Blackwaterreko lau mertzenariori zigorra barkatu die Trumpek

Lau mertzenarioak zigortu zituzten 2007an Irakeko Nisur plazan 14 zibil hiltzeagatik, 2014an. AEBetako presidenteak 11 laguni eman die indultua, tartean bere aholkulari ohi bati

Paul Bremer, AEBetako Irakerako behin-behineko arduraduna, 2003an, Blackwaterreko mertzenarioez inguratuta. ALI HAIDER / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Blackwater segurtasun enpresa pribatuko lau mertzenariori indultua eman zien Donald Trump AEBetako presidenteak, atzo. Paul Slough, Evan Liberty, Dustin Heard eta Nicholas Slatten 2014ko urrian zigortu zituzten, 2007ko irailaren 16an Bagdadeko Nisur plazan hamalau zibil hiltzeagatik. Slatteni bizi osorako espetxe zigorra ezarri zioten, eta beste hirurei 30 urtekoa. Akusazioaren arabera, lau mertzenarioen ibilgailua AEBetako diplomazialariak babesteko konboi batean zihoan, Nisur plazan bildutako jende multzo bati tiroka hasi ziren. Gerora AEBetako Gobernuak berak plazaratu zuen txosten baten arabera, ez zegoen ekintzailerik tartean. Hala ere, mertzenarioek frankotiratzaileak, eskuko granadak eta arma automatikoak baliatu zituzten erasora jotzeko.

Mertzenario ohien aldekoek presio egin diote Etxe Zuriari lau zigortuei indultua eman diezaien. Indultuaren berri izan bezain laster, haietako baten abokatu Brian Heberligek salatu zuen ez zutela «minutu bakar bat ere» igaro behar espetxean: «Hunkituta nago azkenean kalera irten ahal izango direlako».

Nisur plazan gertatutakoa ez zen izan segurtasun enpresa horrekin lotutako sarraski bakarra, baina bai gogorrenetariko bat. Gertatutakoa ikertzera Irakera joandako FBIko kideetako batek «Irakeko May Laiko sarraskia» izan zela esan zuen, AEBek Vietnamgo May Lai herrian hildako zibilei erreferentzia eginez —aldi hartan soldadu bakarra zigortu zuten—. Hilketa haien ostean, saldu egin zuten enpresa, eta izena aldatu zioten. Gaur egun, Academy da, baina segurtasunaren arloan lan egiten du oraindik ere.

Ez da lehen aldia zibilen aurkako erasoak egiteaz akusatu eta zigortutako militar ohi eta mertzenarioei barkatzen dietena. Iazko azaroan, militar bati barkatu zioten ustezko erasotzaile afganiar bat hiltzeagatik jarritako zigorra, eta beste armadaburu bati ere bai, soldaduei hiru afganiar tiroz hiltzeko agintzeagatik.

Dena den, lau mertzenarioena ez zen izan Trumpek onartu zuen indultu bakarra; beste 11 laguni ere zigorrak kendu zizkien estatuburu errepublikanoak. Haietako bat da George Papadopulos. 2016ko presidentetzarako hauteskundeetan, Trumpen aholkulari izan zen Papadopulos, baina dimisioa eman zuen, eta aitortu gezurra esan zuela Errusiak bozetan izan zuen esku hartzeari buruzko ikerketan.

Aholkulari ohiarekin batera, German Khan Errusiako enpresari milioidunaren suhia ere barkatu du. Alex van der Zwaani 30 eguneko atxiloaldia eta 20.000 dolarreko isuna ezarri zioten Robert Mueller justizia aholkulari bereziak Errusiaren esku hartzeari buruzko ikerketan gezurra esateagatik.

Bin Salman

Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa izan liteke Trumpen indultua jasotzen hurrengoa. Hala aurreratu dute Etxe Zuriko iturriek. Bin Salmani egozten diote Kanadan bizi den Saudi Arabiako informazio zerbitzuetako kide ohi bat hiltzen saiatu izana. Hari immunitatea bermatuko lioke barkamenak, eta aldi berean lege oinarria ezarriko luke haren aurkako beste auzi batzuk ere atzera botatzeko.

Bin Salmani egozten dizkioten delituen artean dago Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketa agindu izana. 2018ko urrian hil zuten Khaxoggi, Saudi Arabiaren Istanbulgo (Turkia) kontsuletxean zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.