Atzean eutsi, eta aurrean hautsi

Aurkarien aurrelaria saihestea izango dute lehentasun Altuna III.a-Martijak eta Elezkano II.a-Rezustak etzi, baina laurek nabarmendu dute ausart jokatu beharko dutela erasoan. Bideoa albistearen amaieran.

Julen Martija, Jokin Altuna, Danel Elezkano eta Beñat Rezusta, atzo, Atano III.a pilotalekuan egindako pilota aukeraketan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
Donostia
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Kito. Igandeko partida erabakigarria jokatu aurreko azken betebeharra egin dute Altuna III.a-Martijak eta Elezkano II.a-Rezustak. Atzo aukeratu zituzten Binakako Txapelketako finalerako sailkapena jokoan egongo den neurketarako pilotak, Donostian, Atano III.a pilotalekuan. Kexarik ez zen izan, eta bi bikoteek topatu zituzten gustuko pilotak saskian.

Kale edo balekoa izango da norgehiagoka: irabazleek finala jokatuko dute, eta galtzaileak lehiaketatik at geratuko dira. Irribarriak eta Zabaletak ia astebete daramate apirilaren 7an, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan zein bikoteren aurka jokatuko duten jakiteko zain.

Altuna III.ak eta Martijak asteak daramatzate partida erabakigarriak jokatzen. Gaizki ekin zioten txapelketari, eta, horren erruz, atzetik aurrera egin behar izan dute lehian segitzeko. «Bi hilabete egin ditugu hil edo biziko partidak jokatzen, baina berezia da bakarra falta zaizunean, bakarra finalerako sailkatzeko edo kalean geratzeko. Inoiz ez dut izan aukerarik binakako final bat jokatzeko», esan zuen Altuna III.ak. Iritzi berekoa da Martija, hura ere ez baita inoiz finalean aritu.

Aldea dago Elezkano II.a-Rezustarekin. Gorabehera handirik gabeko txapelketa egin dute, eta orain, lan horri errematea eman nahi diote bigarrenez jarraian finalera iritsita, eta, ahal bada, iazko arantza aterata —galdu egin zuten finala Ezkurdia-Zabaletaren aurka—. Bergararra klasikoa da jada halako partidetan, azken hiru ekitaldietan izan baita finalean: duela hiru urte, Juan Martinez de Irujorekin; duela bi, Irribarriarekin; eta iaz, Elezkano II.arekin. Irribarriarekin jokatu zuena irabazi zuen. «Oso polita litzateke laugarrenez jarraian finala jokatzea, baina oraingoz ez diot horri buelta askorik emango. Aukera polita da, eta aprobetxatu beharra dago», adierazi zuen.

Defenditu baino gehiago

Parekotasun handia dago bi bikoteek elkarren aurka jokatutako partidei erreparatuta: hiru irabazi dituzte Elezkano II.a-Rezustak eta bi Altuna III.a-Martijak. Etzi nolako lehia espero duten galdetuta, denek erantzun zuten «gogorra» izango dela. Ez zuten xehetasun gehiagorik eman. «Inoiz ez dakizu nola atera daitekeen halako partida bat. Nahiz eta planteamendu bat izan, gero kontrakoa gertatu ohi da. Guk gure lana egin behar dugu. Jokin eta Julen garairik onenean dira», azaldu zuen Elezkano II.ak.

Aurkarien aurrelaria saihestea izango dute helburu bi bikoteek, baina argi dute hori bakarrik ez dela nahikoa izango. «Gu ezin gara mugatu defenditzera. Haiek ez dute bakarrik atzean jotzen, hutsuneak sortzen saiatzen dira aurrean ere jotzen. Konfiantza osoa dut Julenengan, baina guk dominatu behar dugu, bestela ez dugu irabaziko», esan zuen Altuna III.ak. Martijak, berriz, azpimarratu zuen Elezkano saihestu beharko dutela, «asko» jokatzen baitu. «Azkenaldian bezala aritzen bagara, irabazteko aukera izango dugu. Errebotera pegatuta daramat zenbait partida, eta ondo defenditu naiz».

Antzeko taktika izango dute Elezkano II.a-Rezustak. «Jokin saihestu beharko dugu, baina guk ere ausart jokatu behar dugu, eta une aproposa aukeratu errematera pasatzeko», esan zuen aurrelariak. Atzelariak, berriz, funtsezkotzat jo zuen «atzean eta aurrean ondo» aritzea. Haren iritziz, «defenditzeko baino gehiago, eraso egiteko» frontoia da Atano III.a.

[youtube]https://youtu.be/Xo-CwLE-ZWs[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.