«Dagokionari: eta gu?»

Kirolari, jalgi zaitez plazara, eta jokatu. Pandemiari aurre egiteko behar besteko neurririk gabe bada ere. Horrela dabiltza asko, eta entzun ditzaten eskatzen ari dira.

Super Amara Bera Berako entrenatzaileak eta hainbat jokalari Lanzaroteren aurkako partidan, aurreko larunbatean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Jokatzen ari dira kirolariak, pandemia betean egon arren. Zelaietan edo pistetan azaltzen direnean, telebistari begira dagoenak jakintzat jo dezake COVID-19ari aurre egiteko hartu beharreko neurri guztiak hartuta ariko direla. Baina ez da horrela hainbat kirol, kirolari eta lehiaketaren kasuan, eta, horregatik, aldarrikapenak zabaltzen dituzte tarteka. Batzuen kasuan, sasoi hasieratik, emakumezkoen futbolaren eta eskubaloiaren kasuan bezala. Badira ia bost hilabete lehiatzen hasi zirela, eta egun hauetan eman dira aurrerapauso batzuk Espainiako federazioen partetik.

Esate baterako, otsailaren 2ko data du eskubaloi federazioaren oharrak, eta honela dio izenburuak: COVID-19a atzemateko testak egiteko obligazioa. Emakumezkoen Ohorezko Mailari eta gizonezkoen Ohorezko B Mailari zuzendutako agindua da. Orain arte aholkua zena betebehar bilakatu dute, baina aldatu ez dena testen kostuaren arduraduna da: klubek jarraitu beharko dute ordaintzen. Orain arte horrela izan da, eta ez du ematen aldatuko denik. Super Amara Bera Berak 8.000 eurotik gora jarri ditu dagoeneko zeregin horretan. Adibide bat baino ez da.

Talde horretako kapitaina da Alba Menendez (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). Kexu da orain arte protokolo finkorik egon ez izanaz: «Partidetara joateko bai, maskara jantzia izatea eta abar. Baina testetan, gauza zehatzik ez da izan». Jokalariak ez dira geldirik egon, eta, eskaeren artean, honakoa egin diote federazioari:«Testak federazioak ordaintzeko eskatzen dugu, klubei laguntzeko». Antigeno probak tarteka egin izan dituzte, ez modu jarraian. Herenegundik, federazioak derrigortu egingo du antigeno testak egitera partida baino bi egun lehenago. Menendezek garbi dauka klubak ari direla berea egiten, baina federazioaren laguntza behar dutela: «Federazioak diruz lagunduta, errazago izango da partida gutxiago atzeratzea. Izan ere, azkenaldian, positibo kasuak ugaritu egin dira». Horrek partidak atzeratzea ekartzen du, lehiaketaren ohiko martxari bete-betean eraginez. Bera Berari, hala ere, ez zaio horrelakorik tokatu oraingoz: «Guri ez digu eragin, baina ez da gozoa izango partida aste osoan prestatzen ibili eta ez jokatzea».

Protokoloarekin bueltaka dabiltzan besteak emakumezko futbolariak dira, Lehen Mailakoak. Federazioari eskatu berri diote gomendioak betebehar izendatzeko, eta herenegun bildu zen erakunde hori klubekin. Jokalarien eskaera mahai gainean eta aztergai izan zutela jakinarazi zuen gero federazioak. Liga horretan ere, makina bat partida daude atzeratuta pandemiaren eraginez, eta eragile guztien nahia da egutegia betetzea. Gaur-gaurkoz, partiden %88,3 jokatu dituzte.

Garazi Murua (Getxo, Bizkaia, 1995) Athleticeko kapitainetako bat da. Oraintxe egon da taldea etxean hamar egunez konfinatuta, Ainhoa Morazak positibo eman zuelako. Ondorioz, bi partida geratu zaizkio taldeari jokatu gabe. Futbolaren kasuan, azkar batean sortzen da galdera: zergatik hainbesteko ezberdintasunak gizonezkoen eliteko mailen eta emakumezkoen Lehen Mailaren artean protokoloan eta beste? «Protokoloak ezberdinak dira: haiena Ligarena da, eta gurea, federazioak egindakoa. Hasieratik arduratu izan gara protokoloarekin, eta liga hasi zenean testik ere ez genuen; gero, antigeno testak atera zituztenean, derrigorrezko arau gisa jarri zen, baina, hala ere, probak diagnosirako testak dira». Muruak gauza gehiago eskatu ditu: «Bestelako neurri prebentiborik ez daukagu, mutilek dituztenak bezalakoak: autobus ezberdinetan joateko aukera, logeletan banatuta egoteko modua eta abar. Gomendioak dira gurean, ez aginduak, eta, azkenean, pandemia gure artean dagoenez, inork ez baditu neurri horien gastuak hartzen, guk gure osasunarekin asumitu behar dugu hori». Jokalarien aldarrikapena nondik nora doan azaldu du, zer duenmamian: «Aldarrikatzen dugu protokolo zorrotzago batekin gure osasuna hobeto bermatuko litzatekeela. Halaber, gauzak behar bezala eginda, ligaren ohiko dinamikari eusteko modua izatea eskatzen dugu».

Eskubaloian hemendik aurrera izango duten betebeharra, antigeno testak egitea, saskibaloian badaukate ezarrita, baina, emakumezkoen Ohorezko Mailako talde batean protokoloaz galdetuta, erantzuna barre egitea izan da, esanez bezala «zer protokolo eta zer arraio». Hori aski ez, eta klubak beraiek ari dira ordaintzen testak. Horretaz guztiaz aritu da Araskiko Laura Pardo kapitaina (Gasteiz, 1989):«Probak egunero egingo balizkigute, errazago atzemango ziren kasuak, baina ez kirolean bakarrik, baita gizarte osoan ere, esparru guztietan. Testak kluben kontura ari dira egiten. Federazioak hasieran jarri zuen dirua. Dirurik ez dago federazioetan? Ez dakit. Talde asko eta jokalari asko gara, eta, gurea ordaintzen hasten bada, beste askorena ere badu ordaintzeko. Baina uste dut diru laguntza handiagoa eman zezakeela».

Beste kalte batzuk

Kirolariei begira dagoenak ziurrenik ez du antzemango ezberdintasunik jokalarien jardunean: ohikoa egiten ari dira, jokatzen, dakitena egiten. Betikoak dira, baina ez daude beti bezala, hala ere. Pandemiaren eragina protokoloez harago ere badoakielako. Menendezek bat aipatu du: «Nola taldekideek osatzen dugun burbuila, ezin dugu eskubaloia burutik kendu, eta behar izaten da horrelako zerbait». Pardo Gasteizkoak ez diren taldekideekin gogoratu da: «Guk aukera dugu etxekoekin egoteko, neurriak hartuta. Baina kanpotarrek ez, eta haien egun bateko agenda etxea eta entrenamendua baino ez dira, familiagandik urrun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.