Donostiako 79. Musika Hamabostaldia

Kreazioa, ihesaren irudiko

La Fura dels Bausek Donostiako 79. Musika Hamabostaldia inauguratuko du. Haydnen 'Kreazioa'-n oinarritutako ikuskizuna eskainiko du konpainiak Kursaalean gaur eta bihar
Atzo arratsaldean egin zuten entsegu orokorra <em>Kreazioa</em> ikuskizuneko partaideek.
Atzo arratsaldean egin zuten entsegu orokorra Kreazioa ikuskizuneko partaideek. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Andoni Imaz -

2018ko abuztuak 2
Dena zen kaosa. Lehen egunean, jainkoak zeru-lurrak egin zituen. Eta esan zuen: «Izan bedi argia», eta bereizi egin zuen ilunpeetatik; argia «egun» eta ilunpeak «gau». Bigarren egunean, bereizi zituen goiko eta beheko urak. Hirugarrenean, banatu zituen lurra eta itsasoa, eta sortu zituen landareak eta zuhaitzak, hazi eta guzti. Laugarren egunean, bi argizagi jarri zituen zeruan, handiena egunaren gain, eta txikiena gauaren gain; izarrak ere jarri zituen. Bosgarren egunean, itsasoko animaliak eta hegaztiak sortu zituen. Seigarrenean, berriz, lurreko bizidunak: abereak, piztiak eta narrastiak. Azkenik, gizakia sortu zuen, bere irudiko, gainontzeko guztia menderatzeko. Zazpigarren egunean, lanari utzi zion, eta bedeinkatu egin zuen. Hala dio Bibliak.

1798an, bere oratorio ezagunenetako bat estreinatu zuen Joseph Haydnek: Kreazioa. Obra hori oinarri hartuta, izen bereko ikuskizuna aurkeztu zuen iaz La Fura dels Baus konpainiak, eta, gaur, Donostiako 79. Musika Hamabostaldia inauguratuko du Kursaaleko auditoriumean. Bihar errepikatuko dute emanaldia, eta sarrera guztiak amaitu dira dagoeneko.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) jarriko dio musika La Fura dels Bausen ikuskizunari. Abagunerako propio osatutako Haydn dels Baus abesbatza ere ariko da agertokian, eta hiru bakarlari egongo dira: Alicia Amo (sopranoa), Gustavo Peña (tenorra) eta Thomas Tatzl (baritonoa). Eta horien guztien aurrean, Jose Ramon Encinar orkestra zuzendaria.

Kreazioaren interpretazio berezia egin du antzerki konpainiak, «kanonikoa», Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariaren hitzetan: «Leiala, testuari bainoago, espirituari». Kaosa irudikatzen duen sarrera baten ondoren hasiko da La Fura dels Bausen kreazioa. Zazpi egunetan sortuko dira unibertsoa, bizitza eta gizakia, baina istorio paralelo bat ere kontatuko dute: argi leherketa batek sortuko du kosmosa, eta gerretako leherketetatik ihesi beren etxeak utzi eta ihesari ekiten dioten errefuxiatuekin lotuko dute kontakizuna. Carlus Padrissa ikuskizuneko eszena zuzendariak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, kreazioko zazpi egunak errefuxiatuen iheseko zazpi etapa izango dira. Bidean, hiru aingeru izango dituzte lagun —hiru bakarlariak—: Rafael, uraren eta osasunaren espiritua; Uriel, argiaren eta itxuraldaketaren espiritua; eta Gabriel, airearen eta komunikazioaren espiritua.

Kreazioko seigarren egunean, jainkoak gizakia sortzen duenean, errefuxiatu esparru batean hartuko dute atseden protagonistek, eta, halako batean, sortuko dira Adam eta Eva. Bukaera «baikorra» eman nahi izan diote lanari, Padrissaren arabera, eta zazpigarren egunean, atsedenik hartu gabe, bikoteak aterpe emango die iheslariei.

Opera esferikoa

La Furaren kidea da Padrissa konpainia sortu zenetik, eta taldeko zuzendari artistikoetako bat ere bai. «Opera esferiko» moduan ikusten du berak Kreazioa, ikus-entzulea gertatzen ari denaren protagonista ere badelako. Gainera, publiko berria erakartzeko lan aproposa iruditzen zaio. Orokorrean, Padrissaren ustean, konpainiaren ikuskizunak operara egindako lehen hurbilpena izan ohi dira jende askorentzat.

Espazioarekin jolasten eta etengabe berrikuntzak egiten abilak dira La Furako kideak. Kreazioa ikuskizunean, akuario handi bat egongo da agertokian, eta horren inguruan gertatuko dira eszena indartsuak. Argiz eta proiekzioz, pantaila mugikorrez eta helio puxika handiz osatutako sare ikusgarri bat ere jarriko dute.

Metro bateko diametroko 36 helio puxika egongo dira agertoki gainean, eta horiek irudikatuko dute errefuxiatuen esperantza. Grabitaterik eza eskaintzen dietela aipatu du Padrissak, «goraka bultzatzen dituzte» iheslariak. Zamira Pasceri eszena zuzendariaren laguntzaile eta errejidorearen esanetan, «garbitasuna eta sinpletasuna» irudikatzen dute. Handitasuna eta txikitasuna elkartzeko baliatuko dituzte puxikak: makrokosmosa —unibertsoaren kreazioa— eta mikrokosmosa —giza gorputza— lotuko dituzte pertsonaiek, bi muturrak irudikatuz puxiken bitartez; unibertsoa eta atomoa.

Jose Ramon Encinarrek zuzenduko ditu BOS eta abeslariak. Azken hamarkadan Donostiako Musika Hamabostaldiak programatutako bi operatan esku hartu du Encinarrek, eta BOS ere ondo ezagutzen du, makina bat aldiz gonbidatu baitute zuzendari lanetan aritzeko. BOSek ere ondo ezagutzen du Musika Hamabostaldia, baina lehen aldia izango du jaialdia inauguratzen. La Furarekin sekula aritu gabekoa da Encinar, eta, atzo azpimarratu zuenez, konpainiari ospea eman dion indar bisualaz gain, Kreazioa «dotorea» ere bada, eta «metafora finekin» egina dago.

La Fura 2009. urtean egon zen Hamabostaldian, eta orduan aurkeztu zuten aurrenekoz Carmina Burana ikuskizun entzutetsua. Padrissak berak zuzendu zuen, eta oraindik ere obra egiten jarraitzen dute mundu osoan. Kreazioa, berriz, 2017ko martxoan aurkeztu zuten Aix-en-Provence jaialdian (Okzitania), eta sekulako arrakasta izaten ari da; joan den uztailaren 19an sarrerak guztiak saldu zituzten New Yorken. Bartzelonan hasi zuten egitasmoa, errefuxiatuak jasotzearen aldeko manifestazio batean, gobernuz kanpoko erakunde bati esker lortutako materialarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna