Jonathan Castroviejo. Sky taldeko txirrindularia

«Lasterketetan, bizitzan bezala, funtsezkoena hanka ez sartzea da»

Bigarren urtea du Castroviejok Sky taldean. Iaz bezala, lan ona egin nahiko luke aurten ere. Frantziako Tourrean luxuzko langile gisa nabarmendu zen, eta berriz egon nahiko luke Chris Foomeren eta Geraint Thomasen alboan.
VALENTIN FLAURAUD / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko otsailak 5
Lau ordu eta erdiko «entrenamendu saio arrunta» egin du goizean Jonathan Castroviejok, eta masajea hartu berri du. Kolonbian da egunotan, eta, eguraldia lagun, altueran entrenamendu batzuk egiteko baliatu du. Chris Froome Froomey —hala deitu dio Castroviejok— ere gehitu zaie egonaldian. Astebete barru hasiko da lehiatzen Kolonbiako Itzulian. Iaz, Egan Bernal taldekide kolonbiarrak irabazi zuen proba, eta hura da taldeburua aurten ere. «Oso ona da; mugarria ezarriko du Kolonbiako txirrindularitzan», azpimarratu du Sky taldeko txirrindulari getxoztarrak.

Gaur hasiko duzu sasoia. Helburu jakinik jarri al diozu zeure buruari?

Iazko sasoian egindakoa berriz egitea, eta, ahal bada, pixka bat hobetzea. Lasterketetan beti aurrean egon nahi dut, eta zorte txarrik ez eduki. Kolonbian hasiko naiz; gero, Tirreno-Adriatikoan arituko naiz, Euskal Herriko Itzulian eta Erromandiako Itzulian. Ondoren, atseden hartuko dut, Dauphinen lehiatuko naiz; ustez, Frantziako Tourra prestatzeko. Baina hori ikusteko dago; asko falta da oraindik.

Sky taldeak beti du Tourra helburu. Barruan zaudetenei ere hala esaten dizuete?

Bai, baina beste lasterketak bazter batean utzi gabe. Taldeak berez duen lan egiteko modua da: xehetasunak mugaraino zaintzen ditu. Frantziako Tourra salbuespena da, noski, baina talde guztientzat da salbuespena.

Bitxia da hori entzutea, zu lehen Movistarren zeundelako, eta hura ere talde handia delako.

Egunerokoa, txirrindulariarentzat, oso antzekoa da. Materialari dagokionez, antzeko baliabideak dituzte. Aldea mentalitatea da: batek britainiarra du, eta besteak, espainiarra. Lan egiteko modu ezberdina da. Xehetasunetan ere inbertitzen dute. Gauza txikiak gehiago zaintzen dituzte, eta asko dira. Gauza guztiek arduradun bat dute, metodikoak dira, dena ondo dabil, eta txirrindulariaren ardura bakarra pedalei eragitea da.

Xehetasun horietakoren bat konta dezakezu?

Adibidez, hemen, Kolonbian, hamabost bat laguntzaile ditugu sei-zazpi txirrindularirentzat. Ikaragarria da hori. Sukaldaria ere ekarri dugu. Hemengo hoteletan ondo jaten da, baina taldeak hori ere zaintzen du. Lasaitasun handia ematen dizu.

«Metodikoak» esan duzu, eta hori da, hein handi batean, Chris Froomeri aitortzen zaiona. Nolakoa da harekin entrenatzea?

Orain arte ia ez ginen elkarrekin entrenatu. Kolonbiara etorri da, 2.000 metrotik gora gaude, eta egokitzapen denbora bat behar duzu. Bada, bera lehen egunetik ari da gogor entrenatzen, etxean balego bezala. Ordu pila bat sartzen ditu, eta bere burua asko estutzen du. Eta bai, metodikoa da, txirrindulari handi guztiak diren bezala, baina Froome salbuespena da horretan ere.

Kenny Elissonde zure taldekideak dio Froomerekin entrenatzea lehiatzea baino gogorragoa dela.

Hemen, lantalde ezberdinak ditugu. Hasieran, oinarrizko entrenamendu bat ezartzen da, eta, gero, nahi duenak hotelerako bidea hartzen du, eta nahi duenak jarrai dezake. Nik ez dut egiten Froomek egiten duen entrenamendu bera, baina, egingo banu, agian nik ere gauza bera esango nuke.

Nolakoa da Froome traturako?

Oso jatorra da, lasaia, isil samarra, eta oso ondo hezia. Miresgarria da haren lan diziplina. Ez zaizu etorriko lezioak-eta ematera, baina, galdetzen badiozu, emango dizu iritzia edo gomendioren bat.

2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan lau segundogatik kendu zizun brontzezko domina. Gogoratu al diozu?

Ez. Pena izan zen hura. Une hartan poztu egin nintzen, lesio larri batetik irten berritan oso ondo aritu bainintzen. Baina, egiari zor, denbora pasatu ahala, gogoratzen didatenean, pena ematen dit.

2020ko Tokioko Jokoetako ibilbidea begiratu al duzu jada?

Egia esango dizut: iaz, Japonian egon nintzen oporretan, eta, egun batean, joatekotan egon nintzen, baina zaila zen, familiarekin bainenbilen. Gainetik begiratu nion bakarrik, eta ez da konplikatua: bi itzuli dira hogei bat kilometroko zirkuitu bati, Fuji mendiaren inguruan, eta 1 Formulako zirkuitu baten barnetik igarotzen da. Altimetria begiratu nuen.

Solasaldia hasi eta berehala aipatu duzu Frantziako Tourra. Skyk Tourrera ematen duen zortzikoa munduko talderik onena da. Hautatua izatea zer da: harrotasuna edo ardura?

Iaz, esan zidatenean, koskabiloak zimurtu zitzaizkidan. Azkeneko lauzpabost Tourrak irabazi dituen talde batean zaude, eta zeure burua hor ikusten duzu. Baina Dauphine ona egin nuen aurretik, eta horrek presioa kendu zidan. Lider moduan joan ginen, eta antzekoa izan zen. Hemen oso garesti dago Tourrerako postua. Ondo bazaude, joateko gogoa duzu. Aldiz, zalantzaren bat baduzu... Talde honekin Tourrera joaten bazara, zure ahalaren %120an egon behar duzu. Ez du balio %100arekin, gehiago eman behar duzu.

Nolakoa izan zen Tourra irabaztea? Ondo ibili zinen, gainera.

Falta zitzaidan zerbait zen: Italiako Giro bat irabazitakoa nintzen Nairo Quintanarekin, Espainiako Vuelta bat, bigarren postu bat eta hirugarren bat Tourrean... Baina hori falta zitzaidan, eta ederra izan zen.

Hilabeteak pasatuta, nola gogoratzen duzu Froomeren eta Geraint Thomasen arteko lehia?

Egunez eguneko gauza bat izan zen, eta pixka bat indartsuago zegoena nagusitu zen, hala taldean, nola lasterketan. Ez zen egon elkarren arteko lehiarik. Nik hala bizi izan nuen. Thomas oso ondo ibili zen, eta Froomek eta hark elkar errespetatu zuten. Nire ustez, Thomasek Alpeak nola igaro zituen ikusteak mugarri bat ezarri zuen.

Zuzendariak zioen errepideak erabakiko zuela, baina gutxitan sinesten dira halakoak.

Kazetariak beti nahi du saltsa pixka bat, baina, zu taldeko zuzendaria bazara, nahi duzuna irabaztea da. Zuk talde hau hartzen baduzu, txirrindulari hauei ordaintzen badiezu, eta Tourreko lider bazoaz itxura sendoa ematen ari den txirrindulari batekin, Thomasek erakutsi zuen bezala... Bada, argi dago. Taldean garrantzitsuena Tourra irabaztea zen, eta berdin zion zeinekin. Urte osoan inbertitzen denarekin, garrantzitsuena Tourra irabaztea da. Ardura ez irabazteak sortzen du, ez zeinek irabazteak.

Skyk aspergarri bihurtzen omen ditu lasterketak. Zuk ez zenuen izan aspertzeko betarik.

Ez, benetan. Baina irabazteko gaude hemen, eta, horretarako lasterketa aspergarri bihurtu behar bada, bihurtuko dugu, baina kontua irabaztea da. Urte batzuk barru, irabazteko beste modu batean korritu behar baldin badugu, hala egingo dugu.

Aurten lore oso politak jaso dituzu zure laguntzaile lanarengatik.

Agian, tropelaren aurrean ikusi nautelako da; liderraren taldean zoazenean ageriago gelditzen da zure lana. Baina Quintanarekin Giroa irabazi genuenean ere lan polita egin nuen, eta 2016ko Vueltan, Formigaleko ihesaldi hartan. Gero, Tourreko bere bi podiumetan ere ondo ibili nintzen. 2013koa oso gogorra izan zen, Quintana eta biok ia bakarrik gindoazelako. Lan pila bat egin nuen urte hartan, agian iazko Tourrean baino gehiago, baina lan ikusezina da. Irabazteak ematen dizu ikusgarritasuna.

Eta, aurten, zuzendariek zer eskatu dizute?

