Itzuleraren saririk onena

Bilbo Basketek Espainiako Koparako sailkatzeko aukera du bihar. Bartzelonari irabaziz gero, zuzenean sartuko da lehiaketan; bertzela, arerioen emaitzen esperoan gelditu beharko du.

Martinez, Schreiner eta Lammers, joan den azaroan, Real Madrili ACB ligan irabazi ondoren, Miribillan. LUIS TEJIDO / EFE.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Lau urte beteko dira agudo Retabet Bilbo Basketek Espainiako Kopa azkeneko aldiz jokatu zuenetik. Txapelketa gogoangarria izan zen bizkaitarrentzat, nahiz eta bukaera mingotsa izan zuen. Finalerdietaraino ailegatu ziren, eta partida horren azken laurdena zazpi punturen abantailarekin hasi zuten, aitzinetik hemeretziz irabazten joan ondotik. Kanaria Handiak, ordea, partida irauli zuen, eta historiako bigarren finala jokatzea eragotzi zion Bilbo Basketi. Bizkaitarrek seigarren parte hartzea zuten kopan, eta orduz geroztik ez dira berriz sailkatu. Tarte horretan, denboraldi bat LEB ligan egin behar izan dute, eta, orain, ACBra itzulita, pauso bakar bat falta dute berriz ere Kopan lehiatzeko. Itzuleraren saririk onena litzateke.

Pauso bakarra falta du, bai, Bilbo Basketek, baina ez da edonolakoa gainditu beharreko langa: Bartzelona izanen du arerio, bihar, Palaun (12:30). «Taldea ongi dago; lau partida jarraian irabazi ditugu. Ongi ari da lanean, eta oraintxe bertan ez daukagu inor min hartuta», kontatu du Rafa Pueyo Bilbo Basketeko kirol zuzendariak. Baikor egoteko motiboak dituzte bizkaitarrek, baina ongi dakite zein den parean duten arerioa. «Bartzelonari Palaun irabaztea gauza handia da. Hemeretzi norgehiagokatik bi baino ez ditugu irabazi han. Beraz, motibatuta gaude; aukera ederra da, baina ondo dakigu erronka oso zaila dela».

Bartzelona Europako talderik onenetako bat da, eta haren jardunak azalpen gutxi behar du. Azken bi Kopak irabazi ditu, eta parte hartzen duen lehiaketa guztietan titulua irabazteko borrokan aritzea du helburu. Hagitz zaila da Bartzelonari irabaztea, are gehiago etxean jokatzen duenean, baina ez da ezinezkoa. Liga honetan, errate baterako, partida bat galdu du Palaun; hain zuzen, sailkapenean Bilbo Basketekin berdinduta dagoen talde baten aurka: Unicaja Malaga, Kopan etxeko taldea izanen dena.

Horrez gain, bertze faktore bat baliatzen saiatuko da Bilbo Basket, Bartzelonak bart Anadolu Efesen aurka jokatu baitzuen Euroligan; bi partida, 48 ordu baino gutxiagoko epean. Pueyok uste du «agian» bizkaitarrei mesede egin dakiekeela horrek, baina zuhur mintzatu da. «Talde horiek ohituta daude halako ahalegin bikoitzak egitera. Jokalari zerrenda luzea dute, eta deialdi ezberdinak egin ditzakete lehiaketa baterako edo bertzerako». ACBko lau talde daude Euroligan, Valentzia, Baskonia eta Real Madril, eta ezinezkoa da Bilbo Basketek lehen itzulian horien aurka lortu dituen emaitzak hobetzea: hirutik hiru garaipen. «Laugarrenari bere kantxan irabaztea pastelari ginga paratzea litzateke».

Bilbo Basketek Palaun balentria egiterik ez balu ere, lor lezake Koparako sailkatzea. Sei taldek dute aukera, baina hiru postu baino ez daude libre. Bortzgarren postutik 11.era arte dauden taldeak dira, Unicaja salbu —seigarrena da, baina, etxeko taldea denez, automatikoki sailkatuta dago—. Pueyok «egingarri» ikusten du beharrezkoa luketen emaitzen konbinazioa lortzea.

Lau kantxatara begira

Lau dira bizkaitarrek jarraitu beharreko partidak. «Ez denez jardunaldi bateratu bat, hau da, partida guztiak ez direnez ordu berean jokatuko, gurea hasterako jada jakingo dugu zer egin duen Burgosek Santiagon [Obradoiroren aurka], eta agian soilik begiratu beharko diogu Kanaria Handiaren eta Baskoniaren arteko partidari». Baskonia Kopako lehiatik kanpo gelditu zen joan den jardunaldian, baina garaipen behar larriarekin joanen da Kanaria uharteetara, eta horrek Bilbo Basketen alde jokatuko du.

Burgosek ez ezik, Andorrak ere bezperan jokatuko du, Manresan. Bilbo Basketekin berdinduta dago taulan, baina bi postu aitzinerago dago, bortzgarren tokian, sartutako eta hartutako puntuen aldea txikiagoa duelako —Andorrak +28koa, eta Bilbo Basketek, berriz, -8koa—.

Bartzelonaren aurka galduko balu eta sailkapena erabakita ez balego, arretaz begiratu beharreko laugarren partida Valentziaren eta Joventuten artekoa izanen litzateke, bihar arratsaldean. Irabazleak Bilbo Basket berdinduko luke taulan, eta puntuen aldeak erabakiko luke nor egonen den kopan.

Bilbon ilusioa piztu du Kopa jokatzeko aukerak. Pueyo kontent dago, baina ez du ahantzi egiazko helburua. «Sailkatzeko borrokan aritzeak esan nahi du ACBn mantentzeko helburua hurbilago dagoela. Oso denboraldi ona egiten ari gara, eta bigarren itzulian gauzak asko okertu beharko lirateke helburu hori ez lortzeko». Fitxaketetako bi, Axel Bouteille eta Ondrej Balvin, ligan ondoen baloratutako jokalarien artean daude, eta LEBetik igo zen blokea ondo ari da. «Taldea oso ondo ari da jokatzen. Galdu ditugun ia partida denetan izan dugu irabazteko aukera, eta horrek ondo erakusten ditu jokalarien lehiakortasuna eta talde teknikoaren lan ona. Gure jarraitzaileak harro daude, eta gero eta gehiago animatzen gaituzte Miribillan jokatzen dugunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.