Inoizko Euroligarik gogorrena

Urtero maila hobetuz badoa ere, Europako izarren ligak gogoangarria izateko osagai guztiak ditu sasoi honetan. Hemezortzi talde lehiatuko dira gorenera iristeko asmoz.

Shane Larkin eta Vasilje Micic, Efeseko bi izarrak, azken Euroligako finala irabazi berritan, elkar besarkatzeko prest. ANDREJ CUKIC / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bueltan da Europako taldeen arteko lehiaketarik onena. Gaur hasiko da 23. Euroliga, eta lehen aldiz ez da Euroligako ereserkirik entzungo Errusiako pabiloietan. Virtus, Partizan eta Valentzia izango dira berritasunak, eta Baskoniakkanporaketetarako lehian sartzearekin egingo du amets. Baloia airera botatzea besterik ez da falta.

BERDINTASUNA NAGUSI
Iragarpen zaila

Sasoi honetakoak inoizko Euroligarik onena izateko osagai guztiak ditu. Talde ugari espero dira kanporaketetarako sailkatzeko borrokan, baina denek ez dute tokirik izango .

Faborito nagusia azken bi urteetako txapelduna da: Efes. Vasilje Micic eta Shane Larkin dira taldeko izarrak, eta proiektuan mantentzea lortu dute turkiarrek. Hori nahikoa ez, eta Will Clyburn eta Ante Zizic ere fitxatu dituzte. Zail da turkiarren bostekoa hobetzea, baina aulkian egongo direnak ere maila handikoak dira. Helburua bakarra da: gorenean jarraitzea.

Real Madril eta Bartzelona dira turkiarrak gorenetik kentzeko faborito nagusiak, sona handiko fitxaketak egin baitituzte. Real Madrilek aurrerapausoa eman du Dzanan Musaren, Sergio Rodriguezen, Mario Hezonjaren eta Petr Cornelieren fitxaketekin. Pablo Lasoren agur gaziaren ostean, Chus Mateok gidatuko du taldea. Bartzelonak 180 graduko bira eman dio proiektuari, azken bi sasoietan garaipenetik gertu egon ondoren. Sarunas Jasikeviciusek argi zeukan proiektuak aldaketa bat behar zuela, eta, besteak beste, Jan Vesely eta Tomas Satoransky txekiarrak fitxatu dituzte.

Milanek ere ez du atzean gelditu nahi izan. Brandon Davies, Billy Baron, Kevin Pangos eta Johannes Voigtmann fitxaketa handiak dira, eta hamasei jokalariko talde handia osatu dute. Rockero zahar bat izango dute aulkian: Ettore Messina.

Fenerbahcek ere, azken urteko desengainuak ahaztu, eta goi mailako fitxaketak egin ditu. Dimitris Itudis entrenatzaile greziarra izango da gidari berria, eta Nick Calathes, Nemanja Bjelica eta Scottie Wilbekin ekarri dituzte taldea hauspotzeko.

Maccabik bederatzi urte daramatza Lauko Final batean egon gabe, eta ia talde osoa berritu du; izen handiko jokalariekin, gainera. Wade Baldwin, Lorenzo Brown, Josh Nebo eta halako jokalariekin, ikuskizuna ziurtatua dago Israelen, baina jokalari multzoa talde bihurtzea lortu beharko du Oded Kattash entrenatzaileak.

Beste hainbat talde ere izango dira lehia horretan. Grezian oso zaila izango da irabaztea, eta Olympiakosek eta Panathinaikosek bertan oinarritu nahi dituzte euren aukerak. Pireokoek jarraipena eman diote Lauko Finalera iritsi zen taldeari, eta Panathinaikosek, aldiz, guztiz aldatu du multzoa —zortzi fitxaketa egin dituzte—. Monako ere oso talde sendoa da, eta, dirua erruz izateaz gain, jokalari bikainak ditu; Mike James, Donta Hall,John Brown III.a...

