Arlene Fosterrek Ipar Irlandako lehen ministro kargua utziko du

DUPeko buru gisa ere dimitituko du. 'Brexit'-aren kudeaketa dela medio, haren aurka altxatu dira alderdiko hainbat kide. Ekainean lagako du kargua, COVID-19k eragindako kalteak «arintzean»

Arlene Foster, artxiboko irudi batean. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Lehen gauza bat, orain beste bat. Arlene Foster Ipar Irlandako lehen ministro eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buruak herenegun adierazi zuen alderdiaren gidaritza galtzeko arriskurik ez zuela, brexit-aren kudeaketaz kexu diren alderdikide kontserbadoreenek haren aurka altxatu ostean. Atzo, baina, goitik behera aldatu zuen diskurtsoa, eta jakinarazi bi karguak utziko dituela. Aurreratu duenez, maiatzaren 28ra arte jarraituko du DUPeko lider gisa, eta ekainaren amaierara arte, lehen ministro karguan. «Ohore bat izan da Ipar Irlandako herriari euren lehen ministro gisa zerbitzatzea», nabarmendu du.

Zehazki, DUPek Ipar Irlandako Biltzarrean dituen 21 biltzarkidek —27 ditu alderdiak—, Erresuma Batuko Komunen Ganberako lauk —zortzi ditu— eta Lorden Ganberako beste batek —hiru dira— haren aurkako zentsura mozio bat ekiteko asmoa adierazi ostean iritsi da Fosterren erabakia. Ez dira, baina, horiek izan alderdiko buruaren kudeaketa zalantzan jarri duten bakarrak. Zinegotzi talde batek ere Fosterren eta haren alboko Nigel Doddsen dimisioa eskatu du aste honetan, zuzendaritzari bidalitako gutun batean.

Unionisten kezka nagusia Fosterrek brexit-arekiko eta Ipar Irlandarako ezarritako protokoloarekiko izan duen jarrera da. Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean muga zurrun bat ezartzea eragotzi du Londresen eta Bruselaren arteko akordioak, Ostiral Santuko akordioari eta bi eskualdeen arteko harreman ekonomikoei kalterik ez egiteko asmoz. Horrek, ordea, eskualdearen eta Britainia Handiaren artean kontrol komertzialak ezartzea eragin du, hainbat talde unionistak Erresuma Batuaren batasunaren aurkako erasotzat hartu dutena. Besteak beste, salatu dute kontrolek hainbat produkturen eskasia eragin dutela lurraldean.

Gaiak gatazkak sortu ditu kalean ere. Lehenik, bake akordioei babesa emateari uko egitearekin mehatxatu zuen Komunitate Loialisten Batzordeak —haren parte dira UVF Ulsterreko Boluntarioen Indarra, UDA Ulsterren Aldeko Elkartea eta Esku Gorria Komandoa talde paramilita-rrak—. Eta, gero, istiluak eta polizien aurkako oldarraldiak iritsiko ziren, nagusiki, Belfasteko kaleetan —baina baita Derryn, Carrickfergusen eta Newtonabbeyn ere—, PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzua «influentzia dutenei» egoeran esku hartzeko eskatzera eraman arte. Denak ere irudipen beraren ondorio: Londresekbrexit-a erresumaren batasunaren gainetik jarri duela, eta alderdi unionistek ez dutela izan hori eragozteko gaitasunik.

Ez da, ordea, brexit-a izan unionismoaren hainbat sektore Fosterren aurka jartzera bultzatu dituen gai bakarra. DUPeko talde kontserbadore eta erlijiosoenek, besteak beste, abortuaren legearen, LGTBI kolektiboaren eskubideen eta gaelikoaren erabileraren aldeko jarrerak erakusteaz ere akusatu dute. Finean, britainiar identitatea eta erlijioa arriskuan jarri dituela uste dute.

Horiek hala, Fosterrek alderdiko arduradunen esku utzi du haren ondorengoa hautatzeko prozesua abiatzea. Halere, lehen ministro kargua utzi aurretik, Ipar Irlandarentzat «garrantzitsuak» diren hainbat gai tratatu behar dituela adierazi du, besteak beste, COVID-19ak eragindako kalteak «arintzea». Orain arte eginiko lana defendatu du, eta gehitu bertako gobernu bat izateak onurak eragin dituela kudeaketan: «Pentsaezina litzateke koronabirusaren pandemiari aurre egitea gure ministro propioak euren karguetan egon gabe».

Izan ere, iazko urtarrilean hartu zuen lehen ministro kargua Fosterrek bigarrengoz —2016 eta 2017 bitartean ere izan zen—, DUPen eta Sinn Feinen arteko ulertu ezinak eta Martin McGuinness orduko lehen ministrordearen dimisioa tarteko, eskualdea hiru urtez gobernurik gabe eta Londresen gidaritzapean egon ostean. Oraingoan, baina, Irlandako batasunaren aldekoekin izaniko harremanak ez du zerikusirik izan erabakian, eta Sinn Feineko presidenteorde eta Ipar Irlandako lehen ministrorde MichelleO'Neillek adierazi du etorkizunerako «onena» opa diola oraindik lehen ministro denari.

Era berean, O'Neillek nabarmendu du Fosterren lekua hartuko duen kideak «politika progresistak» ezartzeko gizarteak duen nahia errespetatu beharko duela: «Gobernutik eta parlamentutik, alderdi guztiekin egingo dugu lan, erreforma sozialaren, aldaketa politikoaren eta oparotasun ekonomikoaren alde egiteko, iraganeko politika atzerakoi eta kaltegarriei indarrez aurre egingo diegun bitartean». Horretarako faboritoetako bat Edwin Poots Nekazaritza ministroa da. Irlandako protokoloaren aurkako kritiko nabarmenenetako bat da hura, eta Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnson brexit-eko akordioa berriz negoziatzera behartzeko ekinbide berri baten bultzatzailea.

Goitik behera

Foster 2003an iritsi zen Ipar Irlandako Biltzarrera, eta hemezortzi urteko ibilbidea ondu du han. DUPeko lidergoa, berriz, 2015ean hartu zuen, Peter Robinson ordezkatuta. Fosterren gidaritzaren hasieran, lehen alderdia izan zen DUP 2016ko biltzarrerako bozetan —Sinn Feinek baino hamar eserleku gehiago eskuratuta—, eta inoizko emaitzarik onenak lortu zituzten Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hauteskundeetan, 2017an.

Egoera, ordea, nabarmen aldatu da ordutik. Azken bozetan 11 legebiltzarkide galdu zituzten Stormonten, eta Irlandaren batasunaren inguruko erreferendum bat egitearen aldeko ahotsak ugaritu egin dira Erresuma Batuak Europako Batasuna utzi zuenetik—Ipar Irlandan EBn mantentzearen aldekoak gailendu ziren 2016an— eta, batez ere, erabaki haren ondorioak agerian geratu direnetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.