Hobea izan zitekeen, baita okerragoa ere

Baskoniak hamargarren postuan amaitu du Euroligako lehen itzulia. Oso gorabeheratsuak izan dira lehen hamazazpi partidak. Gaur ekingo dio bigarren itzuliari, Moskuko CSKAren aurka

Pierria Henry Baskoniako joko antolatzailea, CSKAren aurkako partidan, lehen itzulian, Moskun. SERGEI ILNITSKY /EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Amaitu da Euroligako lehen itzulia Baskoniarentzat. Zapore gazi-gozo batekin joan dira estreinako hamazazpi partidak, denetarik egon baita. Gasteizko taldeak goiko postuetan egoteko gaitasuna erakutsi du sarri; beste partida askotan, aldiz, norabide finkorik gabe, noraezean zihoala ematen zuen. Hamargarren da sailkapenean, zortzi garaipen etabederatzi porrotekin, kanporatzeko postuetatik garaipen bakarrera.

KONSTANTETASUNA FALTA

Denboraldi arraroa da oraingo hau, aurreko sasoiekin zerikusi gutxi duena. Talde batzuei beste batzuei baino gehiago kostatu zaie txapelketan sartzea. 34 jardunaldiko liga erregularrak ezustekoak izatea baimentzen du, baina gutxi batzuk, betiere. Baskoniaren kasuan, sartu-irten konstante batean murgilduta egon da. Ez du lortu joko onari jarraitutasunik ematea, lauzpabost partida on beste hainbeste txarrekin kateatu baititu.

Txapelketaren erdialdean goia jo zuten Gasteizko taldekoek: Fenerbahce, Panathinaikos, Olympiacos eta Anadolu Efes izen handiko taldeei erreskadan irabazita. Egia da lau talde horiek ez daudela sasoi onean, baina ondo jokatu behar da haiei gailentzeko. Dinamika on horren ostean, ordea, hiru partida txar jokatu zituen, Maccabi, Zalgiris eta Bayern Munichen aurka. Hirurak galdu zituen.

ANTOLAKUNTZARIK EZA

Koronabirusak ezbaian jarri ditu Euroligak ezarritako protokolo eta hartutako erabaki guztiak, eta horren kaltetuak taldeak izan dira, ezin izan baitituzte partidak behar bezala prestatu. Hasiera batean, COVID-19 kasuengatik partida bat jokatu ezin bazen, arauak zioen partida ez zela jokatuko, eta emaitza 20 eta 0koa izango zela, talde osasuntsuaren alde. Antolakuntzak ez zuen aurreikusten partidak atzeratzea, egutegi faltagatik. Hainbeste kasu eta protestari aurre egiteko, laugarren jardunaldian, Euroligak atzera egin zuen, eta jokatu gabeko partidak beste data batzuetan jokatzea erabaki zuen.

Kaos horretan, txanponaren bi aldeak ezagutu ditu Baskoniak. Ustez partidak atzeratu ezin zirenean, jokalari gutxiagoko Khimki baten aurka jokatu zuen, eta aise irabazi. Zenitek eta Alba Berlinek arazo bera izan zuten Gasteizko talde aren aurkako partidetan, eta ez jokatzea erabaki zuten. Hasieran, Baskoniari eman zioten garaipena bi kasuetan. Azkenean, partidak beste egun batzuetan jokatu ziren, egutegia are gehiago estutuz, eta atseden hartzeko eta partida prestatzeko ia denborarik izan gabe. Aldaketek ez diote mesederik egin Baskoniari, ez baitauzka jokalari asko, eta horrek gainontzeko partidetan eragina eduki ahal izan du.

JOKALARI GUTXI

Beste taldeekin alderatuz gero, jokalari gutxi ditu Baskoniak. Batez beste, lehen zortzi postuetan egoteko lehian dauden klubak hamabost jokalariz osatutako taldeak dituzte. Khadeem Carrington-en irteerarekin, hamabi dira Dusko Ivanovicen esanetara dauden jokalariak. Horietatik guztietatik, baina, hamarrek bakarrik dute Montenegroko entrenatzailearen konfiantza. Errotazio laburra du Arabako taldeak Euroliga bezalako txapelketa baterako. Horrek minutu asko jokatzera behartzen ditu hainbat jokalari.

Tornike Xengeliak itzal luzea utzi du Gasteizen. Georgiakoa zen taldearen liderra, bai kantxa barruan, baita kanpoan ere. Hutsune handia utzi zuen, eta oraindik asko falta zaio taldeari zulo hori betetzeko. Luca Vildoza, aurreko denboraldiko ACB ligako finalean jokalari onena izendatua izan zena, Buesa Arena pabiloiko aginte makila hartzeko aukeratua zen. Joko antolatzaile argentinarrak ez ditu bete harengan jarritako aurreikuspenak, eta taldeak haren falta sumatu du lehen itzuliko hainbat partidatan.

Pierria Henryk eta Achille Polonarak atera dituzte babak eltzetik. Pauso bat aurrera eman, eta taldeko lider bihurtu dira. Biek ala biek bikain bete dute lehen hamazazpi jardunaldietan teknikariak eskatutakoa.

ETXEKO LANAK

Zalerik gabe ezer gutxi balio du kantxa faktoreak. Baskoniak, partida batzuetan izan bada ere,izan ditu zale batzuk harmailetan. Halere, pabiloian 15.000 edo 600 zale izatea ez da gauza bera. Lehen gotorlekuak zirenak, zalerik gabe ez dira hain menderaezinak. Esaterako, talde gasteiztarrak Pireoan, Olympiacosen etxean, irabaztea lortu zuen, porrotez betetako hamahiru urteko bolada bati amaiera emanez.

Buesa Arenan gauzak ez dira espero bezala joan: bederatzi partidetatik bost irabazi ditu, eta lau galdu. Irabazi beharreko partida askok alde egin diote. Bartzelonaren aurka, lau minutu baino gutxiagoren faltan, 10 gora zen, eta katalanek markagailua irauli eta partida irabazi zuten puntu bakar batengatik. Asvelen kontra ezin izan zuen garaipena eskuratu. Etxean sendo ibili beharko dute Ivanovicenak bigarren itzulian, lehen zortzien artean sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.