Eskoziak diru propioa izango luke independentziarekin

SNPko militanteek aldaketa «ahalik arinena» egitearen alde egin dute, zuzendaritza parlamentu independentearen lehen agintaldiaren ostean egitearen alde agertu bada ere

Erredakzioa
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Eskozia independente batek diru propioa izango luke. SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko militanteek, zuzendaritzaren irizpideen kontra, diru aldaketa «ahalik arinena» egitearen alde egin dute Udaberriko Batzarrean. Buruzagitzak nahiago zuen aldaketa parlamentu independentearen lehen agintaldiaren ostean egitea, baina militanteek baztertu egin dute aukera hori, 52 botoren aldearekin; 781 militantek egin dute proposamenaren kontra, eta 729k alde.

Moneta propioa eskatzeak oinarrizko aldaketa politikoa dakar alderdian; izan ere, aurreko erreferendumean libera esterlina erabiltzen jarraitzea aurreikusten zen. Analisten iritziz, hautu horrek emaitza baldintzatu zuen: 2014ko galdeketan, boto emaileen %55,3k egin zuten independentziaren aurka.

SNPko militanteek, buruzagitzaren bidetik atera, eta uko egin diete alderdiaren barne txosten ekonomikoak ateratako ondorioei. Azterketak, independentziak alor ekonomikoan ekarriko lituzkeen onurak zerrendatzeaz gain, proposatzen zuen trantsizio bat ezartzea diru aldaketarako. Nicola Sturgeon lehen ministroak berak defendatu du aukera hori, eta ohartarazi dibisa independente bat ez dela, «ezein herrialderentzat, arazo ekonomiko guztiak konpontzen dituen makilatxo magikoa». Sturgeonek «trantsizio arduratsu» baten aldeko mezua ere zabaldu zuen, baina, militanteen hitza entzun ostean, «aurrera egiteko konfiantza» agertu du, eta inoiz ez bezalako kanpaina iragarri du, independentziaren ostean aberastasunaren banaketa justua ezartzeko: «Agerian utziko dugu independentziaren botereak balia daitezkeela pobrezia amaitzeko».

Alderdiaren batzarra garai berezi batean etorri da; izan ere, lehen ministroak asteazkenean iragarri zuen beste erreferendum bat sustatuko duela. Udan kanpaina abiatu, eta urtea amaitu baino lehen aurkeztuko litzateke lege proiektua parlamentuan. 2021. urteko maiatza baino lehen egingo litzateke galdeketa.

Londresi mezua

Sturgeonek mezu irmoa bidali dio Londresi: «Azken hiru urteek agerian utzi dute Eskoziarentzat Westminster hautsita dagoela». David Lidington Erresuma Batuko ministroari erantzun dio horrela, hark ostegunean adierazi baitzuen ez duela galdeketarako baimenik emango, argudiatuta ez duela aldarrikapen hori ikusten herritarren artean. Sturgeonek, bada, inkesten emaitzak gogorarazi dizkio, eta ohartarazi dio ezingo duela trabatu galdeketa. The Times-en arabera, urtebetean lau puntu egin du gora independentzia babesten dutenen kopuruak; %49k babestuko lukete independentzia; brexit gogorrarekin, herritarren %52k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.