Aragonesek ez dauka etsitzeko asmorik, PSOEk ezetz esanda ere

Moncloak esan du «inoiz» ez dutela galdeketa bat antolatuko Katalunian. Generalitateko presidentearen arabera, Kataluniak eskubidea du bere etorkizuna «libreki erabakitzeko»

Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidentea, atzo, Kataluniako Parlamentuan hitz egiten. MARTA PEREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
ERC Esquerra Republicanaren asmoa da Kataluniarentzako autodeterminazio erreferendum bat adostea Espainiako Gobernuarekin. Hori jakinarazi zuen Pere Aragones Generalitateko presidenteak irail amaieran, galdeketa lotesle hori zehazteko argitasun akordio bat proposatu zuenean. ERC txosten politiko bat bozkatzekoa da datorren urtarrilaren 28an, eta duela hiru egun militanteei bidalitako zirriborro batean erreferendum horren bide orria zehaztu zuen: gauzatu ahal izateko, parte hartzeak %50ekoa izan beharko du gutxienez, eta independentziaren aldeko botoek %55 baino gehiago izan beharko dute. PSOEko zenbait agintarik segituan erantzun diote Katalunian ez dutela independentzia erreferendumik antolatuko, «konstituzioaren kontrakoa» delako, besteak beste. Baina Aragonesek atzo adierazi zuen ez duela etsiko, Moncloak ezezkoa eman dion arren adostutako erreferendum bat negoziatzeari.

Kontrol saioa izan zuten atzo Kataluniako Parlamentuan, eta han mintzatu zen Aragones. Nabarmendu zuen Kataluniak eskubidea duela erreferendum baten bidez bere etorkizuna «libreki erabakitzeko», eta hori inoiz ezin dela delitua izan. Hain zuzen ere, ERC eta PSC Kataluniako aurrekontuak negoziatzen ari direnean zabaldu dute adostutako galdeketarako bide orria,diru publikoa bidegabe erabiltzeari dagokion delituaren erreforma —Espainiako Zigor Kodearen erreformaren barruan—, errepublikanoek eta PSOEk adostua, bozkatu eta, ia ziur, onartu baino egun batzuk lehenago.

Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak herenegun esan zuenez, Katalunian ez dute «inolako» erreferendumik antolatuko, eta, Moncloaren jarrera indartzeko, Maria Jesus Montero PSOEko idazkariorde nagusi eta Espainiako Ogasun ministroak hitz egin zuen atzo, Espainiako Kongresuan: «Pedro Sanchezen gobernu batekin, PSOE buru duen gobernu batekin, inoiz ez da egingo era horretako erreferendumik, ez adostuta, ez irregularki».

Horren guztiaren harira, Salvador Illa PSCren talde parlamentarioko liderra «kontsulta» bat egitearen alde agertu da. «Kataluniako alderdi politikoek lortutako akordio bat berresteko kontsulta bat bada guk aurreikusten ditugun aukeretako bat», adierazi zuen, Espainiako hedabide batek atzo kaleratu zuen elkarrizketa batean. Alderdikideak esandakoei buruz galdetu zioten Monterori, eta erantzun zuen Illak planteatutakoa ez dela erreferendum bat. PSCren buruak zehaztu zuen, gainera, kontsulta hori «inondik inora» ez dela izango «hausturarako»; hau da, «autodeterminazioa» bideratzeko.

Eta PSCren presidente Miquel Icetak ere esan zuen ez dutela erreferendumik egingo Katalunian. Egun Espainiako Kultura eta Kirol ministro ere badenak Kongresuan azpimarratu zuen urratsak egin daitezkeela, «instituzioek markatutako bideen barruan» betiere. «Estatutu bat egin daiteke, edo estatutua erreformatu daiteke, baina ez da prozedurarik egongo konstituzioak zehaztutako bideetatik kanpo».

Eragileekin hitz egitera

JxC Junts Per Catalunyak ez du babesten ERCk proposatutako «Montenegroren bidea». Alderdiaren presidenteorde eta bozeramaile Josep Riusek «Kataluniaren bidea», 2017ko urrian ibilitakoa, aldarrikatu du. «Herrialde horrek formula hori erabilita soilik lortuko luke behin betiko independentzia», esan zuen atzo, TV3n egin zioten elkarrizketa batean. JxC Generalitatetik atera zen urri hasieran.

Irail amaieran argitasun akordio bat proposatu zuenean, Generalitateko presidenteak Kanadako eta Quebeceko eredua aipatu zuen. 1980ko eta 1995eko independentziarako kontsulten ondoren, Argitasun Legea onartu zuen Kanadako Parlamentuak2000. urtean, zehazteko zer kasutan negoziatu ahal izango zuen gobernuak probintziaren baten sezesioa. Eta Montenegro aipatu du JxCk; izan ere, Aragonesek proposatutako baldintzak bat datoz 2006an, Montenegron Serbiatik banatzeko erreferenduma egin zenean, hura gauzatu zedin EB Europako Batasunarekin adostutakoekin.

Datozen asteetan proposamen horri buruz hitz egitekoa da Generalitateko presidentea Kataluniako eragile politiko, sozial, sindikal eta ekonomikoekin, argitasun akordio hori sustatzeko, hain justu. Gaur, parlamentuan, azpimarratu du «ezinbestekoa» dela Katalunian «barne eztabaida» bat hastea, mahai gainean jartzeko adostutako erreferendum baten proposamena, «eraginkorra eta nazioarteak aitortutakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.