Faboritoek ez dute huts egin

Azpeitiko Ilunpe eta Doneztebeko Erreka multzoburuek nagusitasunez egin dute aurrera, eta elkarren aurka ariko dira final-laurdenetan

Goian, Alberdi II.a Ilunpeko kadete aurrelaria, pilota jotzear, Danok Lagunak-en aurkako partidan. Eta behean, Berakoetxea Errekako kadete aurrelaria, sakatzear, Txukun Lakuaren aurkako kanporaketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon eskudero
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Lehen Mailako Banakako Txapelketan aurten ezer nabarmentzekotan, multzoburu ziren pilotarien porrota da nabarmentzekoa. Koskaren gorenean ziren lau pilotarietatik laurak finalerdietatik kanpo geratu dira. Ordea, ez da halakorik gertatu oraingoz XV. Berria txapelketan. Joan den asteburuan sartu ziren lehian lehen bi multzoburuak, Azpeitiko Ilunpe eta Doneztebeko Erreka, eta biek aise egin zuten aurrera. Beste urtebetez, txapelaren lehian ibiliko direla erakutsi zuten. Hori bai, final-laurdenetan bietako bat geratuko da kanpoan, elkarren aurka neurtuko baitituzte indarrak.

ORTUELLAN

Ilunpe 2 - Danok Lagunak 1

Final-zortzirenetako lehen kanporaketa Ortuellan (Bizkaia) jokatu zuten ostiral gauez, eta etxeko taldeak ez zuen ezusterik eman ahal izan Ilunpe ahaltsuaren aurrean. Lehen partidatik hasita, oso nagusi agertu ziren azpeitiarrak. Izan ere, kadete mailan 22-8 nagusitu ziren Alberdi II.a eta Labaka Aragones eta Perezen aurka. Hasiera borrokatua izan zuen partidak (8-5), eta bizkaitarrak nor baino nor gehiago ari ziren. Dena den, Alberdi II.a jokoan sartzen hasi zen bezalaxe aldatu zitzaion norabidea neurketari. Beste erritmo batean jokatu zuen aurrelariak, eta, haren gaiari esker, lehen puntua Gipuzkoara joan zen. Baita bigarrena ere; are errazago, gainera. Azpeitiak bi aurrelari kantxaratu zituenez, gogortasuna espero zen, baina hasi eta buka, askoz gehiago izan ziren Egiguren eta Iriarte. Batez ere aurrelaria aritu zen distiratsu, argi utziz zergatik daukaten begiz jota enpresa profesionalek. Cortazar eta Vega Danok Lagunak taldeko bikoteak ez zuen egun onena izan (22-6).

Dena erabakita zegoen nagusien partida hasterako, baina hura izan zen onena. Lezioa eman zieten Lopez Aldai eta Lopez ortuellarrek Alberdi I.a eta Murgiondo azpeitiarrei (22-15). Azken horri igarri zitzaion denbora egin duela kantxetatik kanpo, eta hasiera hori baliatu zuten bizkaitarrek aldea egiteko. Lopezek sendo jokatu zuen, eta Lopez Aldaik distiratsu. Tantoak igaro ahala, Murgiondok neurria hartu zion kantxari, eta haren nagusitasuna ez zuen alferrik galdu Alberdi I.ak. Tanto polit asko egin zituen. Dena den, ez zen aski izan irabazteko.

GALDAKAON

Erreka 3 - Txukun Lakua 0

Ilunpek erraz gainditu bazuen kanporaketa, zer esanik ez Doneztebeko Errekak, larunbat goizez, Galdakaon (Bizkaia). Hirutik hiru partidak aise irabazita ez zion inolako aukerarik eman Gasteizko Txukun Lakuari. Kadeteetan zerbait gehiago espero zen arabarrengandik, herrialdeko txapeldun izan baitziren bi hilabete lehenago Diaz de Gereñu eta Larrieta. Baina oso partida txarra jokatu zuten. Berakoetxea eta Loiarte nafarrek aski izan zuten txukun jokatzea erraz irabazteko (22-4).

Gidoi bera izan zuen gazteen arteko lehiak ere, Errekako Telletxea eta Agirre 22-7 nagusitu baitziren Otxoa eta Markaida Txukun Lakuakoen kontra. Bi atzelariak nor baino nor gehiago aritu ziren piloteoan, baina Telletxeak egin zuen aldea. Maila horretako aurrelari onenetakoa izaki, min handia egin zuen sakearekin eta errematearekin, eta, hari esker, neurketan erraz gailendu ziren.

Lehen bi partidak aise irabazita, hirugarrenean ohorea zuten jokoan arabarrek, baina hori ere galdu zuten. Barandiaran eta Aldabe nafarrak askoz gehiago izan ziren jokoan, eta 22-8 hartu zituzten mendean Iribarren eta Ramos. Barandiaranek tanto onak eskaini zituen aurrean, eta Aldabek zur eta lur utzi zuen bat baino gehiago bere joarekin. Errebote batekin amaitu zuen partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.