Eten da Hernaniren haria

Hernani ez da uretan izango udan. Ia urtero larri osatu izan du emakumezkoen trainerua, eta, aurten ere antzera ibili behar zuenez, ez ateratzea erabaki du.

Hernaniko arraunlariak, Maialen trainerua lehorreratzen, 2017ko Kontxako Banderako lehen jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Maialen traineru berdea ez da uretan izango aurtengo udan. Gainontzeko taldeak lehiatzeko moduan badira, alboan ez dute izango Maialen. Eten egin da Hernani kostaldeko arraun herriekin lotzen zuen haria. Eten egin behar zuelako noizbait, ziurrenik. Lehenago edo geroago. Izan ere, bost denboraldiz lehiatu dira Hernaniko emakumezko arraunlariak traineru sasoian, bandera bat irabaziz 2017an, eta azken bietan, justu-justuan osatu dute trainerua.

Urteetako nekea dago erabakiaren atzean, Ainhitze Kalonje arraunlariak azaldu duenez: «Ohartu gara beste urte batez trainerua osatzeko estutasunekin ibili behar genuela, eta, berriz horrela ibiltzeko prest ez gaudenez, lehorrean geratzea erabaki dugu». Arraunlarien hautua izan da, eta zuzendaritzak babestua. Kalonje bera klubeko agintari multzoko kideetako bat ere bada, eta babes horren atzean zer dagoen kontatu du: «Neskek ez badute nahi, zuzendaritzak ez ditu behartuko».

Erabaki gordin hori hartu badute ere, prestakuntza hasi zenean eta neguan barrena uste zuten aspaldiko lasaien ibiliko zirela udara bidean, nahikoa arraunlarirekin. Baina, azkenean, hankaz gora joan zaie dena: «Taldetxoa osatuta geneukan, eta etxekoekin, gainera. Baina bidean pare bat falta izan genituen ikasketengatik eta lanagatik. Hala ere, martxo hasieran beste martxa bat hartzera gindoazen, beste talde batzuetatik utzitako arraunlariekin, eta uste genuen modu onean osatuko ginela. Baina etxeko arraunlarien artean izan dira azkeneko hutsuneak, eta hor joan zaigu dena».

Arraunlari kopuru eskasak ez ezik, «kalitatea» ere eragile izan dela dio: «Oso talde gazte eta berria ginen, eta azken unean aukera izango genuen, agian, kanpotik ekarritako arraunlariekin uretan izateko, baina erreta gaude aurreko urteetan bezala ibili beharrarekin, eta, horrela segitzeko, uztea da hoberena».

Entrenatzaileak daki inork baino hobeto aurreko urteetan nola ibili diren. Xabi Zabalak laugarren denboraldia zuen taldean, eta hark kontatu du adibide on batekin zer izaten zen Hernaniren prestakuntza aurreko urteetan: «Orain arraunlariak trainerua uretara bota ezinda daude koronabirusagatik. Bada, gu horrela egoten ginen neguan eta udaberrian, eta urteren batean, liga hasi aurreko astean osatu genuen traineru osoa, elkarrekin aurreneko aldiz uretan entrenatzeko». Bat egin du erabakia azaltzeko orduan Kalonjek esandakoarekin : «Egoera hauek bizitzeaz erreta daude etxeko arraunlariak, eta denon artean erabaki dugu uztea».

«Hausnartzeko ona, agian»

Trainerua lehorrean laga eta gero, ez da erraza izaten berriz ere uretan jartzea, baina uste dute erabakiak izan dezakeela eragin onik datorren urtera begira. «Hausnarketarako sei hilabete izanda, agian, beste indar batekin hasiko gara irailean. Hausnarketa egingo dugu zuzendaritzan, eta sei hilabete dauzkagu iraila baino lehen datorren urtera begira beste bultzada bat emateko gaiari, gogotsu. Inflexio urtea izan daiteke», esan du Kalonjek. Antzeko gogoeta egin du Zabalak: «Uste dut fase bat bukatu dela, eta klubari ongi etorriko zaio gauzak denborarekin egiteko. Bestela, irailean denboraldia bukatu eta berehala datorren denboraldia prestatzen hastea nekeza egin izan zaigu urtero. Orain, lasaitasuna izango da, eta, agian, onerako izan daiteke hori».

Birsortuko bada, egitasmo berriak ezinbestean beharko du arraunlarien bultzada, eta horri heldu dio Zabalak: «Badakit neska batzuk segitzeko prest daudela, baina beste zerbait ere behar da, beste sendotasun bat nesken partetik. Kalonjek Hernaniren kokalekuari ere begiratu dio, eta badaki ez dutela aldeko: «Ez da itsaslekua, eta ez gara herri arraunzalea. Gainera, traineruan entrenatzeko herritik kanpo joan behar izaten dugu, eta kluba ere ez dago herrian. Zaila da arraunlariak erakartzea».

Herrian ikusgarri bihurtzeko uretan ibili behar ezinbestean, eta aurten ez zaie ikusiko. Galera izango da hori etorkizun berriari ekiteko garaian, baina gutxienik, ikusi dute klubean ikusgarritasuna ere lor litekeela: «Kontxako Banderarako bi aldiz segidan sailkatu ginen, 2016an eta 2017an, eta horrek eman zigun aukera herrian ezagutarazteko. Orduan jakin zuten hainbat herritarrek badutela arraun elkarte bat herrian. Bertako emakumezkoen talde bat telebistan ateratzea positiboa izan zen».

Hernaniko arraunlari batzuk beste talderen batean ariko diren edo ez udan, horra oraingo galdera. Kalonjek onartu du jaso dituztela deiak: «Deitu digute beste talde batzuetatik, eta agian, ikusiko dugu gure arraunlariren bat beste talderen batean». Zabalak onartu du «arraun gosez» dela: «Gauden bezala gaude arraun munduan, geratuta, eta ikusi egin beharko da entrenatzen jarraitzeko aukeraren bat sortzen zaidan».

Hernaniren egoera ez da kasu bakana arraunaren munduan. ETE Emakumezkoen Traineruen Elkarteko ligan bederatzi talde dira ateratzekoak [iaz, 11 izan ziren]. Kalonjek gogoeta hau egin du:«Pare bat taldek arraunlari asko edukitzeak ez du esan nahi besteok berdin gabiltzanik. Nesketan erraza da arrauna uztea, ez dugulako pizgarri ekonomikorik. Dirua galtzen dugu askotan». Zabalaren ustez, «oinarri sendoa falta da, ez baitago nahikoa arraunlaririk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.