Iaz 1,7 milioi hies kasu diagnostikatu zituzten

Unaids erakundeak hiesaren inguruko mundu mailako txostena argitaratu du. 2010etik %23 jaitsi da kutsatuen kopurua, baina 2020rako ezarritako helburuak halako hiru da oraindik ere

Hiesaren aukarko eguna, iaz, Erroman. FABIO FRUSTACI/ EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak dena estali badu ere, bestelako birusak ez dira desagertu. Unaids GIB/HIESaren Gaineko Nazio Batuen Programa Bateraturen arabera, iaz, 1,7 milioi pertsona kutsatu ziren GIB Giza immunoeskasiaren birusarekin munduan, eta, kutsatu kopurua murriztu bada ere, hobekuntza hori ez da orekatua izan. Erakundeak azaldu du datu horiekin 2 ez direla beteko 020rako ezarri zituzten helburuak; are, COVID-19aren krisiak atzerapausoak ere ekar ditzake.

Atzo aurkeztu zuen Genevan (Suitza) Unaidsek hiesaren inguruko txosten berria, eta bertan jasotzen dira iazko mundu mailako datuak. Kutsatuen kopurua hobetuz doa; 2010etik %23 jaitsi da, baina 2020rako ezarritako helburuak halako hiru da oraindik ere. Tokian-tokian, gainera, desberdina da portzentaje hori.

Afrika ekialdean eta erdialdean diagnostikatu dira kasurik gehienak, baina 2010ean baino %38 gutxiago dira kutsatuak. Kontrara, Europa ekialdean eta Asia erdialdean igoera nabarmena izan da, %72 hazi baita kutsatuen kopurua. Hazkuntza izan da Ekialde Hurbilean, Afrika iparraldean eta Hego Amerikan ere. 2019an 38 milioi ziren GIBdunak; horietatik, 1, 8 milioi haurrak.

Afrika hegoaldeko emakumeak eta haurrak dira oraindik ere birusaren aurrean kolektiborik kalteberenetako bat: eremu horretan, kutsatuen %59 izan dira, eta munduan, %48. Hain zuzen ere,astean 15 eta 24 urte bitarteko 5.500 emakume kutsatzen dira GIBarekin munduan. Horretan eragin zuzena du munduan zehar emakumeek jasaten duten sexu indarkeriak, emakumeen heren batek baino gehiagok bizitzan behin gutxienez sexu indarkeria jasan baitu.

Hiesak eragindako gaixotasunen ondorioz hildako pertsonen kopuruak ere behera egin zuen 2019an, eta, guztira, 690.000 lagunek galdu zuten bizia. Azken hamarkadako kopururik txikiena izan da iazkoa, eta 2010etik %39 jaitsi dira heriotzak. GIBarekin bizi diren pertsonen artean, tuberkulosia da heriotza kausa nagusia; hiru heriotzatik bat tuberkulosiak eraginda izan ohi da.

Datuak nahiko baikorrak diren arren, Unaidsek ohartarazi du koronabirusaren krisiak ondorio lazgarriak ekar ditzakeela. Orain arteko ereduek erakutsi dute tratamendua sei hilabetez eteteak 500.000 heriotza gehiago eragin ditzakeela.

COVID-19ak medikamentuen produkzioan eta hornikuntzan ere izan du eragina. Mugen itxierak zaildu egin du medikamentu horiek eskuratzea, eta hornikuntza arazoak gerta daitezke. Egoera horrek kostuak igotzea ekarri du, eta Indiatik esportatzen diren erretrobirusen kontrako botiken kasuan, esaterako, %10 eta %25 artean igo daiteke prezioa. Era berean, sei hilabetez prebentziorako zerbitzuak bertan behera uzteak nabarmen igo dezake kutsatu berrien kopurua, Afrikako hainbat herrialdetan, bereziki.

Helburuak bete gabe

Unaidsek 2020rako ezarri zituen helburuak ez dira bete, inondik inora ere. Txostenaren arabera, eginiko hobekuntzak galtzeko arriskua legoke herrialdeek laguntzen ez badute. Unaidsek 90-90-90 helburua ezarri zuen 2020rako: GIBdunen %90 egoera serologikoaren jakitun izatea; egoera horren jakitun direnpertsonen %90ek tratamendua jasotzeko aukera izatea;eta tratamenduan dauden pertsonen %90ek karga biral gutxitua izatea.

Munduan, oro har, GIBarekin kutsaturik daudenetatik %81k badakite beren egoera serologikoaren berri, eta horietatik % 82k tratamendua jaso dute. Tratamendua jaso duten pertsonenartean, berriz, %88k lortu dute karga biral gutxitua izatea eta %59k karga biral detektaezina izatea.

Gaur-gaurkoz, ordea, hamalau herrialdek soilik lortu dute Unaidsek ezarritako helburuak betetzea. Tartean dago Eswatini, GIBaren prebalentzia tasarik handienetakoa duen herrialdeaAfrika hegoaldean, eta 95-95-95 helburuak betetzeko bidean da. Winnie Byanyima Unaidseko zuzendariak gogorarazi du ondorengo hamarkadan «ekintza erabakigarriak» behar direla, 2030erako «hiesaren epidemiaamaitzeko», eta herrialdeei dei egin die «giza eskubideekiko dituzten ardurak» bete ditzaten.

Byanyimak adierazi du beharrezkoa dela herrialdeek inbertsioak handitzea, epidemiari modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko, eta ardurak hartzera deitu ditu zuzenean agintariak: «Ezin ditugu herrialde txiroak ilararen amaieran utzi. Pertsonak ez dira bereizi behar poltsikoan daramaten diruaren edo duten azal kolorearen arabera, horrelako birus hilgarrietatik babestu ahal izateko».

Unaidsen arabera, mundu mailako finantzaketa %7 jaitsi zen iaz, eta 16.400 milio euro izan zen; beharrezkoa baino %30 gutxiago. Inbertsio hori, beraz, ez da nahikoa gaur egungo epidemiari aurre egiteko. Izan ere, kalkuluen arabera, 2020rako 23.160 milioi dolar inguru beharko dira. «Bizitzak galdu nahi ez badira», koronabirusaren aurka inbertsioak egin diren bezala hiesaren aurka ere egin behar direla aldarrikatu du Byanyimak: «Ezin diogu dirua kendu gaixotasun baten aurkako borrokari, eta beste bati eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.