Saria eskubideen defentsari

Irango ekintzaile batek, AEBetako batek, Nikaraguako batek eta Bielorrusiako batek jaso dituzte aurtengo Right Livelihood sariak, 'Nobel alternatibo' esaten zaienak

arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Nasrin Sotudeh abokatu irandarra, Bryan Stevenson eskubide zibilen defendatzaile estatubatuarra, Lottie Cunningham Wren indigenen eskubideen aldeko ekintzaile nikaraguarra eta Ales Bialiatski ekintzaile bielorrusiarra saritu zituzten atzo Right Livelihood Award edo Nobel alternatibo gisa ere ezagutzen direnekin. Sariok 1980an hasi ziren banatzen, bakearen, justiziaren eta egonkortasunaren alde lan egiten dutenen ahalegina goratzeko. Geroztik, 72 herrialdetako 182 pertsonak jaso dute saria, tartean lehen aipatutako laurak.

Preso politiko eta oposizioko kideekin lanean aritzen den abokatu bat da Sotudeh. Iaz 38 urteko espetxe zigorra betetzera eta 148 zigorkada hartzera kondenatu zuten, «ustelkeria eta prostituzioa bultzatzea» egotzita. Aurten, hainbat gose greba egin ditu funtsatu gabeko atxiloketak eta presioen baldintza txarrak salatzeko.

Stevenson ere abokatua da, baina estatubatuarra. Oso bestelako borroka da harena: AEBetako justizia sistema erreformatzearen alde ari da lanean. Izan ere, datuek argi erakusten dute afro-amerikar eta hispanoak direla espetxeetan eta batez ere heriotzaren korridorean daudenetatik gehienak, nahiz eta biztanle gehienak zuriak izan. 1989an, Equal Justice Initiative egitasmoa jarri zuen martxan, hiltzera zigortutako presoei euren burua defendatzeko aukera emateko asmoz. Tarte honetan, hiltzera zigortutako 140 pertsona aske uztea lortu du, haien kontrako epaia bidegabea zela frogatuta.

Miskito etniako abokatu indigena bat da Cunningham, indigenen lurrerako eskubidearen alde lan egiten duena. Nikaraguan, indigenek euren lurretatik ihes egin behar dute maiz, nekazari eta abeltzain handiek miliziak bidaltzen dituztelako lur horiek bereganatzeko. Estatuak bazter uzten ditu indigenak, eta abantailak eskaintzen dizkie enpresa handiei. Cunninghamek lege aholkularitza eskaintzen die gazteei. 2001ean, esaterako, haren bitartekaritzarekin, Giza Eskubideetarako Amerikarteko Auzitegiak ebatzi zuen Nikaraguako Gobernuak herri indigenen eskubideak urratu zituela, haien ohiko lurretan zuhaitzak mozteko baimena emanez, aurrez haiekin hitz egin gabe.

Bialiatskik 1996. urtean sortu zuen Viasna giza eskubideen aldeko erakundea, Bielorrusian, arrazoi politikoengatik preso sartutako pertsonei laguntzeko. Geroztik, behin baino gehiagotan espetxeratu dute Bialiatskik bera, baita erakundea ikertu ere. Abuztuan Aleksandr Lukaxenko presidentearen aurkako protesten ondoren oposizioak izendatutako Koordinazio Kontseiluko kide izendatu dute ekintzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.