Oskar Astarloa. Hernaniko Errugbi Elkarteko jokalaria

«Errugbia droga bezalakoa da: zaila izango da nik hura uztea»

Hiru hamarkada daramatza jokatzen, eta Euskal Herriko eliteko ia talde guztietako elastikoa jantzi du. 45 urterekin, jokalaritzat du bere burua oraindik, baina aspalditik pentsatzen du entrenatzaileak bezala. Astarloak inor gutxik bezala ezagutzen ditu Euskal Herriko errugbiaren barrunbe, bertute eta miseriak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Elorrio
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Argazkilariak hala eskatuta, bere ibilbidean erabilitako elastiko guztiak ekarri ditu Oskar Astarloak (Elorrio, Bizkaia, 1974), talde eta selekzio bakoitzeko bat. Getxo, Baiona, Donibane Lohizune, Ordizia, Gernika, Bera Bera, Hernani, Kortsarioak, Euskarians, euskal selekzioa, Espainiakoa... Elorrioko elizako barandan eskegi ditu, eta jendea begira gelditu zaio. Merkatu eguna aldatu dutela dirudi.

Zergatik jarraitzen duzu jokatzen 45 urterekin?

Iazko abuztuan talderik gabe nengoen; entrenatzaile tituluarekin aritu nintzen udan, eta ikusi nuen oraindik jokatu nahi banuen azken aukera zela. Ohorezko Mailan, gainera. Printzipioz, urte baterako kontua zen, baina Hernanin oso giro ona dugu, eta ez nuenez lesiorik izan... Omenaldia eta guzti egin zidaten, baina Hernanin jendea behar zutela ikusten nuen, eta urtebetez luzatzea erabaki nuen. Baina gero eta gogorragoa da, bi egunez bakarrik entrenatzen naiz, maila altua da. Sasoi gogorra izaten ari da, gainera: Igor Genuak utzi egin du, Ternisien anaiak joan egin dira... Halere, gustura nago.

Hernanin sufritzea egokituko da sasoi honetan.

Hori urtero, eta sasoi honetan, gehiago, baina nik konpromisoa ikusten dut taldean. Udazken honetan euripean nola entrenatu garen ikusiko bazenu...

Oraindik ondo pasatzen al duzu jokatzen?

Bai. Beroketak eta lan fisikoa gogorrak dira, baina 15 urterekin hasi nintzen jokatzen, eta ez dut inoiz utzi. Lana uzten nuen selekzioarekin joateko, edo Baionan entrenatzeko. Emazteak ere horrela ezagutu ninduen. Berak eskubaloian jokatzen zuen, eta badaki zer den kirola. Nik badakit errugbia bukatuko dela noizbait, baina lesiorik ez dagoen bitartean, jarraituko dut. Aspaldi irakurri nion jokalari ingeles bati: «Errugbia droga bezalakoa da», eta guk hori daramagu zainetan. 15 urterekin hasi nintzen drogatzen, eta oso zaila izango da uztea. Entrenatzaile izateko prestatu naiz, eta, ahal bada, hurrengo urtean talderen bat entrenatu nahiko nuke.

Oraindik ere amorrua sortzen al dizu galtzeak?

Bai! Ni beti irabaztera atera naiz. Guri irabazteko, gure gainetik pasatu behar izan dezatela. Kontrolatzen ikasten duzu, baina, esaterako, sasoi honetan derbia jokatu dugu Ordiziaren aurka, eta goizetik gorputza arraro nuen. Ordizian lagun pila bat ditut, derbi bat, eta ondo jokatu nahi duzu. Ez da erraza emozioak kontrolatzea.

31 urte jokatzen. Ez al zara inoiz aspertu?

Ez, inoiz ez. Liga bukatzean, ni beti ibili naiz selekzioarekin jokatzen, edo zazpiko errugbian, hondartzakoan... Nik antolatzen nituen taldeak. Gero deitu izan naute hainbat taldetatik: Euskariansekin Kenyan egon nintzen, Anoetan jokatu zen lehen errugbi partidan, Ipar Irlandaren aurka. Ezkon-aurreko agurra ere zazpiko torneo batean egin zidaten, Suancesen [Espainia].

Euskal Herriko ia talde guztiak ezagutu dituzu. Baina zein da zure taldea?

Izatez, Elorrio. Hari esker hasi nintzen, eta Baionan nengoenean hemen ere laguntzen nuen. Orain ez dut taldean laguntzen, baina etorriko da bueltan.

Non egon zara gustuen?

Etapa ezberdinak izan dira. Donibane Lohizuneko hiru urteak, Federal 1ean, oso onak izan ziren. Gero Baionako profesional urteek ere beste errugbi bat ezagutzeko aukera eman zidaten.

Ipar eta Hego Euskal Herriko errugbia ezagutzen duzu. Oraindik oso urrun al daude?

