Birritan ikusteko aukera

Bilbon bukatu da Espainiako Vueltaren 12. etapa. Kirolariak zuzenean ikusteko aukeraz gain, sorturiko jai giroa nabarmendu dute bertaraturiko herritarrek.

Bilbora iritsi aurretik, zale asko bertaratu ziren Ganguren gainera txirrindulariak animatzera. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Aukeratu beharra zegoen: txirrindulariak ahalegin betean ikusi Arraizko portuan gora, edo hirigunean geratu, etajai giroak lagunduta, kirolariek errepidea ziztu bizian noiz gurutzatuko zain egon. Bigarren hautuaren alde egin zutenek abantaila bat izan zuten: bi aldiz igaro ziren txirrindulariak euren aurretik. Birritan ikusi zituzten kirolariak zuzenean jardunean: Deustu auzotik Bilbora sartu zirenean, lehenengoz, eta Kale Nagusian helmugara iritsi zirenean, ondoren. Jai giroan murgilduta, barra-barra bete zen atzo Bilboko Kale Nagusia Espainiako Vueltaren hamabigarren etaparen amaiera ikusteko.

Txirrindulariak bi bider ikusteko estrategia jarraitu zuten, hain zuzen, Susana Izquierdok eta Nerea Ibarbia ama-alabek. Deustuarrak izanda, etxe azpira jaitsi eta bertatik ikusi zuten tropela nola zetorren. «Gu gure aletxoa jartzera etorri gara: babesa ematera», azaldu zuen Izquierdok. Alabak, parean jarrita, buruarekin baiezko keinua egin zuen.«Animo oihuak egitera gatoz gu». Hiru orduz egon ziren Bilboko zenbait kale itxita lasterketa zela eta, eta Izquierdok begi onez hartu zuen erabakia: «Trafiko mozketa aukera bat da hiriaz gozatzeko kutsadurarik, zaratarik eta autorik gabe; badu bere xarma. Hiru ordu libre dira».Txirrindularien lehen igaroaldia ikusi ondoren azkar hartu zuten Kale Nagusirako bidea.

Azkarrago mugitzeko eta ekitaldiari keinu eginez, bizikletan jarraitu zuten lasterketa Juan Franciscok eta Ivan Fernandezek. Kaskoa, bizikletan ibiltzeko elastikoa eta galtzak soinean, bizikleta bana eskuan zeuden biakBilboko Euskadi plazan, txirrindulariak noiz helduko, egonean. «Ziztu bizian pasatzen dira, segundoak dira, baina kirol apur bat egin, giroa ikusi eta animatzeko aitzakia polita da». Franciscok hala azaldu zuen han egotearen arrazoia. Fernandezek, berriz, hiriari egin diezaiokeen ekarpena aipatu zuen: «Turismoa erakarri eta zaletasuna indartu dezakete horrelako ekitaldiek».

Gonzalo Peña, Alfredo Calle eta Aitor Ortuondo alabekin joan ziren San Inazio auzotik kirolariak ikustera. «Deustutik sartu direnean ikusi ditugu lehenengo, eta gero oinez hurbildu gara helmugara. Justu-justu iritsi gara garailea pasatu denean», nabarmendu zuen Callek. Philippe Gilbertek 17:00ak pasata igaro zuen helmuga, eta hantxe ziren hiru lagunak.

Aldarriak eta ikurrak

Kirolariez gain, beste protagonista batzuk ere izan zituen atzoko etapak. Banderek hartu zituzten errepide bazterrak zenbait tartetan. Ikurrinak plazaratzeko agertoki ona izan ohi dira kirol ekitaldiak, eta atzo horretarako baliatu zuten etaparen amaiera Leioako Asier Landetak eta Erlantz Pazosek. «Gure zaletasuna erakusteko era bat da», zioen Landetak.«Gure ikurrak defendatu behar ditugu. Horretarako aukera ona da helmugan erakustea eta telebista guztietan agertzea», gehitu zuen Pazos lagunak aldamenetik. Karreraren amaiera galtzearen beldur, eguerditik bertaratu ziren Landeta eta Pazos Kale Nagusira; eta txirrindulariak birritan ikusteko paradari muzin eginda, lehen lerroan mantendu ziren une oro.

Ikurrinak ez ziren izan, ordea, zaleen artean nabarmendu ziren identitate adierazle bakarrak. Hiriko kaleak Kolonbiako banderaz josi ziren, lasterketan aritu ziren Miguel Angel Lopezi (Astana) eta Nairo Quintanari (Movistar) babesa helarazteko. Marisa Herrerak lasterketarako berak propio jositako bandera jarri zuen lehen lerroan: «Ni kolonbiarrak animatzera etorri naiz, indar betean dabiltza, eta babesa agertzea garrantzitsua da. Sorterritik kanpo gaude, urruti, eta horrelakoak aprobetxatu behar ditugu gureak animatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.