Bruren parioa ondo atera da

Baiona Pro D2ko sailkapeneko lehen postuan da defentsako lan zorrotzari esker. Bihar, Nevers bigarren sailkatuaren etxean jokatuko du 18. jardunaldiko partidan.

Yannick Bru Baionako kirol zuzendaria, taldearen entrenamendu bat zuzentzen. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Phillippe Tayeb Baionako presidenteak oinak lurrean ditu, baina gero eta ohikoagoak dira Top 14ra igotzearekin zerikusia duten galderak. «Ez dugu baztertzen Top 14ra igotzea, baina goizegi litzateke. Bideragarritasun ekonomikoa da lehentasuna. 21 urtez azpiko jokalari oso onak ditugu, Pro D2an zaildu behar direnak. Gainera, ez al da hobea Pro D2an ikuskizuna eman eta zaleak gozarazten dituen talde bat etxean 40 puntugatik galtzen duen bat baino?». Azalpen luze hori abenduan eman zuen, agian zaleen ilusioa pixka bat hozteko asmoz, baina Baiona aldean denek jotzen dute ziurtzat mailaz igotzeko aukera izanez gero nonbaitetik aterako dutela dirua.

Hilabete gutxi batzuetan, izan ere, Baiona gauetik egunera pasatu da. Iragan sasoian bulego anabasa eta zor pilaketa zena arrakasta bilakatu da. Izan ere, eta ligako 17 jardunaldi jokatu direnean —30 dira guztira—, xuri-urdinak sailkapeneko lehen postuan daude, Oyonnax eta Neversekin puntu baten aldearekin. Azken talde horrek dirudi aurkaririk gogorrena, eta haren etxean jokatuko du bihar (20:45). Irabaziz gero, Baionak pauso erraldoia emango luke lehen postuan bukatzeko.

Jean Daugerren egun gozoak bizitzen ari dira. Ikusle gehien biltzen duen Pro D2ko estadioa da, 8.000 inguru partidako. Zaleen ilusioa berriz piztu da, eta euforia giro berriaren arduradun nagusiak izen-abizenak ditu: Yannick Bru (Auch, Frantzia, 1973). Bru taldeko kirol zuzendaria da, eta Tayeben parioa izan zen manager posturako. Frantziako errugbian izen aski ezaguna da, eta Frantziako selekzioko aurrelarien entrenatzaile postua utzi zuen Baionaren lema hartzeko.

Hasieratik, seriotasun irudia eman du Bruk, eta presidenteak ez du sartu eskurik haren erabakietan. Hori gauza berria da Baiona aldean, eta egonkortasun giroa bizi da. Tira, betiko galdera da: egonkortasunak ekarri ditu emaitzak, edo emaitzek ekarri dute egonkortasuna? Bata edo bestea izan, argi dago Bruk tekla egokia sakatu duela. Bruren eskua sasoi-aurrean hasi sen sumatzen, lan fisikoko saio oso gogorrak agindu baitzituen. Lan fisikoak itsutzen du, prestatzaile fisiko berria ekarri zuen Baionara, eta defentsarako teknikari bat.

Horiek baitira Baiona egiten ari den sasoiaren bi gakoak: defentsako lana eta txandakatzeak. Baionak mailako defentsa onena dauka. Estatistikak argi erakusten du hori: puntu eta entsegu gutxien jaso duen taldea da. Huts gutxi egiten ditu atzean. Defentsa on hori ahal fisikoaren ondorio da, Baiona baita jokalari gehien erabili duen taldea. 35 ditu guztira, eta ia guztiek izan dute jokatzeko aukera. Txandakatzeak ere ohikoak dira, eta ez da arraroa 23ko deialdian aste batetik bestera zazpi edo zortzi aldaketa ikustea. Bruk zango freskoak nahi ditu beti, eta, orain arte, ia beti ondo atera zaio.

Baionak etxeko partida guztiak irabazi ditu. Pro D2an ohikoa da faborito handiek etxean ez galtzea; beraz, kanpoko partidak dira arrakastaren langa ezartzen dutenak, eta Baionak hiru irabazi ditu —beste bat puntu bakarragatik galdu zuen—. Hor ikusten da txandakatzeen eraginkortasuna, balizko ordezkoek batez ere kanpoan jokatzen dutelako. Txandakatzeak, gainera, postu garrantzitsuetan egin ditu: harroinak, uztartze erdilariak, joko irekitzaileak, gibelekoak... Eta irteten direnak ongi aritzen dira. «Multzo bat gara, hori zen nire helburua hasieratik». Bruk behin baino gehiagotan errepikatu duen mantra da.

Dena, baina, ez da patxada, Vincent Etxeto gibelekoen entrenatzaileak Gabonetan aurreratu baitu ekainean taldea utziko duela. Lau urte zeramatzan taldean, eta ikurretako bat zen, baina harekin talka teknikoa izan du. Horrez gain, bi hegalekok luzerako lesioak dituzte, Remy Basetek eta Arthu Duhauk, eta Baionak merkatura jo beharko du. Horiek, baina, oztopo txikiegiak dirudite Baionak hartu duen abiadura gelditzeko, are handiagoa izango dena bihar Neversen etxean irabazten badu. Pro D2an lehen sei sailkatuek jokatzen dituzte igoera kanporaketak, baina lehen biak finalerdietan hasten dira, eta etxean jokatzen dituzte. Aurrenekoak finala etxean jokatzeko eskubidea du. Txapelduna igo egiten da, eta txapeldunordeak kanporaketa jokatzen du Top 14ko azken-aurreko sailkatuaren aurka.

Miarritze, krisian

Baionan poza da nagusi, eta Miarritzen, etsipena. Kezka ez, jaitsiera urrun dago, baina etsipena bai, oso zaila baitirudi lehen seien artean bukatzeak. Xuri-gorriek ere presidente berriak dituzte, baina haien parioa gaizki irten zen, eta Jack Isaac managerra egotzi zuten azaroan. Matthew Clarkin ingelesak ordezkatu du. Emaitzak,izan ere, ez dira onak: kanporaketak zortzi puntura ditu, eta, etxean bi urtez galdu gabe egon ondoren, porrot bat jaso zuen Agileran.

Dena, baina, ez zen Isaacen errua, Miarritzek zorte txarra izan baitu lesioekin. Dozenatik gora izan dira min hartu duten jokalariak. Kirol eremutik kanpoko arazoek ere giroa gaiztotu dute, baita hurrengo urterako etorriko diren jokalarien inguruko etengabeko zurrumurruak ere. Horrek ulertarazten du askok ez dutela jarraituko. Horietako bat Maxime Luku uztartze erdilaria da. 25 urteko senpertarra da harrobiko jokalarien ikurra, eta Bordelera doa, Top 14ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.