Sugarra piztu zaio berriro

Asobal ligan azken urtea egiteko asmoz joan zen Iker Serrano Benidormera, baina horren gustura ari da, ziurrenik beste urtebetez jarraituko du jokatzen.

Iker Serrano, jaurtitzen, denboraldi honetan Benidormen Bartzelonaren aurka jokatutako Asobal ligako partidan. BENIDORM.
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Herriko erretiratuen artean destinoren batek betidanik arrakasta izan badu, Benidormek izan du (Herrialde Katalanak). Hango klima aproposa amu bikaina izan da euskal herritarrak erakartzeko. Horregatik, gogotik jo zioten adarra Iker Serranori (Urretxu, Gipuzkoa, 1984) duela urtebete, 37 urte betetzear zela, Bidasoa utzi eta Benidormen jokatuko zuela esan zuenean. «Gustura egin zidaten barre. Pentsioduna eta halakoak deitu zizkidaten», gogoratu du, umoretsu. Bost axola hari. «Bost urte neramatzan Bidasoan, eta urte oso intentsuak izan ziren. Ziklo bat bukatu eta beste bat hasteko gogoa sentitu nuen».

Fernando Latorre Benidormeko entrenatzaileak konbentzitu zuen beste urtebetez jokatzen segitzeko. Erretiroa hartzekotan zen. «Uzteko asmoa nuen, baina Fernandok iritzia aldarazi zidan. Harreman estua dugu, bi urtez jokatu baikenuen Sagunten. Ondo saldu zidan egitasmoa, eta baietz esan nion». Urtebeterako sinatu zuen: «Urtebete eta kito. Gero, utzi egingo nuen».

Baina «espero ez bezala» ari da gozatzen. Bikain ari da Benidorm: Asobal liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan, laugarren dago sailkapenean; liga horrela amaituko balitz, Europako Liga jokatuko luke datorren denboraldian. Ezustean hartu du taldearen jardunak baita Serrano bera ere. «Ez genuen espero horren goian egotea, aldaketa asko izan baitziren. Zalantza zegoen ea nola moldatuko ginen. Seigarren eta hamargarren postuen artean egotea espero genuen. Hasieran, kosta egin zitzaigun gure jokamoldea topatzea, baina hori lortuta, gorakada handia izan dugu. Puntu asko lortu ditugu etxetik kanpo. Zer gerta ere, bikaina da sasoia. Ea azken lau partidetan egiten ari garen lan ederra biribildu dezakegun».

Bi gako nabarmendu ditu: «Batetik, jokamolde bat baino gehiagora moldatzen gara, bai defentsan, baita erasoan ere. Aurkariaren arabera joko bat edo beste bat egiten dugu. Bestalde, jokalari bakoitzak oso argi du bere rola. Inor ez da kexatzen, eta elkarrekin goaz denak. Gozatzen ari gara».

Mila gol baino gehiago

«Oso gustura» dabil: «Partida bat ez beste, guztiak jokatu ditut [25], eta datu oso onak lortzen ari naiz [83 gol, hiru baino gehiago neurketako]. Oso pozik nago». Horrenbeste, hasierako asmoa aldatu eta beste urtebetez segitzekotan dago. «Ziurrenik, beste urtebetez segituko dut. Taldea bikain ari da, pandemia bukatu da, ikasten hasi naiz berriro... Dena ondo doanean, oso zaila da ez segitzea. Azkenak bagina, ez nukejarraituko, baina sentipenei egiten diet kasu, eta oso gustura nago. Gozatzen ari naiz berriro».

«Garrantzitsua» sentitzen da. «Bidasoan kapitain izateak dakarren guztiarekin nekatuta amaitu nuen, baina hona etorri, eta, bigarren kapitaina naiz jada», dio, barrez. «Maitatua» sentitzen da, eta hori argi geratu zitzaion duela hilabete, Asobal ligan milagarren gola sartu ondoren etxean egin zioten omenaldian. «Polita izan zen. Uste dut liga jokatzen ari garenen artean bakarrik hiruk gainditu dugula langa hori: Julen [Aginagalde] eta Ivan [Nikcevic, taldekidea] dira beste biak. Inoiz ez nuen pentsatuko hori lortuko nuenik, eta garrantzitsua izanda lortu dut, arrastaka ibili gabe; balio handia ematen diot horri». 2003an egin zuen debuta Asobal ligan, Bidasoarekin, Palaun, eta hamahiru sasoi pasatxo egin ditu maila nagusian: hiru hilabete Bidasoan, hiru urte Almerian, bi Arraten, beste bi Sagunten, bost Bidasoan eta hau Benidormen. 375 partida jokatu ditu, eta 1.019 gol sartu.

Pistan bezain gustura dabil pistatik kanpo ere. «Ezusteko handia» hartu du. «Benidorm ez da bakarrik turismo destino handia. Mendi asko eta ederrak ditu inguruan; eta niri, izugarri gustatzen zait mendia. Gastronomia bikaina ere badago, baita kultur eskaintza zabala ere». Klima ere azpimarratu du, baina kexu da: «Azkenaldian euri asko egiten ari da».

Hirutan jokatu du Bidasoaren aurka: bitan Espainiako Kopan, eta behin ligan. «Arraroa» izan zela dio. «Aurrean nituen guztiak ezagutzen nituen. Jacobori [Cuetara, Bidasoako entrenatzailea] adarra jotzen diot: hiru partidetatik bi irabazi dizkiegula. Aho txikiarekin esaten diot, azken partida Irunen jokatuko baitugu». Adi erreparatzen dio bere taldea izan zenari. «Ikusgarri» ari dela dio. «Guztiek dakite zer egin behar duten, eta hori da haien indarra. Liga luze batean oso zaila da Bidasoari puntuak kentzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.