek aurrean beharko lukete. Philippe Gilbert, Bob Jungels eta Julian Alaphilippe hirukoak lasterketa asko mugi dezake. Ezin aipatu gabe utzi Alejandro Valverde ere (Movistar).

Sailkapen nagusiaren lehian dabiltzan ziklistek adi ibili beharko dute, litekeena baita helmugan etenak izatea. Romain Bardetek (Ag2r) erakutsi du aurten Strade Bianche klasikoan bigarren eginda igotzaile hutsa baino zerbait gehiago badela. Vincenzo Nibalik (Bahrain) ere baliatu dezake ibilbide bihurria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna