Azkar eraiki, eta azkarrago ahaztu

72 urte igaro dira Gurseko kontzentrazio esparrua itxi zutenetik. Sei urtean 60.000 lagun izan zituen giltzapetuak 1939 eta 1945 artean. Ireki eta berehala, 2.745 euskal herritar jaso zituen.
Rousset Akitania Berriko lehendakaria, Urkullu Eusko Jaurlaritzakoa eta Barkos Nafarroako Gobernukoa.
Rousset Akitania Berriko lehendakaria, Urkullu Eusko Jaurlaritzakoa eta Barkos Nafarroako Gobernukoa. IREKIA

Eneko Etxegarai Urain -

2017ko urriak 1
Nahiz eta historia liburuek errepikatu, joera da gerrek utzitako arrastoak fite ahaztea. Horren lekuko da Gurseko kontzentrazio esparrua (Okzitania) izan zena: II. Mundu Gerra bukatu bezain laster, ahalkez mapatik ezabatzen saiatu ziren. Zuberoatik kilometro batzuetara gertatutakoaz idatzi zuen Josu Chuecak Gurs, el campo vasco (Gurs, euskal eremua) liburua, «ongi oroituak eta omenduak izan daitezen Amicaleko kideak eta han egondako lekuko apurrak, haiek merezi baitute urteetan ukatu zaien onespena jasotzea», adierazi zuen BERRIAn. «Ea denon artean ahanzturaren basoa oroimenaren esparru bihurtzen dugun».

Sei urtez, 60.000 pertsona hartu zituen Gurseko esparruak hesi artean; 1.170 lagun eraman zituzten hilerrira, gosez, gaixotasunez edo bien poderioz hilak. Jesus Etxarri Zuluaga gipuzkoarrarena izan zen lehen hilarria, 1939ko uztailaren 9koa.

1939ko urtarrileko azken egunetan, 36ko gerratik erbesteratu ziren milaka jenderen hartzeko pentsatuak izan ziren «harrera zelaiak». Bat baino gehiago eraiki zituzten; Gursen bezala, Okzitaniako Le Vernet, Agde, Rivaltes eta Bram herrietan. Gursekoa 1939ko martxoaren erdialdean hasi ziren eraikitzen, fite; 42 egunez 382 egurrezko etxola altxatu zituzten. Kale bakarra bi kilometro luze eta 200 metro zabal zen; 28 hektareako eremua zeharkatzen zuen.

Ireki bezain laster, 2.745 euskal herritar eraman zituzten hara; 1939ko maiatzean, 18.895 pertsona ziren guztira Gurseko hesien artean. Paue (Okzitania) eta Baionarekin, pertsona multzo handienen artean kokatzen zen eremua. Baina hurrengo hiletan jatorri askotako jendea bidali zuten. 1940ko maiatzetik irailera, gehienbat behargabeek, emazte alemaniarrek eta iritzi delituengatik atxilotu gizonek bete zuten Gurs; 14.795 lagun giltzatuak ziren. 1940ko irailetik aitzina, esparruaren osaera aldatu zuten Frantziako Vichyko gobernuaren neurriek: 1944ko abuztura arte, 18.185 emazte, gizon eta haur judu eraman zituzten; 1942tik goiti, Gursetik iragan ziren judu oro automatikoki Auschwitzera deportatuak ziren. «Helmuga ezezaguneko konboiak», Chuecaren hitzetan.

1945eko abenduaren 31n itxi zuten Gurseko esparrua, eta urte berriarekin hasi ziren desmuntatzen. Ahalgez, azkar. «Inguruko askorentzat eta Frantziako agintarientzat ez zen oroigarri bat harro izateko, auzo lotsa sentitzeko baizik», dio Chuecak. Etxola batzuk saldu egin zituzten, besteak erre; guztiak kendu zituzten, baita hesiak ere. Ahal zuten neurrian, baso bat landatu zuten. «Hor landaturiko arbolek eta horien gerizpean garaturiko sasiek etxolen aztarna guztiak jan ondoren, ahanzturaren basoak ezkutatu du Gurseko historia, euskaldun askorentzat hain gertu eta aldi berean hain urruna izan dena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna