«Uste nuen ez nintzela osatuko»

Lointek Gernikak irabazi beharra du gaur Leganesen, kanporaketan sartzeko aukerei eusteko. Sasoiaren hasiera iluna argituko lioke sailkatzeak Roso Buchi.

Roso Buch partida aurreko ariketak egiten Espainiako Kopako finalerdian, Valentzian. MARIA MENTXAKA / LOINTEK GERNIKA.
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Telefonoaren bestaldean, «hola» bat entzun da, katalan doinu garbi-garbian. Roso Buch da (Mataro, Katalunia, 1992). Gazteleraz aritu da BERRIArekin, baina hitz bakoitza ahoskatzen duen eran ahoskatuta, jatorriak eta sustraiak erakusten ditu. Izan zitekeen Irene Solaren Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak eleberriko protagonistetako bat, baina saskibaloi jokalaria da Lointek Gernikan 2020tik. Dantzatu pistan egiten du, baloiarekin eta baloirik gabe, eta azkenaldian taldeari kantatu egiten dizkio jokaldiak, joko antolatzaile ari delako Itziar Ariztimuñoren lesioa tarteko.

Twitter kontuan, argazki nagusiaren azpian esaldi hau ageri zaio, ingelesez: «Zoriontsu izatea da inoiz har dezakezun erabaki indartsuena». Bizitzeko lema, eta saskibaloian jokatzeko ere egokia Buch jokatzen ikusita. Berez, eskolta da, baina ez da hor ari orain. Ezberdina da jokoa antolatzea, ardurak ere bai, baina bietan ateratzen zaio berezko ezaugarrietako bat: «Pixka bat zoroa naiz jokoan». Zoro alaia, bizitzan eta saskibaloian zoriontsu izateko bidean dantzan.

Hala ere, dantzan egin ezinda geratu zen iazko uda bueltan. Aurreneko lesio larria, eta oraingoz bakarra: «Ezkerreko orkatilean ebakuntza egin zidaten». Uda osoa pasatu zuen osatzen eta sendatzen. Eta itzuli zen Gernikara sorterritik, jokatzeko eta gozatzeko irrikaz. Gogoa baino zerbait gehiagorekin, hortaz. Presaka, aitortu duen moduan: «Azkarregi nahi izan nuen ondo jarri, taldeari denboraldi honen hasieratik laguntzeko, eta damutu zitzaidan». Lehen itzuli petrala pasatu zuen: «Minez jokatu nuen. Orkatilean ez bazen, bikietan zen, edo, bestela, behatzetan». Gehiago dantzatuko ez zela ere pentsatu zuen: «Pentsatu ere egin nuen lesioaren aurreko egoerara ez nintzela itzuliko, ez nintzela osatuko».

Jokatzen segitu zuen, dena den, eta kirolari askoren kasuan ezkutuan geratzen den egoera bati argia piztu dio: «Gehienok jokatzen dugu minez, baina taldetik kanpokoek ez dute jakiten horren berri, eta berdin-berdin eskatzen digute beti gure onena emateko».

Gernika, alde horretatik, leku erosoa dela gaineratu du: «Hemen ez dugu kritika asko jasotzen».

Autokritikari bide egin dio orain, zintzo onartuz taldea ez dela nahi bezala ibili sasoi honetan: «Bigarren itzuli oso txarra egiten ari gara. Oso irregularra, eta garai oso gogorrak pasatuz, nekea hanketan eta buruan. COVID-19ak ere harrapatu gintuen, eta hilabete baino gehiago egon ginen jokatu gabe. Partida asko segidan galdu genituen».

Orain hobeto dabil, baina, taldea: «Kopan finalerdietara sailkatu izanak asko eman zigun, eta finalerdietan oso ondo lehiatu ginen Avenida indartsuaren aurka, galdu arren». Hobekuntza horrekin batera, adibidez, azkeneko garaipena heldu da: aurreko larunbatean, Prometeren aurka, non eta Miribillan, klubaren 25. urteurrenaren ospakizunaren barruan: «Festa giroa izan zen [4.000 zale pasa bildu ziren], eta klubak behar zuen horrelako zerbait. Baita taldeak ere, nola ez».

Festa singularretik pluralera eraman nahi dute orain. Kanporaketak. Horra beste izen bat, pluralean. Talde bat baino gehiago zortzi onenen artean, liga zeinek irabaziko. Gernika da zortzigarren, baina ez du lotua sailkatzea. Hiru partida geratzen zaizkio [bat, atzeratua], eta Buchek eginda dauzka kontuak, «kalkuluak», haren hitzetan.

«Hirurak irabazita, barrura»

Lehendabizikoa gaur bertan daukate Buchek eta taldekideek, Leganesen aurka, han (20:00). Irabazi egin behar: «Gakoa da guretzat garaipena ekartzea, kontuan izanda azkeneko partida Girona indartsuaren aurka dugula». Azkeneko hori, gaurkoa eta tartekoa irabazita [La Seuren aurka, Gernikan], barruan lirateke: «Baiezkoan nago: hirurak irabaziz gero, kanporaketetan izango gara». Bestela, «kalkuluak» egin behar: «Beste bi partidak irabazita, lehiakide ditugunen emaitzak ere gure aldeko beharko genituzke».

Zazpigarren edo zortzigarren bakarrik izan daiteke Gernika. Kanporaketarako sailkatuz gero, horrek zer esan nahi duen ondo daki Buchek: «Zortzigarren bagara, Avenida izango genuke aurkari, eta zazpigarren bukatuz gero, Valentzia ziurrenik. Biak ere zailak. Baina lehendabizi sailkatu egin behar dugu, gure helburu hau bete».

Horrekin, beste zerbait ere lortuko luke taldeak: «Denboraldia luzatuko genuke». Izan ere, oso goiz bukatzen da Ohorezko Maila kanporaketak harrapatzen ez dituzten taldeentzat. Lau hilabete saskibaloirik gabe: «Gehiegi da», kexatu da Buch. «Jokalarien sindikatua eskatzen ari da luzatzeko denboraldia, baina oraingoz, ezer ez». Ez luzatzearen eragina ez da bakarrik ligarik gabeko tarte luzea. Harago doa, Gabonetan lehiatzen segitu beharraz eta etxekoak ez ikusteaz aparte: «Lau hilabetez egoten gara sosik kobratu gabe», azaldu du Kataluniakoak. Batzuek langabezia jasotzen dute; beste batzuek campusak antolatzen dituzte; beste hainbat Argentinara edo WNBAra joaten da jokatzera, adibidez».

Buchek ez bat, ez bestea, ezta hirugarrena ere aurtengo udan: «Orkatila ondo sendatzeko baliatuko dut uda. Atseden ere hartuko dut, etxekoekin egongo naiz, eta bidaiaren bat ere egingo dut». Saskibaloia ez du baztertuko: «Entrenatzailea daukat, eta fisikoa landuko dut, saskibaloia ere bai, eta burua ere bai, trebatzailearekin».

Eta, gero, zer? «Kontratua amaituko zait, eta ez dut hitz egin ordezkariarekin eta klubarekin oraindik. Ondo bukatu nahi dut, eta gero gerokoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.