AEBetako bozak Alderdi Demokrataren gainbehera

Porrotak ez du bidetik aterako presidentea

Emigrazio sistema hobetzeko neurriak hartuko ditu Obamak, kongresuaren baimenik gabe.

Ez du uste hautesleek agenda zigortu dutenik
Barack Obama, atzo, Etxe Zurian, bozetako emaitzei buruzko azalpenak ematen.
Barack Obama, atzo, Etxe Zurian, bozetako emaitzei buruzko azalpenak ematen. MICHAEL REYNOLDS / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 6
Baikor agertu da Barack Obama AEBetako presidentea, nahiz eta bere agintaldiko porrotik handiena jaso astearteko hauteskundeetan. «Atzo [asteartean] sei urte aukeratu nindutela, eta gauza berbera pentsatzen dut: alderdi urdina eta gorria baino zerbait gehiago gara». Batera lan egiteko deia egin dio Alderdi Errepublikanoari, eta bere agenda proposatzeko eskatu dio. Badaki gai askotan zaila izango dutela ados jartzea. «Kongresuak onartuko dituen lege asko ez ditut sinatuko. Errepublikanoek usteko dute beren ideiek ekonomia lagunduko dutela, baina nik ez dute uste erdiko klasearentzat onak izango direnik».

Hauteskundeak haren agintaldiaren azterketa bat izan direla onartu du presidenteak. «Entzun dut boto-emaileen mezua. Baita bozkatu ez duten hiru herenena ere. Gogorrago lan egitea nahi dute haien itxaropenak betetzeko». Haren ustetan, hautesleek administrazioaren irudia zigortu dute. «Ardura bakarra nirea da. Haiek [boto-emaileek] nahi dutena da nik gogorrago egitea bi alderdien arteko zatiketak eteteko».

Presidenteak ez du uste herritarrek haren agenda gaitzetsi dutenik. «Errepublikanoek irabazitako estatuetan gutxiengo soldata igotzearen alde egin dute. Nik askotan hitz egin dut horri buruz kanpainan». Ez du migrazio sistema hobetzeko itxaropena galdu. «Aukera ona da milioika zergapeko gehiago izateko eta gure mugak indartzeko». 11 milioi etorkin paperik gabe daude AEBetan, eta haien egoera legeztatu asmo du Obamak. Bide horretan, neurriak hartuko ditu urtea amaitu baino lehen. Gainera, emigrazioaren arazoa konpontzeko erronka bota die errepublikanoei. «Bidal iezadazue nik sina dezakedan lege bat eta neurri horiek desagertuko dira». Baina ez dirudi Obamak haren legatua izan behar zuen erreforma onartzeko nahikoa indarrik izango duenik. Kongresua aldeko zuenean ere ez zuen halakorik lortu.

Epe laburrera begira beste bi ildo garrantzitsuren berri eman du presidenteak. Ebola birusarentzat sendagaia aurkitzeko ikerketa zentroentzako diru laguntzak handituko ditu. Bestalde, EI Estatu Islamikoaren aurkako kanpaina militarrari eutsiko dio.

Bi urte luze

Ekonomia ere izan du hizpide presidenteak. Ez alferrik, hori da haren punturik sendoena. «Lanpostuak sortu ditugu, eta krisitik ateratzeko aurrera egin dugu». Osasun erreforma ere aipatu du. «Ez genuen egin guk nahi bezala». Horri esker, milioika herritarrek mediku aseguru bat izatea lortu dute.

Jendaurrean baikor agertu bada ere, luzeak egingo zaizkio Obamari Bulego Obalean geratzen zaizkion bi urteak. Hustu da orain sei urte AEBetako lehen presidente beltzak sortutako ilusio burbuila. Inkestetan %40ko onespen maila gainditu ezinik, agintaldiko unerik apalenean dago. Presidente kutsakorra bihurtu da. Alderdikideek haizatuta, kanpainatik urrun mantendu da, hautagai demokratak harekin batera ez amiltzeko. Baina ez da nahikoa izan Alderdi Demokratarentzat. Etxe Zuriak sarritan esan du legebiltzarrerako hauteskundeak ez zirela presidenteari buruzko erreferenduma. Haatik, hautagai errepublikano askok presidente demokrataren kudeaketa kritikatuta irabazi dute lehia.

Bi ganberen babesa galduta, konplexua izango zaio Obamari atzo betetzeko prest agertu zen agenda aurrea eramatea. Azken boladan sobera trebatu da kontserbadoreen oztopoei iskin egiten, polarizatutako kapitolioan.

Hauteskundeen atsedenaren ostean, luze gabe itzuliko dira gatazkak legebiltzarrera. Lehenak izendatzeko dauden karguengatik. Bereziki Fiskal Nagusiarena kezkatzen du presidentea, Senatuan gehiengoa galduta zaila izango baita haren gustukoa izatea hurrengoa.

Halere, badu zirrikitu bat agenda aurrera eramateko: presidentearen botere betearazlea erabiltzea. Dekretu bidez onar ditzake legeak, ganberaren baimenik gabe. Baina ez da arriskurik gabea. Botere gehiegikeria lepora diezaiokete, eta hurrengo presidenteak bertan behera bota ahal izango ditu. Badu, ordea, beste abantaila bat: errepublikanoak 2016ko presidentetzarako bozei begira egongo dira, litekeena da jarrera eraikitzaileago bat hartzea.

AEBetako prentsak bukatutzat eman du Obamaren agintaldia. Izan ere, kongresua 2016ko presidentetzarako bozei so egongo da, eta presidentearen eragin ahalmena urria izango da.

Tradizionalki, bigarren agintaldian dauden presidenteak nazioarteari begira jarri dira azken urteetan. Etxeko aferetan eskuloturik egonagatik, armadaren komandante buru izaten jarraituko du Obamak, eta kanpoan duen eragina nabarmenagoa da. Obamak baditu esku artean hainbat patata bero, gehienak Ekialde Hurbilean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna