Arrauna

Hobetu nahiak ez du etenik

Eusko Label ligako Isuntzak, Oriok eta Urdaibaik traineru eredu berriena daukate, eta Donostiarrak, horren aurreko eredua. Oriotarrek bakarrik erabili dute berria.

Oriok traineru berria erabili zuen aurreko asteburuan. Irudian, trainerua, larunbatean jokatutako Donostiako banderan. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Erabateko garrantzia dauka langaiak arraunean. Kontu horietan gaurkotuta ez dabilen talde bat nekez ibiliko da azkar. Esparru horretan ere etengabeko berrikuntza dago, eta beti helburu hau lortu nahian: nola demontre bihurtu azkarragoa trainerua. Ez da ontziari bakarrik dagokion misterio bat, jakina, baina hori ere oso agerikoa da: oso ondo eginda ere beste lan guztiak (pisua, neurriak eta abar), nekez ibiliko da azkar lan tresna egokia ez duena, eta hori trainerua da, arraunekin batera.

Entrenatzaile askok jotzen dute Juan Luis Amilibia ontzigilearengana traineru berri bila, eta, Aiako lantegian, etenik gabe dabiltza nola hobetu berez tradizionala den ontzia. Araua ere bete egin behar, neurri eta pisu jakinen barruan sartu behar dutelako ezinbestean. Kontua da ari dela orain ere Amilibia hobekuntzaren bila, eta azkeneko berrikuntza da trainerua egiteko modua. Sistema modularra edo tubularra deritzonarekin egin ditu azkenekoak, berrienak. Traineru berri horrek ez dauka barruko koadernarik. Gero, entrenatzaile bakoitzak aukera izaten du barruan zertxobait moldatzeko, nahi izatera. Horretan ere ezberdina dela dio Jon Salsamendik, Orioko entrenatzaileak: «Barruko gauzak lehen denak batera mugitu behar ziren, eta orain ez; zatika egin daiteke».

Eusko Label ligan, Isuntzak, Oriok eta Urdaibaik dute traineru berri-berri hori. Donostiarrak aurreko eredua du, berrienaren oso antzekoa, 2016koa. Salsamendik bakarrik erabili du aurtengo ligan ontzi berria, aurreko asteburuan. Larunbatean, bandera irabazi zuen Oriok, eta igandean hirugarren izan zen. Herenegun ez zuen traineru horrekin irabazi Gipuzkoako Txapelketa. Salsamendik garbi dauka berriari zerbait berezia ikusten diola: «Hasieratik antzeman nion eman dezakeela zerbait zaharrak eman ezin dezakeena». Oso ondo azaldu du zer eskatzen dion ontzi berriari: «Gogorra izan behar du. Horren bila ari gara historikoki talde guztiak. Erabat gogorra ez, jakina, malgutasuna ere behar duelako ontziak ondo mugitzeko».

Uda, txarra probarako

Gogortasunari heldu dio Joseba Fernandezek ere, Urdaibaiko entrenatzaileak. Baina beste ikuspuntu batetik egin du: « Garbi dago eredu berria aurrekoa baino gogorragoa dela, baina beharbada gogorregia. Gu konturatu gara zaharrarekin lortzen dugun abiadura bera lortzeko arraunlariek lan fisiko handiagoa egin behar dutela berriarekin». Itsasoan traineru berriak jotzen dituen kolpeei erreparatu die: «Hain gogorra denez, kolpe batean erortzen da uretara brankaz doanean, eta ez bitan, zaharra bezala, hori malguagoa delako».

Osertz Aldaik, Isuntzako entrenatzaileak, ez dauka batere garbi traineru berria zaharra baino hobea denik nabigatzeko: «Esango nuke antzera dabiltzala uraren gainean, eta, gero, bada beste kontu bat. Oso zaila da zehaztea talde baten hobekuntza traineru berriagatik soilik denik. Beste mila faktore daude arraunean». Igor Makazagak, Donostiarrako entrenatzaileak, ez du ezagutza zehatzik eredu berriaz, aurrekoa ari baita erabiltzen. Baina antzeman dio gogorragoa dela: «Gurea ere, 2016ko hori, koadernarik gabekoa da, berria bezalaxe, eta bistan da azken bi eredu hauek gogortasun handiagoa dutela—.

Ontzi berria lehorrean zergatik daukaten galdetuta, Fernandezek eta Aldaik bat egin dute erantzunean. «Ez digu konfiantzarik ematen oraindik, eta, nola ez garen ondo hasi ligan, egoera horretan ez gara hasiko gauza berriak probatzen», esan du Fernandezek. Isuntzak iaztik dauka traineru berria, baina aurreko udan ez erabiltzea erabaki zuten, «taldea ontzi zaharrarekin eroso dabilelako, eta denboraldian helburu handiak genituelako». Lehia eta probatzeko zailtasunak, azken batean: «Uda honetan atera gara berriarekin, denboraldi-aurreko estropadetan, eta behin ligan, Bilbon. Uda ez da garai ona horretarako, lehia bete-betean gaudelako». Hala ere, baliteke etzi ere ateratzea, Sestaon, «ur bareetan baita estropada».

Makazagak ere ez darabil 2016ko trainerua, hiru urte lehenagokoa baizik: «Toletak jartzeko lekua kanporago dauka zaharrak, eta horregatik bakarrik erabiltzen dugu hori». Salsamendik onartu du gustura asko erabiliko zuela traineru berria uda osoan: «Neguan eduki izan bagenu, prestakuntza garai bete-betean, ia seguru uda osoan berria aterako genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.