Partidaz partidako azterketa

Baskoniak Fenerbahceren aurka jokatuko du gaur Euroligan. Ivanovicen bortzgarren norgehiagoka izanen da. Entrenatzaileak oraindik ez du lortu norabidea zuzentzea.

Baskoniako Shengelia, Stauskas, Janning eta Garcia, joan den asteburuan, Manresaren aurkako partidan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Baskoniak lau partida jokatu ditu Dusko Ivanovicek entrenatzaile gisa hirugarren aroa hasi duenetik: bi Euroligan, eta bertze bi ACB ligan. Montenegroarrak oraingoz ezin izan du norabidea zuzendu, eta denboraldi osoaren ildoari jarraitu diote lehia horiek: joko nahasia, talde itxura txarra, eta, tartean, epika izpi bat, Europako handietako bati, Bartzelonari, irabazita. Hiru porrot eta garaipen bat. Partida bakoitza azterketa bihurtu da, eta gaur du bortzgarrena, Fenerbahceren aurka.

Baskoniak Buesa Arenan hartuko du Turkiako taldea, Euroligako ligaxkako bigarren itzuliko lehenbiziko jardunaldian. Arabarrak kanporaketa postuetatik garaipen bakarrera daude, eta sailkapenean puntu bat gibelerago dute Turkiako taldea. Lehen itzulian Fenerbahce gailendu zen Istanbulen (87-80), eta joan den asteko jardunaldian Olympiakosi irabazi zion (87-96), aitzineko lau norgehiagokak galdu ondoren. «Fenerbahcek ere zailtasunak eduki ditu aurten», azaldu du Aitor Uriondo saskibaloi entrenatzaileak. «Ziklo bat amaitu dute [Zeljko] Obradovicen eskutik, eta harentzat ere etsigarria ari da izaten denboraldi hau». Uriondok uste du partidaren pronostikoa ez dela argia. «Baskoniak erakutsi du Manresarekin galdu bazuen ere gai dela Fenerbahceri irabazteko. Horiek dira erakusten dituen bi aurpegiak; aurreikusteko oso zaila da, eta ez da argi gelditzen partida bakoitzaren aurrean zaleak zer topa dezakeen».

Euroligako hamabortzgarren jardunaldian Real Madrilen aurka 55-77 galdu eta gero kendu zuten kargutik Velimir Perasovic entrenatzailea. Kanporaketa postuetatik bi garaipenera zegoen orduan, eta ACB ligan, berriz, seigarren zen. Baina postuak baino kezka handiagoa sortu zuen taldearen jokoak. Ivanovic ekarri zuten egoera konpontzeko.

«Argi geratu da ez dela bakarrik entrenatzailearen gauza bat», azaldu du Uriondok. «Taldeak ez ditu oinarri sendoak, eta, hilabeteak aurrera doazen heinean, argi geratzen da gorabehera asko dituela, partida batzuetan kirol maila ona izan bada ere. Ivanovicek berak esan du taldea ez duela prest ikusten Euroligaren eta Endesa ligaren [ACB] moduko lehiaketa gogorretan ondo aritzeko, ez fisikoki, ez mentalki».

Henryren lidergo falta

Uriondok bi gabezia handi ikusi dizkio Baskoniari: joko antolatzaileen lana eta barreneko jokoa. Jayson Granger uruguaitarrak denboraldi honetan ere ez du anitz jokatzerik izan lesioen ondorioz; horregatik, taldeak espero zuen Pierria Henryk jokoaren zuzendaritza hartzea. «Nahiz eta jokalari ona izan, haren estiloak askotan taldeari ez dio eman beharrezkoa duen lidergo hori. Ezin da espero Henryk ematen ez duen hori emango duela. Jokalari berezia da, ezberdina, eta, etekina ateratzeko, entrenatzaileak asmatu beharko du nola egin». Bertze antolatzaileak, Luca Vildozak, arazo fisikoak izan ditu, eta, oraingoz, ez du eman hartaz espero den aurrerapausoa.

Barreneko jokoan ere hagitz handia da gabezia. «Iazko jokalarien irteeraren ondoren, argi dago ez dutela asmatu errebote eta intimidazio lan horretan. Barnealdean ez duzunean jokalari handi bat defentsako segurtasuna eman dezakeena, taldea desorekatu egiten da, eta Baskoniak ez du inolaz ere topatu Ivanovici batez ere, eta Perasovic berari ere, gustatzen zaien maila defentsiboa».

«Inflexio puntu bat»

Europako klubik boteretsuenak baino koska bat beheitiago dago Baskonia, baina horrek ez dio eragotzi azken hogei urteotan tituluak irabaztea eta finalak jokatzea. Lan bikaina egin du denboraldi anitzetan, eta exijentzia maila handia du. Denboraldi honetan, ordea, Espainiako Kopatik kanpo gelditu da, eta anitz borrokatu beharko du Euroligako eta ACBko kanporaketetarako sailkatzeko. Uriondok uste du «inflexio puntu bat» izan litekeela Baskoniarentzat; bertzeak bertze, merkatuaren baldintzak zailtzen ari direlako. «Merkatuan egiten zituen mugimenduetan aurrea hartzen zien beste askori, baina, gaur egun, saskibaloiaren globalizazio honetan, zailtasun gehiago ditu Europan, hainbat herrialdetako klubak, errusiarrak eta italiarrak kasurako, indar handiagoz sartu direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.