Langa gorago dago orain

Euskadi-Muriasek Kontinental Profesional mailako lehen urteko arrakastari eutsi nahi dio bigarrenean. World Tourreko proba gehiagotan lehiatzeko aukera izango du. Bideoa, albistearen amaieran.

Euskadi Murias taldeetako txirrindulari eta teknikariak, atzo Errenterian eginiko taldearen aurkezpen ofizialean.
Euskadi Murias taldeetako txirrindulari eta teknikariak, atzo Errenterian eginiko taldearen aurkezpen ofizialean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko urtarrilak 24

Bide berri bat hasi eta lehen urtean lan oso ona egitea bi ahoko ezpata izan daiteke. Euskadi-Muriasen ataka da, iazko urtea, Kontinental Profesional mailan aritu zen aurrenekoa, oso arrakastatsua izan baitzen, eta ikusteko dago hori tranpolin edo presio iturri den. Ruben Perez taldeko zuzendariari (Zaldibar, Bizkaia, 1981) egokituko zaio egoera hori kudeatzea autotik, eta berak beste metafora bat erabili du: langa. «Goian dago langa, guk igo genuelako iaz, eta berriz ere igaro behar dugu. Badakigu ez dela erraza izango; zaila da irabaztea, baina lanarekin eta umiltasunarekin berriz ere hor ibiliko gara».

Muriasek zortzi garaipen lortu zituen iaz, baina kopurua baino garrantzitsuagoa da azken bien sona: Espainiako Vueltako etapa bat eta Turkiako Itzuliko sailkapen nagusia, World Tourreko proba bat. Erakusleiho handia dira, eta aurten egutegi hobea dute, World Tourreko proba gehiagorekin: Itzulia, Klasikoa, Kataluniako Volta, Fleche Wallonne, Turkia... «Maila horretan irabaztea zaila da. World Tourrean maila ona emateko konpromisoa dugu. 2.1 mailan, berriz, garaipenen lehian egon behar dugu, eta maila horretan egutegi oso polita dugu: Yorkshire, Norvegia, Oman...». Omangoa ASOk antolatzen du, Frantziako Tourraren antolatzaileak. Haren ardura da Fleche Wallonne ere.

Sasoia Katalunian eta Espainia aldean hasiko dute. Otsailean Omanera joango dira, eta Turkia apirilean da aurten. Aurretik, Euskal Herriko Itzulia izango dute, gorriz markaturiko proba. «Etxean ondo lehiatu nahiko genuke. Iaz jaso genuen babesa izugarria izan zen, baina Itzulia lasterketa zaila da. Baina, tira, lehiatzeko gai bagarela erakutsi dugu».

Anbizioz mintzo da: «Kalitate jauzia eman dugu. Lehen, Kontinental mailan, egun politak genituen, baina iaz kalitate gehiagoko txirrindulariak etorri ziren. Eta txirrindulari horiek, aurten, maila hobea dute». Zuzendariak ondo gogoan du iazko azken hilabeteetan gertatua. «Espainiako proba batzuetan, Gaztela eta Leonen-eta, Movistarreko autoa guregana etortzen zen tropeletik guk tiratzeko esateko. Talde handiek talde on gisa ikusten gaituzte».

Euskadi-Muriasek bost txirrindulari berri ditu, baina txirrindulari garrantzitsuak joan zaizkio; bi, bereziki: Eduard Prades Turkiako irabazlea eta Jon Aberasturi esprinterra. «Haien falta nabarituko dugu, eta eurak triste joan dira, baina, babes ekonomikorik ez baduzu, zaila da guztiei eustea. Baina, tira, horiek ordezkatzeko, berriak fitxatu ditugu, eta iaztik jarraitzen dutenen bilakaeran sinetsi behar da». Jarraitzen dutenetako bat Oscar Rodriguez da, Vueltako etapako irabazlea. «Etapa garaipenak lor ditzakeela erakutsi du, eta horra bideratuko dugu. Gazteek badakite gure taldea aukera onak dituztela. Beste talde batzuetan liderrentzat lan egin beharko lukete».

Bost fitxaketa egin dituzte: Beñat Intxausti, Dani Viejo, Juan Antonio Lopez Cozar, Mario Gonzalez eta Urko Berrade. Perezek asko espero du gazteengandik, baina iritsi berrien zerrendan izen bat besteen gainetik nabarmendu behar da: Intxausti. Azken hiru urteetan Sky taldean egon da, eta ia ez da lehiatu, mononukleosi baten ondorioz. Muriasen berriz ere bere onera itzultzeko gai dela sinetsita daude. Perezek, hala ere, «denbora» eskatu du harentzat. «Neguan hilabeteko tratamendua egin du Iruñean, eta ondo irten dela dirudi. Hiru urtez arazo larria izan du, eta orain hilabete darama entrenatzen, eta kilometroak pilatzen ari da. Sasoiko bigarren erdira bideratu du bere lana».

Andrazkoen talde berria

Emakumezko taldea ere izango du Euskadi Muriasek, baina iazkoa baino xumeagoa. Bizkaia Durangorekin zuten akordioa hautsi, eta Oriako Tolosako elkartearen eskutik osatu du. Elite eta junior mailako sei txirrindulari izango ditu: Maialen Aramendia, Garazi Erostarbe, Irati Idirin, Naia Amondarain, Xubane Garai eta Ekhiñe Rivas. Loli Sansanok zuzenduko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna