Asmoak iragarrita ekingo dio

Realak Celta hartuko du gaur, Espainiako Kopako final-hamaseirenetako itzuliko partidan. Asier Garitanok esan du aurrera egitea dela txuri-urdinen «helburu bakarra»

Realeko jokalariak, ligako partidan Celtari sartutako lehen gola ospatzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Zalantzari zirrikiturik zabaltzeko asmorik gabe. Halaxe ekingo dio Realak Espainiako Kopako final-hamaseirenetako itzulerako partidari. Donostiarrek Celta izango dute aurkari, eta Asier Garitanok argi du zein den gaur iluntzeko helburua: irabaztea. Joanekoan bana berdindu zuten bi taldeek, eta txuri-urdinek nahikoa dute golik ez jasotzea kanporaketan aurrera egiteko; alabaina, entrenatzaileak muzin egin dio zer suma egoteari, eta garaipenaren bila aterako direla aurreratu zuen atzoko agerraldian: «Ez dakit 0-0 egitera jokatzen, eta ez dakit inork badakien. Partida aurrera ateratzen saiatuko gara, eta irabazten saiatu, duela hamar egun haien aurka ligan egin genuen bezala».

Azken urteetan porrot sonatuak izan ditu Realak kopan, baina iraganak gaurko partida «ez du baldintzatzen», Garitanoren arabera: «Zure aldetik zure onena jartzen duzunean, ez dago beldurrik. Joan, iritsi, ondo lehiatu eta aurrera egiteko mentalitatea izatea da kontua».

Bide horretan, Bergarako entrenatzaileak uste du taldea «ondo prestatuta» dagoela kopan lehiatzeko. Garitanok azaldu du «abuztutik» hitz egin dutela gaiaz, kanporaketak igarotzeko gosea pizteko: «Kopaz bezperan hitz egiten hastea alferrik da. Azterketekin bezala gertatzen da; aurrez ikasi behar duzu».

Garitanok azpimarratu du Realak aurrera egitea duela xede eta Celtak ere helburu bera izango duela, eta «partida gogorra» iragarri du: «Baloiari tratu ona ematen dion taldea da, eta desoreka sor dezaketen jokalariak ditu. Emaitzek lagundu ez arren, ez zen gaizki jokatzen ari, eta garaipen garrantzitsu bat lortu berri du».

Bi taldeek azaroaren 26an jokatu zuten elkarren aurka ligan, duela hamar egun. Realak irabazi zuen ordukoa (2-1), baina Garitanok ohartarazi du orduko jokoa ez dela nahikoa izango kanporaketa gainditzeko: «Irabazi egin genuen, baina gaur partida hobea jokatu beharra daukagu. Ez genuen lehen zati ona egin; 2-0 irabazten ari ginen, baina presio egoeretan hobetu beharra daukagu, eta Celtak mina egin dezakeen eremuak kontrolatu».

Miguel Cardoso entrenatzaileak 24 jokalarirekin bidaiatu du Donostiara; taldeko guztiak dira. Hala, gaur erabakiko du zeintzuk utziko dituen deialditik kanpo. Asier Garitanok ere gaur jakinaraziko du zerrenda, eta litekeena da Aritz Elustondo eta Jon Bautista deialdian izatea. Beasaindarra min hartuta egon da azken asteetan, baina taldekideekin batera entrenatu zen atzo. Baita errenteriarra ere; Betisen aurka ezin izan zuen jokatu, eskuin izterrean arazo bat izan zuelako.

Garitanok azaldu du gaurko partida «garrantzitsuena» dela, eta ohiko jokalariak zelairatuko ditu: «Partida hau jokatzeko onenak direla uste dugun jokalariak ariko dira». Ukatu egin du joan zen igandean Adnan Januzaj eta Joseba Zaldua Celtaren aurkako partidarako gorde zituela: «Ez nuen inor gorde. Partida hartarako egokienak zirela uste nituenekjokatu zuten, salbu Diego Llorentek. Joka zezakeela uste nuen, baina min hartu zuen azken lan saioan». Diego Llorente, Raul Navas eta Luca Sangalli baino ez daude min hartuta, eta gainontzeko jokalarien artean hautatu beharko du Garitanok. Helburua argia da: final-zortzirenak jokatzea.

REALA-CELTA

Reala. Rulli; Zaldua, Le Normand, Moreno, Kevin; Illarramendi, Zurutuza, Merino; Oiartzabal, Januzaj eta Sandro.

Celta. Sergio Alvarez; Kevin, Cabral, Roncaglia, Junior Alonso; Okay, Fran Beltran; Hjulsager, Emre Mor, Pione Sisto; eta Maxi Gomez.

Epailea. Sanchez Martinez.

Lekua. Anoeta (28.995 ikusle).

Ordua. 20:30ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.