Bata, pozarren; bestea, erdizka

Zuazok eta Bera Berak elkarren aurka jokatuko dute bihar Lasesarren, Espainiako Ohorezko Mailako bigarren itzuliko lehen partidan. Helburua beteta iritsiko dira bi taldeak: Donostiakoa lider sendoa da, eta Barakaldokoa jaitsieratik kanpo dago.

Alba Sanchez, baloiarekin, Bera Berak eta Zuazok lehen itzulian Bidebietan jokatutako partidan. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Lan erdiak egin dituzte Super Amara Bera Berak eta Zubileta Evolution Zuazok Espainiako Ohorezko Mailan: jada jokatu dituzte lehen itzuliko 11 partidak. Eta, espero zen bezala, alde handia egon da bataren eta bestearen jardunean. Halere, biek ala biek bete dituzte helburuak: Donostiako taldea sailkapenaren buruan da, 22 puntuetatik 20 lortuta —ez du galdu—; Barakaldokoa (Bizkaia), berriz, jaitsiera postuetatik kanpo dago, bederatzigarren postuan, zazpi punturekin. Bihar, elkarren aurka jokatuko dute Lasesarren, 12:10ean (ETB1), bigarren itzuliko lehen neurketan.

Etxeko taldea konfiantzaz iritsiko da derbira, hiru jardunaldi baitaramatza galdu gabe: Alcobendas eta Porriño aurkari zuzenei irabazi die Lasesarren, eta Gijon indartsuaren pistan berdindu egin du. Horri esker, jauzia egin du sailkapenean, eta, aspaldiko partez, ez dago jaitsiera postuetan. «Denboraldiko garairik onenean gaude», esan du Joseba Rodriguez Haito Zuazoko entrenatzaileak (Basauri, Bizkaia, 1980). Sailkapenari «bakarrik» erreparatuta, helburua bete dutela dio. «Sasoi honetan bi talde gutxiago garela kontuan hartuta, helburua mailari eustea da, eta, gaur-gaurkoz, jaitsieratik kanpo gaude. Beraz, helburua bete dugu. Hori ziurtatzean hasiko gara pentsatzen beste helburu batzuetan».

Baina berehala jarri du «baina» bat. «Uste dut merituak egin ditugula puntu gehiago izateko». «Argi» du zergatik ez dituzten lortu: «Ihes egin digute azken hamar minutuetan. Neurketa askotan gertatu zaigu gauza bera: 50 minutuz nagusi izan gara, azken txanpan behera egin dugu, eta larrutik ordaindu». Haitoren iritziz, «eskarmentu faltak» kondenatu ditu. «Oso talde gaztea gara, eta, agian, azken minutuetan egoki joka dezakeen jokalariren bat falta zaigu». Halere, ez dauka ezer taldeari leporatzeko. «Bera Beraren aurkakoa [23-19 galdu zuten] eta, batez ere, Ro'Casaren kontrakoa [37-23 galdu zuten] kenduta, partida guztietan lehiatu gara azkeneraino, eta aukera izan dugu gutxienez berdintzeko. Jokalariak duten guztia ematen ari dira. Ziur naiz beste horrenbeste egingo dutela igande honetan».

Bera Beraren aurkako derbiaz ari da. Jakitun dago erronkaren zailtasunaz, baita bi taldeen artekoetako estatistikaz ere: hogei aldiz jokatu dute partida ofizialetan, eta beti irabazi du Donostiako taldeak. «Oso-oso zail» ikusi du bolada txar hori etetea. «Sekulako aldea dago. Sasoi honetan egiten ari dena Bera Beraren nagusitasunaren isla da. Baina guk konfiantza dugu, eta etxean ariko garela baliatu nahi dugu lanak emateko».

Lehen itzuli ikusgarria

Aurkari batengandik laudorioak jasotzea baino seinale adierazgarriagorik ez dago norbera kontura dadin lanean oso ondo ari dela. Eta horixe ari zaio gertatzen Bera Berari: kontrario guztiak ari dira nabarmentzen haren jarduna. Ez da harritzekoa, ikusgarri ari baita: liderra da, eta bi punturen aldea du Elx bigarren sailkatuarekin, neurketa bat gutxiago jokatuta. «Oso lan ona egin dugu. Ez genuen espero oraindik ez genuela galduko: batetik, gero eta parekotasun handiagoa dagoelako, eta, bestetik, Ro'Casaren, Guardesen eta Granollersen pistan jokatu behar genuelako», esan du Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak (Ermua, Bizkaia, 1967).

Baina Alvarez zuhur da, eta, haren arabera, «orain arte egindakoa ez da nahikoa liga irabazteko». Ez da fio atzetik dituzten taldeekin, batez ere Elxekin. «Isilik iritsi da bigarren postura. Aurkari arriskutsua da».

Bera Berako entrenatzailearen iritziz, taldeak «bere buruarengan dituen konfiantza eta ustea» izan dira horren lan ona egiteko gakoa. «Teknikariok sinetsita gaude denboraldi honetan irabazi edo berdindu ditugun zenbait partida galdu egingo genituela beste sasoi batean. Ataka estuan egonagatik ere, taldeak ez ditu inoiz eskuak jaitsi. Azken jardunaldian Guardesen pistan lortutako puntua da horren adibiderik argiena».

Itzuli ia perfektua egin arren, beti dago zer hobetua, eta, Alvarezek azaldu duenez, «burua hotzago» izan behar dute gauzak okertzen zaizkienean. «Huts inozo gehiegi egiten ditugu egoera horietan». Defentsan ere hobetu dezaketela uste du, nahiz eta partidako 23 gol eskas jaso dituzten.

Bihar irabaziz gero, lau puntura urrunduko lukete bigarren sailkatua. Baina Alvarezek «arriskutsutzat» jo du derbia. «Zuazo behean dago, baina garairik okerrena pasatu du. Bi garaipen eta berdinketa bat lortu ditu azken hiru jardunaldietan. Uste osoa dute egiten duten lanean, eta horrek oso arriskutsu egiten ditu, are gehiago etxean. Tentuz aritu beharko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.