Zer nahi, huraxe egin dute

Reala liderra da Espainiako ligan. Aise ari da, puntuak erreskadan zakuratuz eta zelaian dotore arituz. Multzoaren batasuna eta norbanakoen kalitatea uztartzen ditu.

Realeko jokalariak, igandean, Mikel Oiartzabalek Celtari sartutako gola ospatzen. Neurketako bigarrena izan zen. SALVADOR SAS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Eskatzen hasita, nekez lortuko luke hobeagorik. Realak maila izugarri onean hasi du Espainiako Liga. Sailkapenaren lehen postuan dira txuri-urdinak, eta estatistika oso onak erdietsi dituzte lehendabiziko zortzi jardunaldietan. Bost irabazi ditu, azken laurak, segidan, eta gol gehien sartu dituen taldea da: hemezortzi. Lau besterik ez ditu jaso. Atletico Madrilek soilik hobetzen ditu datuak defentsako lanean: bi gol besterik ez dituzte jaso espainiarrek, baina bi partida gutxiago jokatu dituzte.

Nolanahi ere, Realaren bolada ona estatistikez harago doa. Jokoan erakusten ari den erraztasunak eta dotoreziak distira ematen dio sailkapenaren egiari: zer nahi, huraxe egiten dute zelaian. Honakoak dira aldarte onaren gakoetako batzuk:

TALDEAREN KUDEAKETA
Imanol, Realaren patroia

Adierazgarria izan zen oso udaberriko itxialdiaren ostean Realak Anoetan jarri zuen olana: Imanol Alguacil prestatzailea jokalari txuri-urdinez osatutako eskifaia zuen traineru baten gidari. Prestatzaile oriotarra da donostiarren gidaria. Norbanakoen gainetik multzoa ezartzea lortu du, eta, kalitate handientsueneko jokalarien zertzeladek hasiera onean berebiziko garrantzia izan duten arren, erabiltzen ari den futbolari kopuru handiak agerian utzi du Imanolek egindako kudeaketa.

Horrela, sasoia hasi zenetik 25 jokalari ezberdin aritu dira elastiko txuri-urdina soinean zutela. Joan den igandean, Martin Merquelanz eta Aritz Aranbarri batu ziren zerrendara; azken horrek estreinaldia egin zuen Realarekin. Azkoitiarraren aurretik, Urko Gonzalez de Zaratek egin zuen debuta, Real Madrilen aurka.

GILTZARRAPO BAT ATEAN
Remiroren aldeko apustua

Imanolek egindako apustu argienetako bat atekoa izan da: Alex Remiro jarri zuen hasieratik hamaikakoan, eta ezin hobeto erantzun du atezain nafarrak. Iragan sasoi amaiera aulkitik ikusi eta gero, itxura ona ematen ari da Remiro, eta funtsezkoa bilakatu da taldearen eskeman. Giltzarrapo bat da Cascanten (Nafarroa) jaiotako futbolaria. Partida guztiak jokatu dituzten taldeak kontatuta, golik gutxien jaso duen atezaina da: partidako, 0,5 gol egiten dizkiote.

Dena den, hortik harago doa Remirok taldean duen pisua. Maila handiko geldiketak egiten ari da, eta horrek konfiantza ematen die txuri-urdinei.

ATZEAN, SENDO ETA FINKO
Buruz ikasitako lerroa

Atzeko lerroa eskaintzen ari den sendotasunak lau izen-abizen ditu: Andoni Gorosabel, Aritz Elustondo, Robin Le Normand eta Nacho Monreal. Heldu den sasoira arte elkarrekin aritu gabeko defentsak ondo baino hobeto hartu du elkar, eta hori ezinbestekoa da Realaren jardun hertsian.

Bereziki azpimarragarria da Aritz Elustondok eta Robin Le Normandek erdiko postuetan osatutako bikotea. Beasaindarrak min hartu artean, lotuta aritu dira biak, eta erabateko segurtasun sentipena eskaini dio taldeari. Erdikoek ez ezik, hegaletakoek ere maila handia eskaini dute denboraldi hasiera honetan. Joseba Zalduak min hartu ondotik, Gorosabelek ederki probestu du bere aukera, eta eskuin hegalaren jabe egin da.

HERDOILIK GABEKO MAKINA
Birika eta zango onak

Realaren makina gela lan eta lan aritu da sasoi hasieran. Zelai erdiko jokalariek, Mikel Merino buru dutela, engranaje lanak egiten dituzte partida joan eta partida etorri: zelaiko jokalarien arteko lotura lanak egiten dituzte. Erdilari nafarra izan da Realaren itsasargietako bat orain artean; atseden gutxi hartu du, baina horrek ez dio eragin.

Haatik, harengandik gertu aritu behar izan dutenek ere egin dute aurrerako urratsa: Martin Zubimendik edota Ander Gebarak, kasurako. Harrobiko jokalariek osagarri lanak egin dituzte: seguru aritu dira euren egitekoetan. Birika eta zango onak dituzte.

GRINA, KALITATEA, GOLA
Izarrak hiru direla

Taldeari distira eman behar zioten jokalariek ez dute hutsik egin: aurkariak baino koska bat gorago ari dira Mikel Oiartzabal, David Silva eta Cristian Portu. Kapitainak berak biltzen ditu erasoko jokalari baten hiru ezaugarri nagusiak: grina, kalitatea eta gola. Sasoi ezin hobean dago eibartarra, eta taldeak eskertu egiten du hori.

Silva, aldiz, erosoago ari da partidak igaro ahala. Manchester Citytik heldutako jokalaria bere lekua egiten ari da taldean, eta horren adibide da azken asteetan eskaintzen ari den maila. Futbola ulertzeko duen gaitasunak eta paseak emateko duen kalitateak min handia egin die arerioei.

Portuk, bere aldetik, azken jardunaldietan jokatu ditu Realean denetik egindako minuturik onentsuenak. Baloia oinetan duela bere taldekideek adina distira ez badu ere, abiadurarekin eta grinarekin maila handiko jokalaria bilakatu da. Hark batu ditu zakura Realak egun dituen puntu asko. Zaleen kutun bihurtzen ari da pixkanaka.

ORDEZKOAK, FRESKO
Lehiari neurria hartuta

Ohiko jokalarien ordez aritu direnek egin dute modua Realak bere kolpeari eutsi diezaion. Freskotasuna eman diote taldeari Jon Guridi, Roberto Lopez, Adnan Januzaj eta enparauek, taldearen garaipenetan parte hartze garrantzitsua izateraino. Modibo Sagnan ere ari da pixkanaka neurria hartzen. Atzelariak Elustondo ordeztu du azken bi neurketetan, eta gero eta hobeto ari da. Aurreko bi erreferenteak, berriz, txandan-txandan ari dira. Willian Josek eta Alexander Isakek banatu egin dituzte minutuak, eta jardunaldiek aurrera egin ahala, aurkariaren atea zulatzen hasi dira. Haien beharrik gabe ondo baziren, zer esanik ez orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.