Apenas dagoen alderik

Elezkano II.a-Rezusta nagusi dira Binakako Txapelketan Altuna III.a-Martijaren aurka jokatutako partidetan. Baina gutxigatik: bost lehietatik hiru irabazi dituzte.

Danel Elezkano, errematatzear, Julen Martija, Beñat Rezusta eta Jokin Altuna begira dituela, abenduaren 8an Labriten jokatutako partidan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Kale edo balekoa. Halakoxea izango da igande honetan Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Jokin Altunak eta Julen Martijak Danel Elezkanoren eta Beñat Rezustaren kontra jokatuko duten partida. Ez da gutxiagorako, irabazlea Binakako Txapelketako finalerako sailkatuko baita. Apirilaren 7an jokatuko da finala, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan, eta han aritzeko aukera lortua dute jada Iker Irribarriak eta Jose Javier Zabaletak. Euren lana azkar eta fin egin eta gero, aurkariaren zain daude orain.

Altuna III.a-Martija edo Elezkano II.a-Rezusta. Horra argitu beharrekoa. Faborito argirik ez dago, eta ezer gutxirako balio du bi bikote horiek aurretik elkarren aurka jokatutako norgehiagokei erreparatzea. Ia berdinduta daude estatistikak. Ia, Elezkano II.a-Rezusta hirutan nagusitu baitira, eta Altuna III.-Martija bitan. Alde oso txikia da ondoriorik ateratzeko. Antzeko aldea dago ere apustuetan, 100-80ri zaratamarraren eta bergararraren alde. Hau da elkarren artekoek emandakoaren laburpena.

2017KO AZAROAREN 30A.

EIBAR. LEHEN LIGAXKA

Altuna III.a-Martija 22; Elezkano II.a-Rezusta 13.

Hasi berria zen ligaxka —bigarren jardunaldia zen—, eta biek irabazi zuten lehen partida. Sentipenak, ordea, oso bestelakoak izan ziren: Elezkano II.a-Rezusta bikain aritu ziren; Altuna III.a-Martija, aldiz, hainbestean. Astelenan, baina, erakustaldia eman zuten bigarrenek. Oso indartsu hasi ziren (10-2), eta nahiz eta aurkariak suspertu (13-11), ziztu bizian iritsi ziren 22. tantora: 22-13. Altuna III.a izan zen onena, alde handiz: hamar tanto egin zituen, eta lau huts egin. Martijak oso ondo lagundu zion. Aurkarien artean, berriz, egindako tantoen parekoak galdu zituzten: Elezkano II.ak zazpi egin eta zazpi huts egin, eta Rezustak bi egin eta bi huts egin.

2018KO URTARRILAREN 20A.

URDULIZ. LEHEN LIGAXKA

Elezkano II.a-Rezusta 22; Altuna III-a-Martija 12

Kolpea itzuli zieten Elezkano II.a-Rezustak Altuna III.a-Martijari, Urdulizen (Bizkaia), hamargarren jardunaldian. Abiada hartuta zeuden zaratamarra eta bergararra —aurreko sei partidak irabazi zituzten—, eta aurkarien gainetik pasatu ziren. Garaipenari esker, finalerdietarako sailkatu ziren. Aurreneko tantoak oso parekatuak izan ziren (7-7), baina irabazleek 8-1eko partziala lortu zuten, eta lehia hautsi: 15-8. Behin zuloa eginda, erraz aritu ziren. Aurrelarien eraginkortasunean egon zen aldea: Elezkano II.ari ia dena atera zitzaion ondo, hamahiru tanto egin eta hiru baino ez zituelako huts egin. Altuna III.ak, berriz, sei tanto egin zituen, baina zortzi galdu zituen.

2018KO MARTXOAREN 25A.

GASTEIZ. BIGARREN LIGAXKA

Elezkano II.a-Rezusta 22; Altuna III-a-Martija 21

Finalerdietako ligaxkako azken partida izan zen, eta bi bikoteak oso aldarte ezberdinean iritsi ziren Ogetara: Elezkano II.a-Rezustak irabazi beharra zuten finalerako sailkatzeko; Altuna III.a-Martijak, ordea, jada ez zuten aukerarik. Halakoetan premia gehien duenak irabazi ohi du. Eta hala izan zen orduko hartan ere, baina irabazteko bereak eta bi ikusi zituzten Elezkano II.a-Rezustak. 18-21 joan ziren galtzen, baina zaratamarra azaldu zen, eta hiru tanto egin zituen jarraian. Horri esker sailkatu ziren lehen aldiz finalerako. Bederatzi tanto lortu zituen Elezkano II.ak, Altuna III.ak adina. Lau eta zazpi pilota galdu zituzten, hurrenez hurren. Atzean, berriz, ohi baino eskasago aritu zen Rezusta: sei pilota galdu zituen. Martija ere ez zen askoz hobeto aritu: tanto bat lortu zuen, eta lau galdu.

2018KO ABENDUAREN 8A.

IRUÑEA. LEHEN LIGAXKA

Elezkano II.a-Rezusta 22; Altuna III-a-Martija 17

Txapelketa honetako ligaxkako hirugarren saioan neurtu zituzten indarrak laugarrenez, Iruñean. Altuna III.a-Martijak aurkariek baino indartsuago ekin zioten lehiaketari —lehen bi lehiak irabazi zituzten, eta Elezkano II.a-Rezustak bat galdua zuten—, baina Labriten apenas izan zuten aukerarik. 0-1ekoan bakarrik izan ziren aurretik. Ezinean aritu zirengero, aurkarien menpe une oro. Nagusi ziren Elezkano II.a-Rezusta, eta konturatu orduko patrikan zuten garaipena: 19-11. Altuna III.aren azken ahaleginak estutu egin zuen neurketa (17-21), baina susperraldia erdibidean geratu zen. Hirugarren garaipena jarraian Elezkano II.a-Rezustarentzat. Zaratamarrak zortzi tanto egin zituen, eta lau galdu; Altuna III.ak, hamabi egin eta hamar galdu; Rezustak, hiru eta bat; eta Martijak, bakarra huts egin.

2019KO OTSAILAREN 9A.

IRUÑEA. LEHEN LIGAXKA

Altuna III.a-Martija 22; Elezkano II.a-Rezusta 8.

2018ko finalerdietako ligaxkako azken partidan bezala, oso egoera bestelakoan jokatu zuten bi bikoteek aurten lehen ligaxkako hamargarren saioa, Iruñean. Elezkano II.a-Rezusta sailkatuta zeuden. Altuna III.a-Martijak, aldiz, irabazi beharra zuten. Eta berriro behar gehien zuenarentzat izan zen garaipena. Oraingoan, ordea, ia ez zen egon parekotasunik, eta amezketarrak eta etxeberritarrak nagusitasun osoz irabazi zuten: 22-7. Ikusgarri aritu zen Altuna III.a, 11 tanto eginda. Martija ere nagusi izan zen atzean. Elezkano II.a-Rezustak, ordea, aspaldiko partidarik eskasena jokatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.