Frantziako Tourra

Arindu handia hartu dute

Bennettek irabazi du Tourreko hamargarren etapa, esprintean Ewani eta Sagani nagusituta. Ziklista guztiek gainditu dute PCR proba. Prudhomme zuzendariak positibo eman du

Arindu handia hartu dute.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Lasaitasun hasperenak entzun ziren atzo Frantziako Tourrean. Hasteko, tropel osoak ekin ahal izan zion hamargarren etapari, PCR probak gainditu ostean. Eta, behin etapa bukatuta, bestelako zama bat kendu zuen gainetik Sam Bennettek (Deceuninck). Azkarrena izan zen esprinterren artean, eta, hala, bere lehen garaipena lortu zuen Tourrean. Liderrek ere lasaitu handia hartu zuten, gorabehera handirik izan gabe iritsi baitziren helmugara. Etapa urduria izan zen, haizearen mehatxuaren ondorioz, baina apenas izan zen etenik. Hala, sailkapen nagusiak bere hartan jarraitzen du, lehen postuan Primoz Roglic dela (Jumbo Visma).

Benetako tentsioa etapa hasi aurretik arnastu zen. Ziklistei PCR probak egin zizkieten herenegun, atseden eguna zela baliatuz, eta emaitzak atzo goizean ziren jakitekoak. Bada, denek eman zuten negatibo. Guztira 841 proba egin ziren, eta soilik Ineos, Mitchelton, Cofidis eta AG2R taldeetako lau langilek eman zuten positibo; baita Tourreko zuzendari Christian Prudhommek ere. Ez da segurtasun burbuilaren barruan egon; beraz, ez du kontakturik izan ziklistekin eta haien inguruarekin. Gutxienez astebete eman beharko du lasterketatik at.

Abiatu zen etapa, baina kirioek dantzan jarraitzen zuten. Ibilbide erabat laua zuen Oleron eta Re irlak lotzen zituen ibilbideak, baina haizegune dezente zituen; txikizioa eragiteko adinakoak. Saihetseko haizearen beldur ziren taldeak, eta, badaezpada, erritmo bizia jarri zuten hasieratik. Haize babesak edonoiz sor zitezkeen. Bada, helmugatik ehun kilometrora piztu zen sua, Deceuninckek egindako estutuarekin. Ez zen triskantzarik izan, baina tropelaren abiadurak izan zuen ondoriorik: ezerezean gelditu zen Michael Scharrek (CCC) eta Stefan Kungek (Groupama) etapa hasi eta berehala osaturiko ihesaldia. Bestelako baldintzetan urruti iristeko moduko bikotea zen, baina, atzo, bi minutu baten aldea ere ez zieten utzi.

Gauzak baretu egin ziren gero, haizeak indarra galdu eta norabidez aldatzearekin batera. Alta, tentsioa ez zen erabat desagertu, eta eroriko jendetsua izan zen helmugatik 64 kilometrora. Kaltetuen artean, Tadej Pogacar (UAE) eta Guillaume Martin (Cofidis) zeuden. Esloveniarrak ia minutu erdia galdu zuen zazpigarren etapako haize babesetan, baina ez zitzaizkion mamuak berritu. Lasai kudeatu zuen egoera, eta arazorik gabe itzuli zen multzora. Geroago sartu zen Martin.

Zalaparta gutxi bukaeran

Iragarpenen arabera, haizeak gogor jo zezakeen berriro azken hogei kilometroetan. Reko irlara doan zubia zen zatirik arriskutsuena, han ez baitzegoen babesgunerik. Tropela ziztu bizian hurbildu zen, Ineosen ekimenez batez ere, eta etena izan zen atzealdean. Une horretan, beste eroriko bat izan zen urduritasunaren ondorioz, eta moztuta gelditu zen Miguel Angel Lopez (Astana). Haatik, zubian ez zen zalapartarik izan, aurrez jotzen baitzuen haizeak. Jumbo buruan jarri zen, egoera kontrolpean mantentzeko asmoz.

Amaiera espero baino lasaiagoa izan zen, eta esprintean erabaki. Sunwebek hartu zuen gidaritza azken kilometroan, baina atzean gelditu zitzaion Cees Bol. Bennett, ordea, oso ondo kokatuta iritsi zen, eta ez zuen huts egin. Irlandarrak tinko eutsi zion Caleb Ewanen oldarraldiari (Lotto Soudal). Hirugarren Peter Sagan izan zen (Bora).

Gaur aprobetxatu beharreko aukera izango dute esprinterrek, aurrerantzean ia aukerarik ez baitute izango. Gaur, laugarren mailako mendate bat baino ez dute igo beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.