Urte hauetan egoera ez da asko aldatu; arazo handiena dirua da, azpiegiturak. Ipar Euskal Herrian errugbi profesionala dago: gizarte segurantza du; min hartuz gero, kobratzen da... Hegoaldean oso urrun gaude. Ordizia edo talderen bat egongo da gerturatzen zaiona, baina beste taldeak oso urrun daude.

Hasi zinenean baino urrunago al daude orain?

Oso zaila da gerturatzea. Askotan hitz egin dut Iñaki Laskurainekin [Euskadiko Federazioko presidentea], eta beti pentsatu dugu Ipar Euskal Herriari begiratu behar geniola, baina han errugbi gehiago dute. Telebistan ikus daiteke, hegoaldean ez. Lehen esku pilota galdu xamar zebilen, baina telebistaz ematen hasi ziren, eta pilotalekuak margotu zituzten jokoa hobeto ikus zedin. Horrelako zerbait beharko luke errugbiak. Gero ere hegoaldean ez dugu eliteko talde lehiakorrik. Hiruzpalau talde elkartuta sor zitekeen, hor dago Kortsarioen esperientzia, euskal selekzio moduan partida handiak eginikoak gara.

Euskal liga martxan jarri dute udan. Zer iruditzen zaizu?

Ipar Euskal Herriko gazteen aurka jokatzea esperientzia ona da. Hastea da, ikasteko asko dago, eta liga horrek laguntza behar du. Hor aritzea, baina, ez da erraza. Ipar Euskal Herrian jokatzeko traba burokratikoak ditugu: asegurua...

Hego Euskal Herriko eliteko talde guztiak ezagutzen dituzu. Oso ezberdinak al dira?

Aro ezberdinetan ezagutu ditut, eta horrek asko baldintzatzen du iritzia. Baina bai, ezberdinak dira.

Getxo izan zen zure aurreneko taldea. Nolakoa da?

Nik 1993-1994an jokatu nuen han. Klub historiko bat da, gorabeherak izan dituena. Oso ondo portatu ziren nirekin. Ohorezko Mailan debutatzeko aukera eman zidaten, Laskurain eta hauekin. Talde bat osatuta zegoen, eta nik bi urte egin nituen han. Kopako bi final galdu genituen, eta azken urtean ni min hartuta nengoela irabazi zuten. Antolaketa ona zuen, baina erregulartasuna falta izan zaio.

Ordizian aritu zinen gero.

Bai. Baionatik nentorren, dena oso profesionala zen esperientziatik. Ordizia, berriz, klub herrikoia da, oso euskalduna, txikia... Multzo itxia zen, ez zen erraza hor sartzea. Nirekin batera kanpoko hainbat jokalari joan ziren Ordiziara. Ohorezko Mailako bigarren urtea zuten. Hazten ari zen.

Jarraian etorri zen Bera Bera.

Bai, Ohorezko Mailan. Euskadiko selekzio moduko bat egitea zen asmoa, atzerriko jokalari batzuekin. Asmoa ona zen, baina zorte oso txarra izan genuen. Lehen urtean jaitsi egin ginen, baina bulegoetan mantendu ginen, eta bigarren urtean berriz ere behera. Zortzi partida irabazita jaitsi ginen. Oroitzapen ona dut, hala ere.

Eta Gernika? Anbizio handiko egitasmo bat izan zen.

Lau urte egon nintzen, horietatik bi jokalari-entrenatzaile. Aurrekontu handia zuen. Bigarren urtean Europan jokatu genuen, Amlin Kopan [Europako hirugarren txapelketa], eta han izan genuen jokalari profesionalak ezagutzeko aukera. Afa Amosa samoarra izan genuen, Munduko Kopa jokatu duena Samoarekin. Hego Euskal Herrian kirol mailan izan dudan talde onena. Amlin Kopan Rovigo Italiako taldeari irabazi genion, etxean eta kanpoan. Amlin bukatuta, baina, dirurik gabe gelditu zen, eta hainbat jokalarik utzi zuten. Justu mantendu ginen, eta arazo asko izan genituen barruan. Jendea trebatzeko balio izan zigun, eta entrenatzaile-jokalari izan nintzen garaian kanporaketetarako sailkatu ginen. Beste urtebete jarraitzeko akordioa genuen, baina ez zen hala izan.

Eta Hernani?

Ezberdina da, eta betidanik izan da horrela. Hernanin satelite hutsak dira. Lagun kuadrilla bat da. Guztiek ematen dute euren onena, inor ezin da ezkutatu, eta beti laguntzeko daude. Ez dute kanpoko fitxaketarik ekartzen. Kanpotik ekarri, haiei ordaindu, eta etxekoei ez, ez du zentzu handirik. Orain ikusten da, elitean mantendu nahi baduzu, behar duzula zerbait. Ez dakit garaia izango den ala ez. Baina dagoen giroa bikaina da. Beste taldekoak ere harrituta gelditzen dira zelaian ikusten dutenarekin. Aldagelarako bidean ikusle artean joaten gara, aurkariak ere bai... Sinestea ere kosta egiten zaie. Nik Sevillan ez dut halakorik ikusten.

Bizi daiteke errugbitik Hego Euskal Herrian?

Ondo ez, baina bizi bai. Ez dago oso profesionalizatuta. Ordizian gizarte segurantza badute, baina beste klubetan... Etxekoei ordaintzen ez badiezu, kanpokoei ordaintzeko beste maila batekoak izan behar du. Hori da kontrolatu behar dena. Batzuetan, etxeko jokalari batzuk joaten dira, eta agian kanpokoak baino hobeak dira.

Zu bizi izan zinen errugbitik.

Bai, Baionan. Bi urtez izan nintzen erabateko profesional. Beste taldeetan diru laguntzak zeuden, sariak. Urte oso onak izan ziren. Ipar Euskal Herrian jaiota errazagoa da, baina nik bitartean lana nuen, familia. Lana pixka bat alderatu nuen, baina ez erabat. Asteazken eta ostiral goizetik lan egiten nuen, eta Baionara joaten nintzen gero.

Hegoaldeko jokalari gutxik egin dute bidea Ipar Euskal Herrian.

Orain hasi da. Ordiziako bi daude Baionan, Getxoko eta Amurrioko bana... Eskulan merkea ere badira Ipar Euskal Herriko taldeentzat. 18 urtez azpiko selekzioan badut jokalari bat gurasoek Miarritzera eramaten dutena, han asteburua egin eta gero buelta. Beste klub bateko jokalari bat dohainik lortzen dute. Bigarren taldekoei etxea jartzen diete, eta ikasketak... eta hor baldintzak duinagoak dira.

Lana eta kirola uztartu dituzu.

Bai, basoan egiten dut lan, egurrarekin. Orain makina batekin egiten dut lan, baina Getxon ari nintzenean goizeko zazpietan irteten nintzen etxetik, eta egun osoa motozerrarekin edo aizkorarekin pasatu ondoren joaten nintzen entrenatzera.

Zenbat kilometro egin dituzu zure ibilbidean?

Pila bat. Hiru edo lau auto izan ditut. Baionara 115 kilometro nituen, Hernanira 71... Asfaltoa belarra baino nekagarriagoa da.

Kontziliazioa familiarekin ez zen erraza izango.

Ez gara haserretzen. Etxekoek ez badute laguntzen, ezinezkoa da; zorretan nago. Aurrekoan alabak esan zidan: «Orain gurekin denbora gehiago egongo da». Gaur egun, astearteetan eta ostegunetan, umeak eskolara eramaten ditut goizean, eta ez ditut ikusten egun osoan. Astelehen eta asteazkenetan, aldiz, bai. Gero asteburuetan kanpoko partidak badira ere, ordu asko dira. Espainiako 18 urtez azpiko hautatzaile naizenez, egonaldiak eta txapelketak ere kanpoan igarotzen ditut.

Munduko Kopa ikusi al duzu? Zuk ere jokatu zenuen 1999an.

Duela hogei urte izan zen; gure multzoa Eskozian jokatu zen. Esperientzia oso ona izan zen. Oroitzen naiz nola joaten ginen estadiora. Poliziak gure autobusa zaintzen zuen, Murrayfieldera bidean. Ezin genuen galdu aukera hori. Eskoziarrek ez zuten errukirik izan nirekin, elastikoa apurtu zidaten! Ni baloi guztien bila joaten nintzen, saltsa guztietan sartuta. Gozatzen. Uruguai, Hegoafrika eta Eskoziaren aurka jokatu genuen. 2001ean zazpiko Munduko Kopa ere jokatu nuen, Argentinan. Hura ere ederra izan zen.

Partida haien bideoak ba al dituzu? Ikusi al dituzu?

Noizbait, bidaiaren batean, baina beste norbaitek jarrita. Hegoafrikaren aurka ordu erdiz eutsi genion hutsean genuen berdinketari, eta aurretik jartzeko aukera izan genuen. Munduko Kopako partida bateko plakatze marka berria ezarri genuen, ehundik gora.

Zerbait falta zaizu betetzeko errugbian?

Ez. Gehiena egina daukat. Partida batera gogo barik noan eguna iristen bada, edo galtzeak ez badit axola, ez naiz joango.

Noiz arte jokatzen? Benetan.

Uste dut hau izango dela azken urtea goi mailan. Asmoa, aspalditik, Elorriora etortzea eta urte bat jokatzea zen. Ez nuen espero hain luzaroan jokatzerik. Urte batzuk bai, baina hainbeste... Elitean uztea da asmoa, baina ikusi behar, entrenatzeko aukera on bat iritsiko balitz... Selekzioan ere banago, eta ez dut nahi bete ezin dezakedan konpromisorik. Abuztuan ikusiko dugu.

[youtube]https://youtu.be/3_AAGEc-mMQ[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.