Pozik daude, iazkoa berriro egiteko esan didate. Gaztea naiz, baina badut eskarmentua; taldean jende gazte asko dago, eta haiei erakusteko eskatu didate. Eta lasterketan, argi dago, kale ez egitea: goraka, beheraka, helmugetan... Batez ere, lehen astean, taldekako erlojupekoetan, haizea jan... Denetarik egin dezaket, eta taldeari gustatzen zaio hori.

Orain zer dagokizu gehiago, irakastea edo ikastea? Taldean baduzu zeinek irakatsia.

Egunero ikasten duzu. Urteekin, hanka sartze gutxiago egiten dituzu: arroparekin, ahaleginekin, janarekin... Lasterketetan, bizitzan bezala, funtsezkoena hanka ez sartzea da.

Taldeko txirrindularia zara, baina erlojupekoetan aldarrirako aukera duzu. Hobetzeko lan egiten jarraitzen duzu?

Nik uste dut hobetu naitekeela. Esan beharra dago taldez aldatzen zarenean lehen urtea zaila dela, bizikleta berria delako. Aurretik, aldatu nintzenean, nire urterik txarrena izan zen. Iaz, dena den, Tirrenon eta Abu Dhabin Rohan Dennisek baino ez zidan irabazi, eta urte osoan ia garaiezina izan zen. Urtean zehar saio onak egin nituen, eta oso gutxigatik ez nintzen izan Europako txapeldun.

Esan zenuen Munduko Txapelketan zure onena eman zenuela, eta, halere, seigarren izan zinen. Bizkarrekoa izan al zen?

Ez, bigarren postutik 25 segundora bukatu nuen. Datuak aztertu behar dira: Kirienkak, munduko txapeldun izandakoak, lau minutu galdu zituen, eta Tony Martinek, hirutik gora. Zailena mantentzea da, urtero hor egotea, seigarren, hirugarren, bosgarren... Niri, gainera, ordubeteko erlojupekoak gustatzen zaizkit: Munduko Txapelketakoak eta Olinpiar Jokoetakoak.

Astebeteko itzuliak ere egokiak izan zitezkeen zuretzat. Inoiz ez diozu halako zerbait eskatu zuzendari bati?

Garbi dut zein taldetan nagoen. Tirrenora joan —oso gustuko dudan itzulia—, eta inguruan, Kwiatkowski, Froome eta Thomas ikusten badituzu, ezinezkoa da. Beste edozein taldetan banengo, bide txiki bat nuke, ez nukeelako hainbeste lan egingo, baina hemen ez dago aukerarik. Baina ez nau arduratzen, badakizu lanerako zaudela, eta kide hauekin esker onekoa da, irabazi egiten baitute. 2017an, Tirrenon, Quintanak irabazi zuen, eta ni zazpigarren izan nintzen. Sasoiko nengoen, agian aurrerago bukatzeko moduan, baina lanera joana nintzen, eta, orduan, bai, pena pixka batekin gelditu nintzen.

Esan duzu Sky babesle nagusiak ez duela jarraituko. Taldean nabaritu al duzu?

Oraindik urtarrilean gaude, eta taldea lasai dago. Ez dut negoziazioen berri, baina harrigarria da taldeak hemen, Kolonbian inbertitu duena. Denak berdin jarraitzen du, eta horrek lasaitasuna ematen du. Ikusiko bagenu murrizketak daudela edo, baina dena berdin dago. Nik uste dut denbora beharko dela, hau ez delako nolanahiko taldea. Hemen ez du balio aberats bat etorri eta dirua jartzeak, baizik eta luzerako egonkortasuna ziurtatu duen norbait behar duzu. Guk geuk ondo aritu behar dugu, eta lehiatzen jarraitu.

Gero eta euskal herritar gutxiago zarete World Tourrean.

Batzuetan, pentsatzen jarri, eta pena ematen dit Euskaltelen desagerpena gogoratzeak. Orain ezinezkoa litzateke World Tourreko talde bat martxan jartzea, baina talde profesional on bat jar liteke. Batzuek hor jarraitzen dugu: izagirretarrek, Bilbaok, Landak, Frailek... Gu adinean gora goaz, baina ziur nago belaunaldi berri bat iritsiko dela. Beti egon da jendea Euskal Herrian. Baina egitasmo sendo bat behar da gazteei aukera emateko. Hamar-hamabi txirrindulariko egitasmo batek gutxirako balio du: gehiago behar da.

Skytik nola ikusten dira Euskadi Murias, Euskadi fundazioa eta halako egitasmoak?

Ez dakit nola dauden, informazio gutxi dut. Baina Murias hazten ari da. Duela hiru urtekoaren aldean, talde sendoagoa da, eta egutegi oso ona egingo du. Poztuko nintzateke babesleren bat sartuko balitz egitura sendotzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria