Amazigen eta sahararren ihes betea

Rifeko eta Mendebaldeko Saharatik gero eta gazte gehiago ari dira txalupetan ihes egiten Marokoren jazarpenetik; protesta egiteagatik atxilotu eta torturatu egiten dituztela salatu dute.
Lanzaroteko Famara hondartzara azken egunetan iritsitako txanela handia.
Lanzaroteko Famara hondartzara azken egunetan iritsitako txanela handia. PEDRO HERNANDEZ CUR

Kristina Berasain Tristan -

2018ko urriak 12
Al-Hoceima hiriko hondartzatik itsasoratu ziren Ayub eta Nasser. Maiatza zen beste hamabi gazterekin batera txanela handi batean sartu zirenean. Marokok Rifen ezarritako erregimen militarra atzean utzi nahi zuten. Hirak mugimenduko kideak dira eta Poliziaren zerrendetan daude, horregatik erabiltzen dituzte benetakoak ez diren izenak. Ayub hiru egunez izan zuten ziega batean: «Protesta batean atxilotu ninduten, beste hainbat lagunekin batera, eta egunero torturatu gintuzten; makilekin jotzen gintuzten eta ur hotza botatzen ziguten. Batzuei deskarga elektrikoak ere eman zizkieten». Poliziak itsaslabar batean utzi zuen askatutakoan. Ayubek une hartan erabaki zuen ihes egitea.

Rif eskualdean duela bi urteko urriaren amaieran piztu ziren protestak. Kaian arraina saltzen ari zen gazte bati merkantzia kendu eta zabor kamioi batera bota zuten hiriko portuko zaindariek. Saltzailea kamioi barrura sartu zenean, zaborra txikitzeko mekanismoa aktibatu zuten, eta hantxe bertan zapalduta hil zen.

Marokok 400 gazte atxilotu ditu ordutik. Amazigek azken mendean jasan izan duten jazarpenaren eta bazterketaren zauri sakona berriz ere zabaldu zen, baina errepresioak matxinada isilarazi du. Gero eta gehiago dira ihes egitea erabakitzen duten gazteak, sarekadak etengabeak baitira, eta poliziak etxez etxe joaten baitira ekintzaileen bila.

Al-Hoceima inguruko hondartzetan elkartzen dira azkenaldian gazteak, gauero, itsasoratzeko aukera baten bila. Malagara 44 lagun zeramatzan ontzi bat iritsi zen atzo, gehienak amazigak. Espainian lehorreratzeko 111 itsas milia inguru zeharkatzeko, baina arriskua itzela da. Horregatik, Rifeko bandera eskuetan dutela bideoak grabatzen dituzte, sakelakoarekin, itsasoratu aurretik, askatasunaren eta duintasunaren aldeko mezuak helaraziz, itsasoan hilez gero zabaldu dadin zergatik ari diren ihes betean. «Heriotza, amore eman baino lehen». Hain zuzen, Espainiara duela hilabete iritsitako hamahiru gazteek horixe oihukatu zuten itsas zabaletik.

Identitatea

Mendebaldeko Saharako gazteek ere ikurra eskuan dutela egiten dute zeharkaldia, euren identitatea aldarrikatuz. Fuerteventuran Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko bandera zabaldu zuten herenegun uhartean lehorreratutako 31 sahararrek. Independentziaren aldeko oihuak eta garaipenaren ikurra egin zuten erreskatatu zituztenean.

Rifen bezala ihes egitea protesta politikoa egiteko modua bihurtu da gazte sahararrentzat. Lanzarote eta Fuerteventura 225 itsas miliatara daude Mendebaldeko Saharatik. Aaiundik gero eta txalupa gehiago ateratzen dira. Azken egunotan 85 lagun zeramatzaten bost txalupa atzeman dituzte; Tinajo, Famara, Tarajal, Tuineje eta Pajarako hondartzetara iritsi dira.

Duela hamarkada bat gori-gorian zegoen fenomenoa errepikatzena ari da. 2005ean Intifada piztu zen, eta errepresiotik ihes egitea beste aukerarik ez zuten izan gazte saharar askok. Ehun bat lagun ito ziren garai hartan.

Egoera, baina, ez da asko aldatu. Yousuf urtarrilean iritsi zen Lanzarotera. Aaiunen itsasoratu zen, beste 26 lagunekin batera, baina hogei baino ez ziren iritsi itsasertzera. Urtarrilaren 13ko gaua zen, bost metro luze eta bi metro zabaleko zodiak batean sartu zirenean. «Itsas handia zegoen, eta hotza handia zen. Sei lagun hil ziren zeharkaldian».

Bizimodua latza dela dio. «Bizitzako alor guztietan gaude baztertuta. Egoerak ekintzaile bihurtzen zaitu; kalera ateratzen gara, ikus gaitzaten; bestela, existitu ere ez gara egiten».

Erregearen irudiak

Tangerretik Nadorrera doan kostaldetik ere ia egunero ateratzen dira txanela handiak. Atzo bertan 600 lagunek zeharkatu zuten Alborango itsasoa. Maroko iparraldeko kostaldetik, batez beste, hamabost ontzi itsasoratzen dira. Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, aurten hirukoiztu egin da itsasoz lehorreratzen diren iheslarien kopurua, iazko datuekin alderatuta. Jada 33.215 dira; Saharaz hegoaldeko immigranteak gehienak. Marokok, baina, uztailetik 7.700 iheslari deportatu ditu hegoaldera, gobernuz kanpoko erakundeek salatu dutenez. Tangerren atxilotzen dituzte asko eta asko, itsasoratzeko zain daudenean, eta batzuetan hilabete batez atxilotuta izan ondoren eramaten dituzte hegoaldera.

Marokoko Itsas Salbamenduaren jarreraz ere ohartarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek. Aste honetan txalupa bati tiro egin diote; duela hiru bat aste beste bati egin zioten eraso, eta gazte bat hil.

Hayat Belkacem 19 urteko ikaslea zen, eta haren heriotzak protesta ugari eragin ditu. Rabaten, Casablancan, Tetuanen eta Agadirren esaterako ereserki nazionalari txistu egin diete, eta erregearen irudia erre dute, aspaldiko tabuak hautsiz. Marokoko gazteak ere gero eta kritikoagoak dira erregimenarekin, eta horietako asko ihesi doaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna