Italiako Giroa

Bidea garbi du Carapazek

Roglic lehertu egin da Giroko 16. etapan, eta 2.09ra du orain liderra. Landa laugarren jarri da, eta Cicconek ihes eginda irabazi du

Bidea garbi du Carapazek.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Geroz eta aukera gehiago du Richard Carapazek (Movistar) Italiako Giroa arrosaz jantzita bukatzeko. Lasterketa abiatu aurretik, inor gutxik sartzen zuen hautagai nagusien multzoan; ordea, gaur-gaurkoz, ekuadortarrak dena du alde podiumeko koskarik garaienera igotzeko. Iragan larunbatean jarri zen lider, bakarkako erakustaldi batekin, eta atzo, 16. etapan, urrats ia erabakigarria egin zuen. 1.22 atera zion Primoz Roglici (Jumbo Visma), eta orain 2.09ra dauka sailkapenean. Alde hori nahikoa luke igandeko erlojupekotik onik ateratzeko. Vincenzo Nibalik (Bahrain) ere kolpea eman zion esloveniarrari, bigarren postua kenduta. Mikel Landak (Movistar), berriz, aurrea hartu dio Rafal Majkari (Bora), eta laugarren da orain, 3.15era.

Etapa garaipena Giulio Cicconerentzat (Trek) izan zen. Italiarrak ia Giro osoa eman du ihesean, eta atzo sari handia jaso zuen, lasterketako etapa nagusietako bat irabazita. Antolatzaileek Stelvio ibilbidetik kendu arren elur-jausi arriskua zegoen, Mortirolo beldurgarria igo beharra zegoen, bere 12 kilometro eta %10,8ko pendizarekin. Mendate mitikoak epaile lana egin zezakeen sailkapen nagusiaren lehian, eta ez zuen hutsik egin. Ordura arte gauzak lasai izan ziren tropelean, Movistarren gidaritzapean, Baina Nibali igoerari ekin orduko abiatu zen. Haren erasoak ez zuen liderraren taldea artegatu. Carapazek Landa eta Antonio Pedrero izan zituen aldamenean. Frantziako Tourreko Sky ziruditen. Ordea, Roglic sufritzen hasi zen, eta, azkenean, onenen erritmoari eutsi ezinik gelditu zen.

Landak lanerako atorra jantzi zuen. Bestelako helburuekin hasi zuen lasterketa, baina taldekide bat lider izanda, ez zaio besterik gelditzen. Horiek hala, arabarrak eta Carapazek harrapatu egin zuten Nibali. Miguel Angel Lopez (Astana) eta Hugh Carthy (Education First) ere batu zitzaizkien. Mortirolo gainean, minutu eta erditik gorako aldea zuten Roglicekiko. Kontu handiz jaitsi ziren, euria goian behean ari baitzuen, eta aldeak behera egin zuen. Edonola, aurrekoak ondo antolatu ziren azken kilometroetako sasiordekan, eta ondo baliatu zuten Roglicen ahulezia. Esloveniarrak Simon Yatesen (Mitchelton), Mikel Nieveren (Mitchelton) eta Bauke Mollemaren (Trek) laguntza izan zuen, baina laukoteak ezin izan zuen askorik egin indarrez eta kopuruz gehiago zen multzo baten kontra.

Nieve eguneko ihesaldian sartu zen, beste hogei txirrindularirekin batera. Gertu izanikoa lortu nahi zuen 13. etapan: helmugan besoak altxatu eta, hala, Giroan laugarrenez irabaztea. Gogor saiatu zen, baina Mortirolon ezin izan zion Cicconeren eta Ian Hirten (Astana) erritmoari eutsi. Italiarra Giro ikusgarria ari da egiten, eta ginga jarri zion atzo: mendiko sailkapena ia erabakita utzi, eta garaipen handia lortu zuen Ponte di Legnon. Hirten zekenkeriak bere onetik atera zuen, baina esprintean ez zuen burua galdu.

Gaurko etapak ez du atzokoaren gogortasunik izango. Edonola, maldan gora bukatuko da, hirugarren mailako Antholzen (5,5km eta %7,1). Aurrez, laugarren eta bigarren mailako mendate bana igoko dute. Beste egun apropos bat izan daiteke etapa ehiztarientzat, ihesaldiek bidea egiteko. Faboritoen artean ez da alde handirik espero. Igotzaileak Roglic are gehiago hondoratzen saia litezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.