Zorabioak jota erori da

Bolada txarra harrapatu du Alavesek: puntu bakarra batu du azken lau lehietan, eta Europako postuetatik at da orain. 311 minutu egin ditu golik sartu gabe.

John Guidetti, etsita, lurrean, Rayo Vallecanoren aurkako norgehiagokan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Erabat hanpatuta bukatu zuen Alavesek lehen itzulia, inoizko uztarik oparoena bilduta. 32 puntu zituen zakuan hemeretzi jardunaldiren ostean. Pasaportea berritzen hasteko moduan ziren zaleak, Europa ligako postuetan finkatuta baitzegoen Abelardo Fernandezek entrenatutako taldea. Alabaina, arabarrek behera egin dute bigarren itzuliari ekin orduko: esku hutsik bukatu dituzte lehen hiru partidak. Gainera, berdindu egin zuten lehen itzuliko azken partida; beraz, jokoan izandako azken hamabi puntuetatik bakarra batu dute, eta, hala, Abelardoren aroko boladarik txarrena berdindu. Urak harrotu egin zaizkie azken asteetan, eta zorabioak jota erori dira olatuaren gandorretik.

GORABEHERA ASKO

Neguko merkatuak ezegonkortasuna ekarri du Gasteizera. Hala aitortu du Abelardok berak. Lau jokalarik utzi dute taldea: Ibai Gomezek, Ruben Sobrinok, Dani Torresek eta Adrian Dieguezek. Azken biak ez ziren teknikariaren planetan sartzen, baina Sobrinoren galerak eta, batez ere, Ibairenak min egin diote Arabako taldeari, eta sekulako hutsunea sortu zelai erdian eta eskuin hegalean. Horretaz landa, zurrumurruak bolo-bolo ibili dira, eta horrek eragina izan du zenbait jokalariren jardunean. Guillermo Maripan da horietako bat. Haren izena Bartzelonarekin lotu zen, eta, geroztik, nabarmen egin du behera.

Badira arabarren armonia apurtu duten beste faktore batzuk; kasurako, Jonyren lesioak. Hegalekoa ezin izan zen Girona eta Getaferen aurka aritu, eta Rayoren aurka hogei minutu bakarrik jokatu zuen. Hura gabe, Alavesi kasik ezinezkoa zaio aurkarien defentsak zulatzea. Bestalde, zigorrek ere ez diote inongo mesederik egin. Laguardiak ezin izan zuen Getaferen kontra jokatu, ezta Pinak Rayoren aurka ere.

B PLANIK GABE

Gasteiztarrek ez zuten hainbeste nabarituko jokalari horien falta ordezkoak ongi aritu balira. Haatik, ez dute beren aukera aprobetxatu. Defentsako egiturak ez du sendotasunik Laguardia gabe, eta, zelai erdian, Pina da jokoa antolatzeko gai den jokalari bakarra. Hegaletan ere ez du alternatibarik Abelardok. Burgui titular gisa aritu da azken lau neurketetan, baina oso apar aritu da. Hutsegite larriak egin ditu defentsan, eta apenas eman duen zeresanik erasoan. Eta, aurrealdeari dagokionez, gaur-gaurkoz, Guidetti urrun dago Calleriren eta Bastonen jokotik. Ikaragarria da suediarrak sasoi batetik bestera izan duen beherakada.

KOMERIAK DEFENTSAN

Horiek horrela, iparra galdu du Alavesek. Ondo defendatzea da Arabako taldearen lehen premisa, baina azken norgehiagoketan ez du sendotasun arrastorik ere izan. Lanak izan ditu hegalak ixten, eta area barruan ere ezohiko hauskortasuna erakutsi du. Bederatzi gol jaso ditu azken lau partidetan, sasoi osoko kopuruaren herena. Real Madrilen zelaian 3-0 galtzea normaltzat jo daiteke; ez, ordea, Getaferen kontra lau gol jasotzea. Lehenbailehen berreraiki behar dute defentsako harresia, bestela arabarren jokoak ez baitu zentzurik. Funtsezkoa da, besteak beste, Maripan eta Duarte beren onenera itzultzea.

LEHORTEA ERASOAN

Erasoko eraginkortasuna da Alavesen beste gakoetako bat, baina hori ere galdu du azken hiru partidetan: ez du golik sartu, eta, hala, 311 minutu daramatza ate aurrean asmatu gabe. Getaferen aurka, sormenean egon zen arazoa, batik bat, jokaldiak ehundu ezinik aritu baitzen. Sortu zituen aukerak Rayoren kontra, baina argitasuna falta izan zitzaion azken metroetan, eta, azkenean, sasoiko lehen porrota jaso zuen Mendizorrotzan. Eta, Real Madrilen zelaian, denetariko arazoak izan zituen. Ikaragarri kosta zitzaion aurkariaren area zapaltzea, eta argia itzali zitzaion Courtoisen ate ingurura hurbildu zenetan. Horiek horrela, ez zaio gaizki etorriko Inui, Rolan eta Alex Blanco fitxatu izana.

Gasteiztarrek oso ondo jarraitzen dute, jaitsiera postuak bederatzi puntura baitituzte. Edonola ere, Europarekin amets egiten jarraitu nahi badute, ahalik eta azkarren suspertu beharrean dira. Datorren astelehenean, Levante hartuko dute Mendizorrotzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.