Zurutuza: «Bihotzari entzunda erabaki dut Realarekin berritzea»

Erdilariak 2020ko ekainera arte luzatu du kontratua. Hurrengo sasoia azkenekoa izango duela iragarri du. Jokin Aperribaik belaunaldi bikain bateko «azken ikurtzat» hartu du

Jokin Aperribai eta David Zurutuza, atzo, Anoetan, Zurutuzak kontratua berritu duela iragarri eta gero. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Realean jarraituko du David Zurutuzak. Azken hilabeteak bere etorkizunaren inguruan hausnartzen igaro ditu erdilariak, eta atzo eguerdian eman zuen erabakiaren berri. Urtebetez luzatu du ekainean amaitzekoa zen kontratua, eta datorren urteko ekainera arte ariko da Donostiako klubean. Datorrena azken sasoia izango duela iragarri du.

Jokin Aperribai presidenteak lagunduta prentsa agerraldia egin zuen Zurutuzak atzo arratsaldean, erabakia jakinarazi eta ordu gutxira. Bertan, baieztatu egin zuen aurrez jakina zena: «Kosta egin zait erabakia hartzea». Realak sasoi hasieran agertu zion bere kontratua berritzeko asmoa, baina Zurutuzak patxadaz hartu nahi izan du erabakia: «Zalantza asko nituen; denetarik planteatzen nuen. Buruak buelta asko ematen zizkidan, baina bihotzak esan dit zein den momentua. Lehenengo familari esan nion, eta gero Imanoli [Alguacil], Jokini [Aperribai] eta Robertori [Olabe]. Haiek nahi dutelako gaude gaur hemen».

Zurutuzak adierazi du «ziur» dagoela hartu duen erabakiaz: «Indar handia dut, oraindik futbolean jarraitzeko baliagarri sentitzen naiz, eta eraikitzen ari garen horretan parte hartu nahi dut». Zelaian ez ezik, handik kanpo ere zer irakatsia duelakoan dago: «Nik jaso nuen hori gazteenei erakutsi nahi diet».

Taldeko kapitainetako bat da Rocheforten (Frantzia) jaiotako jokalaria, eta Aperribaik balioa eman dio taldean duen pisuari: «Belaundi on baten ordezkariazara, eta etorkizunari lekukoa emango diozu. Eskertu egin nahi dizut egiten duzun guztia». Realeko presidenteak jakinarazi du Zurutuzak duela pare bat aste eman ziola erabakiaren berri, baina ez zuela ezustean harrapatu: «Hasieratik argi nuen kontratua luzatuko zuela». Erdilariak eskertu egin du klubak izandako jarrera, nahi beste denbora utzi baitio erabakia hartzeko.

Azkenean, Realari beste urtebetez lotzea erabaki du Zurutuzak, baina aintzat hartu ditu aukera guztiak: «Aukera sorta zabala nuen. Ez diot ezeri aterik itxi; izan zitekeen beste nonbait aritzea, futbola beste filosofia batekin hartuz. Baita erretiroa hartzea ere ez litzaidake axolako. Azkenean, barruak eskatutakoa egin dut».

Zurutuzak «bakarrik» hartu du segitzeko erabakia, baina aitortu du jendearekin hitz egiteak «gauzak argiago ikusten» lagundu diola. Imanolek ere izan du eragina: «Gustatzen zait entrenatzaileak planteatzen duena». Zehaztu du «itxaropentsu» dagoela etorkizunari begira: «Behetik oso mutil onak datoz, eta nire hondar alea jarri nahi dut haiei laguntzeko. Garrantzitsua sentitzen naiz horretan».

Denbora gehien daramana

Taldean denbora gehien daraman jokalaria da Zurutuza. Hamabigarren sasoia du aurtengoa, eta urrun dago haren debuteko eguna. 2008ko azaroaren 23an izan zen, Huescaren aurka, artean Reala bigarren mailan zela.

Partida bakarra jokatu zuen sasoi hartan, baina hurrengo denboralditik aurrera etenik gabe aritu da lehen taldean. Jokalari garrantzitsua izan zen txuri-urdinak Lehen Mailara igo ziren urtean, eta kluba maila gorenean egonkortzearen arduradunetako bat izan da.

Xabi Prietoren eta Imanol Agirretxeren erretiroen ostean, bera da belaunaldi hartatik Realean jarraitzen duen bakarra: «Nabaritu dut. Lagunak dira, adiskideak, eta bizipen asko bizi izan ditut haiekin. Bere pisua du horrek ere, baina orain beste gauza batzuekin gozatzen dut».

Zurutuza belaunaldi horren «ikurtzat» jo du Aperribaik: «Belaunaldi horrek egin duena ikaragarria da: Bigarren Mailatik Europaraino eraman dute Reala, jende berarekin. Belaunaldi bikaina izan zarete; pertsona gisa, jokalari gisa, eta, bereziki, Realarengatik eman duzuen guztiagatik».

Zurutuzak argi du gertu duela amaiera. «Gaur-gaurkoz, atzera ezinezkoa da» hurrengo sasoia azkenekoa izatearen erabakia, eta ondo iritsi nahi du amaierara: «Guztia emango dut. Ate handitik irten nahi dut, eta ederra litzateke Txapeldunen Ligarako sailkatuta uztea. Taldekideak estutu egingo ditut horretarako».

«Halamoduzko sasoia»

Erdilariaren kontratu berritzeazez ezik, Realaren aktualitateaz ere mintzatu zen Aperribai. Presidenteak aitortu du «sasoi eskasa» egiten ari direla txuri-urdinak. Baina agintari txuri-urdinak azpimarratu du jokalariek halere «amaierara arte lehiatzeko derrigortasuna» dutela. Aitortu du «hala moduzko sasoia» izaten ari dela, baina uste du «edozertarako denbora» dagoela.

Azken zortzi partidetatik bakarra irabazi du Realak, Betisen aurka (2-1), eta horrek zenbait kezka sortu ditu taldearen inguruan. Alabaina, Imanolengan konfiantza osoa agertu du agintari debarrak. Haren esanetan, hura eta Olabe dira taldea gidatzeko pertsonarik egokienak: «Pertsona perfektuak dira egun klubeko kirol saila eramateko».

Datorren sasoiaz mintzatzea baztertu du Aperribaik, baina aurreratu zuen Raul Navasen, Joseba Zalduaren eta Aihen Muñozen kontratu berritzeak «gertu» daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.