Arrauna

Katea eten ez izanaren saria

Zarautzek aspaldi utzi zion kanpora begiratzeari, eta, harrobiko lanari etekina ateraz, Eusko Label ligara igotzea lortu du aurten. Arrakastak ez die burua galaraziko.

Zarauzko arraunlariak igoera ospatzen, joan den igandean, Portugaleten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Zarauzko Arraun Elkartea ez da edozein Traineruen Kluben Elkartean. Ligaren sorrerako urtean, 2003an, hantxe zen, eta, kanporaketan maila galdu bazuen ere, bi urte geroago berreskuratu zuen lekua. 2006tik 2010era aritu zen onenen artean, eta aurreko igandean ezarri zuen Enbata trainerua San Nikolas, Sotera, Ama Guadalupekoa eta beste zortzi traineruen alboan datorren urterako.

Ibilbide luze horretan, harrobiak beti izan du lekua ontzian, urte batzuetan kanpora joateko joerak indarra hartu bazuen ere. Azkeneko jaitsieraren ondoren, are beherago joan zen, KAE 2 liga ezagutu baitzuen 2014an. Hurrengo urtean igo, eta igandean goia jo zuen. Liga nagusian azaldu gabe egon den tarte honetan, harrobiak gero eta indar handiagoa hartu du klubean: aurtengo taldean, hogei arraunlarietatik hamabost izan dira harrobikoak. Igandeko estropada historikoan, igoera eman dion horretan, hamar zituen Enbatak harrobian hasi eta hazitakoak. Jon Artola presidenteak horixe nabarmendu du kirol arrakasta lortu eta hiru egunera: «Aspalditik dator garaipen honen hazia, eta izen asko daude: harrobiko entrenatzaile guztienak, hain zuzen. Sekulako lana egiten dute arraunlari bila, arrauna erakusten, umeak animatzen eta abar, eta horixe dago gure filosofiaren oinarrian».

Ez zaio nahi gabe atera «arraunlarien bila joan» baieztapena: «Gure egoitza ez dago Zarautzen; Aian gaude, ez gure herrian, eta herritarrek ez gaituzte ikusten arraunean. Horregatik, beste gauza batzuk asmatu, prestatu eta antolatu behar izaten ditugu Zarauzko umeak arraunera erakartzeko». Behin lan hori eginda, beste kezka bat hasten da bueltaka klubean: «Ume horiei nola eutsi asmatzea ez da erraza. Kontu egin soka hori mehea dela, erraz eteten dena, arrauna kirol oso sakrifikatua baita».

Eutsi zutenetako bat, iraun, Joanes Elizondo izan zen, 20 urteko zarauztar arraunlaria. Haurren mailan hasi zen beste batzuekin batera, eta, urtea urteari, denboraldi bat beste bati kateatuz, talde nagusira heldu zen duela bi urte; hirugarren denboraldia osatu berri du herriko taldean: «Gurea harrobiko lana da, eta elkarrekin hasitako arraunlariek lorpen hau lortzea sekulakoa da».

Klubean duela bi urteko udazkenean bizi izandakoari ere aparteko balioa eman dio: «Artola presidenteak deitu zidan esanez Anjel Larrañaga entrenatzaileak taldea utzi behar zuela. Kolpea izan zen guretzat, eta asko kosta zitzaigun taldea osatzea ere. Baina atera ginen uretara iazko denboraldian ere, eta begira, handik bi urtera, liga nagusian gaude. Ez sinesteko modukoa da».

Larrañagak zuzendaritzari jakinarazi zionean taldea utziko zuela, 2017ko udazkeneko egun ilun hartan, entrenatzailea aukeratu behar izan zuen Artolaren taldeak, eta Gari Urangaren aldeko hautua egin zuen. Herriko eta harrobiko arraunlaria zen, eta Hondarribian zebilen arraunean, baina onartu egin zuen etxekoen eskaintza. Bi urteko lanak fruitua eman du aurten, eta goi-goian utzi du Enbata, Zumaiara joan zenean laga zuen leku berean, hain zuzen ere. Zuzendaritzaren deia jaso zuenean eta baiezkoa eman, oso garbi zeukan zein bide hartu behar zuen taldeak: «Kirolean, bizitzan bezala, bidea oso garbi dago, eta lan egitea da, lan eta lan». Molde horren barruan, oso ondo zekien zer aldatu behar zuen Zarautzen: «Hondarribiatik nentorren, eta goi mailako taldea da. Entrenatu ere halaxe entrenatzen da han. KAE 1en eta Eusko Label ligen artean aldea dago, mailak berak bereizten duena, eta beheko ligako arraunlariei gehiago kostatzen zaie goikoek bezala entrenatzea. Ematen du liga nagusian egon gabe jaitsi egiten dela sakrifizioaren neurria, eta ahal denean entrenatzera joanda ezin da urrutira iritsi. Goian ibili nahi duenak goikoek baino sakrifizio handiagoak egin behar ditu».

Bistan da denek lan mardula egin dutela, eta egin beharko dutela hemendik aurrera ere. Beste hau ere oso garbi dauka Artola presidenteak: «Ez dugu filosofia aldatuko, diruak ezin baitu ezeren oinarri izan kirolean. Harrobiaren katea eteten ez den bitartean, segi egingo du arraunak Zarautzen».

Emakumeen trainerua nahi

Zarauzko Arraun Elkartean izan liteke beste albiste on bat datozen asteetan. Izan ere, zuzendaritza emakumezkoen trainerua berreskuratu nahian ari da. Gauzak nola dauden kontatu du Artolak: «Helburutzat jarri dugu traineruarena. Gure harrobian hazi eta hor zehar sakabanatuta dauden arraunlariak dauzkagu, eta harrobian lanean ari direnak ere baditugu. Lanean gabiltza, eta ea lortzen dugun». Duela sei urte atera zuen bakarrik azkenekoz trainerua Zarautzek, eta, gero, hiru urtez Getariarekin. «Asmoak hor segitzen du. Egun batzuetan baietz ematen du, eta hurrengoan ezetz. Ikusiko dugu zer gertatzen den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.