Akordioa bai, baina bakea ez

Ixone Arrizabalaga, Aizaga Zeberio eta Miren Mendinueta Kolonbian izan ziren iaz Askapenarekin. Militarren presentzia etengabea dela diote, eta gordina dela egoera.

Kolonbian eginiko protesta Manuel Cepedaren hilketaren urteurrena dela-eta. ASKAPENA.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Urtero antolatzen ditu brigadak Askapena erakundeak, helburu jakin batekin: herrialdeen arteko elkartasun internazionalista sustatzea. Hain zuzen, asmo horrekin izan ziren iaz Kolonbian, Ixone Arrizabalaga, Aizaga Zeberio eta Miren Mendinueta Askapeneko kideak. Egoera nahasia da bertan. 2016. urtean bi aldeek izenpetu zuten Kolonbiako bake akordioa: FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak —alderdi politiko bat da, egun, FARC—, Herriaren Armada gerrillak, eta Kolonbiako Estatuak. Bost hamarkada baino gehiago iraun zuen gerra amaitzeko balio izan zuen itunak, eta lorpen handi bat erdietsi. Baina ez du bakea ekarri, eta prozesua korapilatsua izan da hasieratik. Gobernuaren borondate politiko hutsa jarri du horren atzean Arrizabalagak: «Gobernuak ez du bete adostutako %10 ere».

Kolonbiara egindako bidaian, herrialdearen ahalik eta erradiografia osoena jasotzea izan zuten xede. «Joan-etorriko ariketa bat da. Hara joan ginen, bertatik bertara ezagutzekoKolonbiako errealitatea. Horrez gain, Euskal Herriko historia eta egoera soziopolitikoaren inguruko azalpenak eman genituen, hurbilpen bat egiteko. Gero, hemen, bueltarako ariketan, sozializatu egin genuen hango egoera». Hainbat ekimen burutu zituzten brigadistek bertako errealitate gordina ezagutzeko; hala nola hitzaldi birak, solasaldiak edota mural pintaketak.

Denbora etsai, eta eremu handiko herrialdea aurrean izanda ere, hainbat departamendu ezagutu ahal izan zituzten;Cundinamarca, Risaralda, Cauca eta Santander dira horietako batzuk. Esperientzia «gogor» bezain «emankorra» izan zela aitortu du Arrizabalagak, eta «intentsitate handikoa». Halaber, hiriaren eta landa eremuaren arteko desorekak azpimarratu ditu: «Izugarrizko aldea dago hiritik landa eremura. Hiri handietan, gatazka ez da hainbeste ikusten, baina landa eremuetan oso agerikoa da. Finean, gatazka bera, lurraren banaketan dago, eta landa eremuetan areagotu egiten zen presentzia militarra, baita borroka guneak ere».

Itunaren xehetasunak

Hainbat gai biltzen ditu FARCek eta Kolonbiako Estatuak adostutako bake akordioak; nagusiak, lurrak, droga trafikoa, biktimak, justizia eta armagabetzea dira. Puntu horiek guztiak betetzetik urrun da, ordea, gobernua, etaazkenaldian, egoera are gehiago katramilatuz joan da. Arrizabalagaren arabera, lurraren banaketa ezean oinarritzen da gatazka: «Gordina da egoera. Lurraren banaketan dago arazoa, eta gobernuak ez ditu behar diren erreminta eta tresnak eskaintzen. Nekazariek ez dute lurrik lantzeko. Horren ondorioz, landaketa legez kanpokoetara joz, diru azkarra lortzea da joera. Militarren presentzia uneorokoa da: hilketak, bahiketak eta mehatxuak etengabeak dira. Eguneroko ogia da. Errealitate bat da, eta ezin da ukatu».

Bake akordioak, besteak beste, legez kanpoko ekonomien egoera konpontzea aurreikusten zuen, koka salerosketarekin zerikusia zutenak bereziki. Halaber, giza eskubideak defendatzen dituen Cisca elkarteko kideak jakinarazi zuen, koka «porrot egindako» nekazaritza politikoaren ondorio zuzena dela. Horrez gain, «mundu horretan» paramilitarren esku hartzea «handia» dela dio Arrizabalagak. Arazoa iraultzea zen akordioaren oinarrizko helburuetako bat, baina irtenbideak ez dira oraindik iritsi.

Indarkeria

Funtsean, Kolonbian fikzioa da gatazka osteaz hitz egitea. Estatuak operazio gogorrak egiten segitzen du, eta lider sozialen hilketa, eraso eta mehatxuek jarraitzen dute. Urtea hasi zenetik hogei lider eta gerrillari ohi baino gehiago hil dituztela salatu du Arrizabalagak: «Kopuruak beldurgarriak dira». Ez hori bakarrik. Hilketez gain, egunero izaten dira bahiketak, eta etengabekoak dira mehatxuak, «ez bakarrik lider sozialen kontra, baita beraien ingurukoen eta familiakoen aurka ere». Herrialdean bizi den tentsioaren erakusle da FARC-EPko gerrillari ohi batzuek berriro armak hartu izana.

Trantsizio guneak bisitatzeko aukera ere izan zuten Askapeneko kideek; FARCeko gerrillariak daude bertan kontzentratuta, birgizarteratze proiektuan. Hasieran, aldi baterako espazioak ziren, baina bere horretan jarraitzen dute. «Beste errealitate bat da. Kasu askotan, ez dira leku seguruak. Gobernuak konpromisoak hartu zituen proiektu berrietarako, baina produkziorako eskaini zituen materialak eta tresneriak ez dira heltzen. Apur bat noraezean dago jendea», azaldu du Arrizabalagak.

Gobernuak bake hitzarmenak sistematikoki urratzeak, herritarren «atsekabea» ekarri duela ziurtatu du Askapeneko kideak. Jada, ez da geratzen akordioa sinatu ondorengo «ilusioaren» arrastorik. Kolonbian herria zutitzea ekarri zuen horrek. Ivan Duqueren gobernuak erreforma ekonomikoak bultzatu, eta pentsioak eta gutxieneko soldatak murriztu asmo izatearen zurrumurruek piztu zuten sua, eta kaleak bete zituzten manifestariek azaro amaieran. Hainbat aldarrikapen egin zituzten: hala nola pentsioak eta gutxieneko soldatak igotzea, hezkuntza inbertsioak egitea, eta FARCekin hitzartutako akordioa betetzea. Distantziatik bizi dute orain Askapeneko kideek Kolonbiako egoera, eta hori ez dela «erraza» nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.