Espainiako Kopako finala

Ozen egin nahi dute orro

Athleticen zaleak «guztiz konbentzituta eta sinetsita» daude Espainiako Kopako finalean irabazi egingo diotela Bartzelonari. Superkopan egindako balentria dute akuilu.

Resu Casanova, ezkerretik bigarrena, zale taldeko beste hainbat kiderekin. BERRIA.
Mikel O. Iribar.
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Duela bi aste, Realaren aurkako Espainiako Kopako finalaren ostean eta biharamunean, ez zen giro athleticzaleen etxean. Porrota ez da inorentzat gustukoa izaten, eta are gutxiago ondoko bizilagunaren aurka galtzen bada. Egiari zor, jarraitzaile zuri-gorri gutxik ukatuko zuten kolpe galanta hartu zutela. Ondorengo egunetan lokartuta egon dira, baina badoaz lozorrotik esnatzen, apurka-apurka; bihar beste aukera bat izango baitute kopa harramazkatzeko eta bereganatzeko, Bartzelona ahalguztidunari irabazten badiote. Eguna gerturatu ahala, zaleen animoak handituz doaz, baina ez bakarrik Euskal Herrian, baita Herrialde Katalanetan ere. Han ere badira Athleticen zale taldeak.

Athleticzaleen begiak biharko partidari begira dauden arren, orain bi aste bizitakoa zaila da ahazten, eta bizipen mingotsak izanda, orduan eta nekezago da. «Partida amaitu orduko telebista itzali nuen. Ohera joan, eta ordu luzez lorik egin gabe egon nintzen. Dezepzio handia hartu nuen». Resu Casanova (Bilbo, 1968) Athleticeko jarraitzailearen aitorpena da hori. «Triste eta gaizki» amaitu zuen eguna Juan Mari Zenitagoiak (Elorrio, Bizkaia, 1963) ere: «Pentsa, txakurrarekin belardira atera nintzen haizea hartzera. Realak merezi izan zuen irabaztea». Katalunian bizi diren zale zuri-gorriak ere «etsipenak jota» ziren. Mikel Regoren (Algorta, Bizkaia, 1990) kasua da hori: «Zorionez edo zoritxarrez, izurriagatik etxean bakartuta nengoen, baina, behintzat, ez nuen kalean burua makurtuta ibili beharrik izan».

Hala eta guztiz ere, duela bi aste bizitakoa nolabait alde batera utzi, eta bigarren finalari begira daude jada. «Haragia berriz ere burruntzian jarri behar dugu, eta taldeari bultzada eman», esan du Casanovak. Zenitagoiak ere bide beretik jo du: «Indarrarekin joan behar dugu. Ea Yeray [Alvarez] eta Yuri [Berchiche] garaiz osatzen diren». Regok, ordea, aitortu du animoz oraindik «baxu» daudela: «Baina baloia jokoan jarri orduko, umorea aldatuko zaigu».

Hiruek gaztetatik jaso dute sentimendu zuri-gorria. Casanovari aitak «berehala» transmititu zion: «Haurra nintzela, harekin ikusten nituen partidak telebistaz, eta galtzen zihoazenean, bere onetik ateratzen zen. Orain ni ere horrelakoa naiz; odolean daramat». Etxean baino gehiago, kuadrillako lagunen bitartez kateatu zen Zenitagoia: «Baserrian bizi nintzenez, herri kirolak asko ikusten genituen, eta futbola ez genuen apenas ikusten». 16 urterekin hasi zen San Mamesera sarri-sarri joaten; zeinekin, eta Mikel Oiartzabal Realeko jokalariaren osabarekin: «Garai hartan Herri Norte Taldeko kideak egin ginen; zale sutsuak ginen». Rego, Zenitagoia bezala, lagunartean egin zen zale: «Aita Gijongoa da, eta ez zen inondik ere athleticzalea, bazkide egin nahi nuela esan nion arte. Oraindik ere bazkide naiz, nahiz eta Katalunian bizi naizen». Ikasketengatik, sorterria utzi, eta Kataluniako bidea hartu zuen. 12 urte daramatza Sant Cugat del Vallesen bizitzen, Bartzelonatik gertu.

Futbolak jende askoren bizitzan garrantzi handia duela eta, lagunarteak eratu dira kirol horren bueltan, baita talde kutunaren zale taldeak ere, herriz herri. Hain zuzen, Casanova Bilboko Etxebarriko (Bizkaia) Baikara Athletic Taldeko diruzaina da; Zenitagoia, berriz, Peña Athletic Elorrixo taldeko presidentea. Aitortu dutenez, bien kasuan, «bat-batean» sortu zen zale taldea sortzeko proposamena, eta beraiek bat egin zuten.

Athleticzaleak, Euskal Herrian ez ezik, munduan barrena barreiatuta daude, hala nola, Katalunian. Hain justu, Rego Sant Cugat del Vallesera joan zenean, 2003an sortutako Peña Athletic Club Bilbo Ondokoak taldearekin egin zuen topo. «Sortzaile gehienak katalanak ziren, baina baziren zenbait euskaldun ere». Gainerako herritarren artean ez zen gaizki ikusi; alderantziz baizik. «Bartzelonako jarraitzaileek, bereziki, Athletici maitasun handia diote; arrazoi politikoengatik katalanek eta euskaldunok antzekotasun handia dugulako izan daiteke». Hasierako urte haietan, 60 bazkide izatera iritsi ziren. «Egun, ordea, 26 kidek osatzen dugu; egungo egoerak ez baitu askorik laguntzen».

«Handia izango litzateke»

Bai Casanovak, baita Zenitagoiak ere Athleticen urterik loriatsuenak bizitzeko parada izan zuten. Biek buruan iltzatuta dute 1984an Kopa irabazi zutenekoa. Zenitagoiak hartu du hitza: «Soldaduskan nengoen ni, Madrilen. Irabazi genuenean, ostiralean kuarteletik atera, eta astelehenera arte ez nintzen azaldu. A zer giroa zegoen». Casanovak, berriz, ospakizunetako uneak ekarri ditu gogora: «Gabarra atera zutenean ikaragarria izan zen. Nire ilobak orain 17 urte ditu, eta, haren azalean jarrita, pentsatzen dut: 'Handia izango litzateke Kopa irabaztea'».

Realaren aurkako partida kenduta, Athleticek Bartzelona izan du aurkari Kopako azken hiru finaletan, eta hiruetan esku hutsik itzuli da etxera. «Laugarrengoan, bai!», atera zaie barrutik Casanovari, Zenitagoiari eta Regori. Espainiako Superkopan egindako balentria dute akuilurik onena.

Zenitagoiaren ustez, lehen minutuak «erabakigarriak» izango dira:«Partidaren traza zein den erakutsiko dute». Eta Athleticek zer egin behar du Bartzelona garaitzeko? Erantzun garbia bota du: «Korrika egin, euren zelaian presioa egin, kontraerasoei etekina atera... amestu dezagun!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.