HUTSUNE NAGUSIAK
Lehenengoz, errusiarrik ez

Euroliga sortu zenetik lehenengoz, ez da Errusiako talderik izango Europako lehiaketetan. 2000. urtean sortu zen Euroliga, eta Moskuko CSKAk A lizentzia eduki du ordutik. Hala ere, Euroligak Errusiako taldeen parte hartzea bertan behera utzi zuen iragan sasoian, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenean. CSKA, UNICS Kazan eta Zenit San Petersburgokoa lehiaketatik kanpo gelditu ziren. Berriz ere debekatu egin diete lehiaketan parte hartzea.

Kanporaketa horien erantzun gisa, eta berriro ere hemezortzi taldeko ligaxka izateko asmoz, Euroligak bi talde gonbidatu ditu lehiaketara: Partizan eta Valentzia. Serbiarrek bigarren tokian amaitu zuten ligan, Izar Gorriaren atzetik. Valentziarrak, berriz, Eurokopan txapeldunorde izan ziren, eta ACB ligan Baskoniak kaleratu zituen final-laurdenetan. Alex Mumbru Bilbo Basketeko prestatzaile ohia da valentziarren entrenatzaile berria.

PARTIZAN ETA VIRTUS
Nostalgia zaporea

Virtus Bologna eta Partizan bueltan dira Europako saskibaloi txapelketa nagusian. Partizanek 2013-2014 denboraldian jokatu zuen azkenekoz Euroligan, eta Virtusek 2007-2008an. Bi klubekjokalari multzo garrantzitsua mantendu dute, eta fitxaketa deigarriak ere egin dituzte udan.

Entrenatzaileak ere ez dira nolanahikoak: Sergio Scariolo eta Zeljko Obradovic, hurrenez hurren. Europako entrenatzaile onenetarikoak dira biak ala biak. Obradovic Euroliga gehien irabazi duen entrenatzailea da bederatzi irabazi ditu. Scariolok zenbait liga eta kopa irabazi ditu, baina, Espainiako selekzioarekin du garaipen zerrendarik handiena. Lau aldiz irabazi du Europako Txapelketa, eta behin Mundukoa.

Virtus Bologna Italiako eta Europako saskibaloiaren historia da. Europako Kopa bat irabazi zuen 1997-1998 denboraldian. Baita historiako lehen Euroliga ere: 2000-2001ean, Baskoniaren aurka. Iragan sasoian Eurokopa irabazi zuen, eta jarraipena eman diote taldeari. Aurrekontu handia dute, proiektu sendoa eta pabiloi berri bat ere eraikiko dute Europako izarren artean tokia egin nahian.

Azken urteetan Izar Gorria aurretik izan badu ere, Partizan beti ibili da Europako lehiaketetan sartu-irtenak egiten. Beti izan da harrobiko kluba, baina beste norabide bati ekin diote. Obradovic fitxatu zuten entrenatzaile gisa, eta proiektuak aurrera jarraitzen du. Aurrekontua handituta baina Euroligako aberatsenetatik urrun, Errusiako taldeen gatazkaren ondoren jaso dute gonbidapena. Serbiarrak bueltan dira, eta inork ez ditzala kanporaketetarako lehiatik kanpo utzi.

CAZOO BASKONIA
Esperantzara kondenatua

Joan Peñarroya Baskoniako entrenatzaileak ez du lan erraza izango Euroligako aurreneko esperientzian. Arabarrek jokalari garrantzitsuak galdu dituzte, eta fitxaketak profil apalagokoak izan dira. Darius Thompson izango da taldearen antolatzaile nagusia, eta Markus Howardek eta Daulton Hommesek sartu beharko dituzte puntuak.

Ilusioz, Baskonia den moduan agertzea izan beharko du taldearen helburu nagusiak. ACBko aurreneko neurketetan, taldeak erakutsi du zertarako gai den. Umiltasunez, baina beldurrik gabe. Peñarroyak erasoan lortu nahi duen joko alaia burutzeko, defentsan egongo da giltza. Oraindik jokalari bat falta da taldea osatzeko, baina talde handiekin lehiatzeko gai dela erakutsi dute arabarrek ligako aurreneko bi neurketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.