Hasteko, aldapa pikoa

Bidasoak eta Anaitasunak gaur ekingo diote berriz ere Asobal ligari. Aurkari zailak izango dituzte biek: irundarrek Ademar hartuko dute; eta iruindarrek, Bartzelona ahaltsua.

Pere Vaquer, jaurtitzen, Rudy Seriren aurrean, Anaitasunak eta Bidasoak Iruñean jokatutako derbian. J. MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdi pasatxoko etenaldiaren ondoren, gaur hasiko da berriro Asobal liga. Bidasoa-Irunek eta Helvetia Anaitasunak aldapa pikoa dute hasteko, biek aurkari zailak izango baitituzte: irundarrek Ademar bigarren sailkatua hartuko dute (19:00, Gol); iruindarrek, berriz, Bartzelona ahalguztiduna jasoko dute (20:30, La Liga Sports).

Asobal ligari gaur ekingo zaio berriro, baina Anaitasunak jada astebete darama lehian. Espainiako Kopako final-zortzirenak jokatu ditu, eta sufrituta sailkatu da, Valladoliden aurkako kanporaketa iraulita. Hori eginda, lehen helburua bete dutela dio Iñaki Aniz Anaitasunako entrenatzaileak (Iruñea, 1969), eta espero du lorpenak taldeari «mesede» egitea.

Anizek azaldu duenez, «gorabeherak» izan dituzte prestaketan. «Jokalari batzuk selekzioekin aritu dira, eta beste batzuk gripeak jota egon dira. Halere, lehiakorrak izan gara Kopan». Baina argi du ez dela nahikoa, eta «hobetu beharra» dutela. «Bizpahiru aste beharko ditugu erritmoa hartzeko, eta sasoi betean jartzeko».

Zehaztu duenez, lehen zortzi sailkatuen artean geratzea da helburua ligan. Gaur-gaurkoz, zazpigarren dira. Baina berehala nabarmendu du zeinen «estu» dagoen sailkapena. «Zazpigarren postutik hamalaugarrenera bi puntu besterik ez dago. Emaitzen arabera, behera egin dezakegu. Pazientzia izan behar dugu. Maiatzean erabakiko da dena. Gure nahia da lehenbailehen 20 puntu lortzea, baina argi izanda egitekoa oso gogorra izango dela, eta dena oso parekatua egongo dela».

Anaitasunaren lehen itzuliak bi zati oso ezberdin izan zituen. Lehen 11 jardunaldietan ez zen gai izan bi partida jarraian irabazteko. «Galdu egin genuen lehen neurketa Bartzelonaren kontra, baita bigarrena ere, etxean, Benidormen kontra. Eta hasiera kaskar hori gainetik kendu ezinik egon ginen». Aldiz, «mugarritzat» jo du 12. saioan, Cangasen pistan irabazi izana. «Han hasi genuen hiru garaipeneko bolada». Ez dio ezustean hartu behetik gora egin izanak. «Beti goaz behetik gora. Gustatuko litzaiguke hobeto hastea, baina hori da gure ohiko joera».

Bartzelona, Benidorm, Puente Genil, Cuenca eta Bidasoaren aurka ariko dira bigarren itzuliko lehen bost jardunaldietan. «Egutegi oso-oso zaila da. Adi-adi egon beharko dugu, eta ahal dugun puntu gehien lortu. Baikor naiz, irabazi beharreko pistetan irabazi baitugu: Cangasen [Galizia], Santanderren eta Puente Genilen [Espainia]. Goikoekin lehiakorragoak izatea falta zaigu. Bidasoarekin ez beste, guztiekin aritu gara ezinean. Ea bihar [gaur] Bartzelonari lanak ematen dizkiogun».

Lesioekin arazoak

Bidasoan ere etenaldi gorabeheratsua izan dute, hiru jokalarik hartu baitute min: Paco Barthek —ez du gehiago jokatuko sasoi honetan—, Mikel Zabalak eta Jon Azkuek. «Ez da urtarril oso emankorra izan. Ez gaude lehiari ekiteko sasoirik onenean. Apur bat herdoilduta gaude», esan du Jacobo Cuetara Bidasoko entrenatzaileak (Ribadesella, Espainia, 1980). Berehala olioztatu beharko dira, Ademar baitator bisitan, bigarren sailkatua. Bidasoa baino koska bat gorago dago, bi puntu gehiagorekin. «Prestaketa nola joan den kontuan hartuta, ez da partidarik aproposena hasteko. Baina etxean jokatuko dugu, eta etxean beti gara faboritoak. Ditugun gabeziak estaltzen saiatuko gara. Bere jokamoldea inposatzen duenak irabaziko du. Itxaropentsu gara. Azkenaldian, neurria hartuta diogu».

Cuetararen arabera, «otsail oso gogor baten lehen harria» da Ademar. «Gero, Bartzelonan jokatuko dugu, eta Benidorm jaso. Erritmoa hartzeko eta sasoia hartzeko aprobetxatu nahi ditugu lehen hiru partida hauek». Zertarako? Hileko azken bi larunbatetan, 22an eta 29an, Wisla Plock Poloniako taldearen aurka jokatu beharreko Txapeldunen Ligako kanporaketarako? «Urruti ikusten dut hori. Badugu lana aurretik».

Irungo taldeak lehen itzuli bikaina egin zuen, 30 puntuetatik 24 lortuta. «Oso pozik gaude. Duela 25 urte Europako Kopa eta Liga irabazi zuen talde ikusgarri hark bakarrik lortu zuen horren adinako kopururik. Gainera, Txapeldunen Ligan aritu gara, horrek dakarren guztiarekin». Horregatik, nabarmendu du «gogotik» saiatuko diren arren «zaila» izango dela horren itzuli ona egitea. «Ez dugu marra gorririk margotu porrotaren eta arrakastaren artean. Ligan, saiatuko gara ahal dugun goien amaitzen, eta zergatik ez, berriro txapeldunorde izaten. Kopan eta Txapeldunen Ligan, berriz, ahal dugun urrutien iristen ahaleginduko gara. Itxaropentsu gara. Gorago egin dezakegu».

Donat Bartok eskuin alboko hungariarraren laguntza izango dute horretarako. Haren fitxaketak Milos Orbovicek taldea uztea eragin du. «Oso gaztea da Bartok, eta ligara ohitu beharko du. Baina mesede egingo digu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.