Eskutik da, eta hordago joko du

Realak Atletico Madrilen zelaian jokatuko du gaur. Ustez, geratzen zaizkion hiru partidetatik zailena da. Irabaziz gero, ondo bideratuko du bosgarren postua eskuratzea

Robin Le Normand, Luis Suarezekin lehian, Realak eta Atletico Madrilek denboraldi honetan Anoetan jokatutako partidan. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Sasoi luzea arrastoa uzten ari da Espainiako ligan, eta azken jardunaldietan kartak ondo jokatu nahi dituzte talde guztiek. Zer esanik ez jokoan asko dutenek. Reala da denboraldia sari bat eskuratuz amaitu nahi duten talde horietako bat, Europa ligarako sailkatuta, eta akidurak akidura, helburua lortu arteko bakerik ez du.

Txuri-urdinek abantaila dute Vila-real eta Betis aurkari zuzenekiko. Bosgarren dira sailkapenean, eta beren eskura dute postu horretan amaitzea. Horretarako, hiru partidatan besteek baino puntu gehiago biltzea du xede, gaur bertan hasita. Atletico Madrili irabazi nahi dio horretarako; liga irabazteko lehia betean dagoen taldea da, eta haien etxean ariko dira, gainera. Ez du axola: Realak handira joko du hordagoa, gaur gailenduz gero birtualki sailkatuta legokeelako.

Gaurgero, bederatzi puntu banatuko dituzte txapelketa amaitu artean, eta, haietako hiru lortzeko bidean, hezur gogorra da Atletico Madril. Etxean jokatu dituen hamazazpi neurketetatik hamahirutan gailendu da, eta bakarra galdu du. Bada Wanda Metropolitano estadioko nagusitasuna ageriago uzten duen beste datu bat, ordea: hamar aldiz utzi du atea hutsean. Ez alferrik, Jan Oblak baita ligan gol gutxien jaso dituen atezaina: 35 partidatan 22 gol egin dizkiote. Batez beste, gol bat baino gutxiago neurketako.

Estatistikek espainiarrak jotzen dituzte faborito, baina donostiarren «gogoa» baliatu nahi du Imanol Alguacil teknikariak: «Ez da zelai erraza, ezta talde erraza ere. Urtean zehar orekatuena izan da. Partida bakarra galdu du etxean, eta bederatzi gol besterik ez du jaso. Dena aurka dugu, baina ilusioa, gure alde».

Irabazteko, baina, bere kartak ondo jokatu behar ditu Realak. Zelaiko errege izan den Mikel Merino min hartuta dago, eta Carlos Fernandez zaldun gerlaria ere ez dago jokatzeko. Bai, ordea, taldearen artilleriako beste zenbait jokalari: Asier Illarramendiren eta David Silvaren kasua da. Prest dituen jokalarien zerrenda luzeagoa da orain aste batzuetakoarekin alderatuta, eta horri zukua atera nahi dio Imanolek: «Madrilera doazenak, ondo daude. Orain, nekea badago, eta batzuei kosta egin zaie suspertzea. Azkenera arte itxarongo dut hamaikakoa erabakitzeko».

Imanolek 24 jokalari eraman ditu, eta haien artean da Jon Pacheco erdiko atzelaria. Merinok eta Fernandezek ez ezik, Aihen Muñozek eta Luca Sangallik ere ez dute gehiago jokatuko sasoi honetan, eta etxean geratu dira.

«Jokatzeko erari adi»

Atletico Madril gorengo koskara eraman duen Diego Pablo Simeonek oso berea du ezaugarri bat: taldea beharretara egokitzen daki. Neurketaren atarian nahiz hura jokatzen ari den bitartean, aurkariaren eta unearen arabera antolatzen du multzoa, eta horrek zail jartzen du haien arrastoari segitzea.

Hala uste du Imanolek ere: «Talde bikaina dute, eta entrenatzailea ere halakoxea. Lan handia egin dute, bestela ezinezkoa litzateke horren ondo aritzea. Entzun nion Simeoneri; beti dago lehen aldi bat. Ea, bada. guretzat oraingoan den».

Haien jokoari adi egotea garrantzitsua izango da iluntzean, beraz, eta hori azpimarratu du Imanolek: «Urtean zehar boladak izan dituzte. Batzuetan, jokoaren zama beren bizkar hartu dute, eta, besteetan, ez zaie horrenbeste axola izan, aurkariei baloiaren gidaritza utzi baitiete. Modu ezberdinetan jokatzeko gai dira, eta era guztietan indartsuak dira. Horregatik daude hor goian. Bestela, ez lirateke lehen postuan egongo».

Jadanik, iazkoaren pare

Realak hamasei garaipen eskuratu ditu jada, eta 56 puntu zakuratu. Iazko kopuru berberak dira, eta haiek hobetzeko aukera badu oraindik. Horrek adierazten du txuri-urdinen jardun ona: «Izugarrizko sasoia egiten ari gara, eta ginga jarri nahi diogu. Eta hori bosgarren eginda eta Europa ligan sartuta lortzen da. Kluba ondo dago, eta amaiera ona eman nahi diogu». Conference ligarako aukera bermatuta, Europa ligakoa nahi du orain: «Esan nuen: azken partidan erabakiko da guztia», azpimarratu du Imanolek. Horren aurretik, baina, lorpena bideratu nahi du gaur. Kontrarioak karta hobeagoak baditu ere, hordagoa joko du. Sari handia eskuratu dezake.

ATLETICO MADRIL-REALA
Atletico Madril. Oblak; Trippier, Savic, Felipe, Hermoso, Carrasco; Kondogbia, Llorente, Koke; Correa eta Luis Suarez.
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Gebara, Zubimendi, Silva; Portu, Isak eta Oiartzabal.
Epailea. Cuadra Fernandez.
Lekua. Wanda Metropolitano.
Ordua. 22:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.